euskal diaspora eta kultura
2015/04/08
Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxeak aurrera darrai bere jarduerekin eta azken asteotan euskara ikasle talde berri bat gehitu du bere ikastaroetara. Horrez gain, elkartea "Morra.com" izeneko filmaren estrenaldian izan zen, bertan parte hartu duten bazkideei sostengua ematen. Zuzendaria, Valter Lopes, elkarteko kide eta aspaldiko laguna da, eta filmean aritu dira ere Pedro Duarte eta Sonia Ferreira bazkideak.
2015/04/07
Euskal literaturak hartuko du Bartzelona datozen asteetan, Euskal Etxeak antolatu duen Literaldia jaialdiari esker. Bihar bertan hasiko da, trikifesta batekin, eta maiatzaren 9a bitartean Euskal Herriko literatura munduak eman duen uztarik berriena ekarriko du Kataluniako hiriburura. Bernardo Atxaga eta Manuel Rivas, Fermin Muguruza "Black is Beltza" komikiarekin, Sarrionandiaren testuak... makina bat aukera euskal literaturarekin gozatzeko.
2015/04/07
Lehiaketaren hirugarren edizioa da aurtengoa eta berezia, dudarik gabe, erakundearen 120. urteurren Kultur Programari hasiera ematen diolako. Urtean zehar, gainera, hitzaldiak, bilerak, topaketak, eta nola ez, Moreno kaleko etxean jadanik klasikoak diren Ipar Euskal Herriko festak ospatuko dira. Bere 120. urteurreneko ekitaldiari dagokionez, gaur arratsaldean ospatuko du elkarteak, Moreno kaleko bere egoitzan, bazkide eta lagunekin.
2015/04/07
Eder Montero bilbotarrak eta jatorri argentinarra duen Alex Raij estatubatuarrak duela zazpi urte zabaldu zuten Txikito jatetxea New Yorkeko bihotzean. Hasieratik saiatu izan dira jende berria erakartzen, eguneroko bazkari eta afariak zerbitzatzeaz gain, ekitaldi bereziak antolatuaz. Eta horixe egin berri dute 60 bat lagun bilduz euskal jantokira, Euskal Herriko sagardotegi afari batez gozatzeko intentzioarekin. “Erabat murgildu ginen euskal kulturan, bazkari, musika, bideo, musika eta abarrei esker”, azaldu dio Monterok EuskalKultura.com-i.
2015/04/03
Aberri Eguneko mezuak iritsi zaizkio EuskalKultura.com-i Diaspora haintzakotzat harturik. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hautetsiak biltzen dituen Udalbiltza erakunde nazionalak adierazi digunez, elkarteko buru den Mertxe Aizpurua Diasporako euskaldunei zuzendu zaie bideoz Aberri Eguna dela-eta, ospakizun honekin bat egitea deituz "nonahi daudela ere". Bestalde, FEVAk eta munduko beste hainbat euskal elkartek mezu edo deiak plazaratu dituzte, ilusioz eta gogoz parte hartzera deituz.
2015/04/02
Diasporarentzat eta Diasporarekin eginiko irratsaioa da "8 Herrialdeak Zuzenean", eta mundu osoko entzuleengana heltzen da, internet bidez. Benoit Etcheverry eta Robert Acheritogaray dira saioko esatariak, eta lau hizkuntza erabiltzen dituzte: euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania. Igandean egingo da hil honetako saioa, adi egon!
2015/04/01
Urtero legez, Diasporako euskaldunek Aberri Eguna ospatuko dute aurki, batzuk asteburu honetan bertan, eta beste batzuk datozen asteetan. Festa hau oso garrantzitsua izan da beti Euskal Etxeetako bazkideentzat eta urteko bilerarik nagusienetakoa da elkarte askotan. Jarraian, munduan zehar egingo diren Aberri Eguneko ospakizunen zerrenda.
2015/04/01
Nahiz eta berez ospakizun eguna datorren igandea den, Mendozako euskal etxeak astebete aurreratu du jaiaren programa, ahalik eta lagun gehienekin ospatu ahal izateko. Joan den larunbat eta igandez, asteburu osoko egitarauaren baitan, zine eta hitzaldiak eskaintzeaz gain, pilotalekua eta Independentzia Plazako ‘Euskal Belardia’ inauguratu zuen euskal gizatalde cuyotarrak.
2015/03/31
Igandean amaitu zen Korrika 19, Bilbon euskararen aldeko lasterketari harrera egin zion jendetza itzelarekin. Aurtengoa inoiz izan den Korrikarik jendetsuena izan, AEKko antolatzaileen esantean, eta Diasporan ere, inoiz baino leku gehiagotara heldu da Korrikaren mezua. Asteburuan, esaterako, lasterketak egin ziren Mexiko DFn, Valparaison, Valentzian, Montrealen eta Marsellan. Jarraian, bideo eta argazki sorta.
2015/03/31
Diasporako beste hainbat tokitan bezala, egun batzuk aurreratu zen 19. Korrikaren hasiera Argentinan eta lekukoa Urepeletik atera aurretik abiatu zen. Bukatu ere ez zen Bilbon bukatu zen momentu berean amaitu; izan ere, igande arratsaldez egin zen azken ekitaldia, Villa Marian. Hori baino lehen, Euskal Echea eskolaren bi egoitzetan eta La Platan ere ospatu zuten euskaltzaleek. Argazkiak eta bideoa, artikulu honetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus