euskal diaspora eta kultura

2015/09/28
"Atzo, Gaur eta Beti" lelopean, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak kulturaren transmisioa eta, batez ere, Ameriketara joan ziren emakumeen lana arlo horretan, goraipatuko ditu bere Urteroko Festan. Jaia Beran egingo da urriaren 3an eta bertara bilduko dira elkarteko artzain ohiak eta euren familiak, nafarrak gehienak. Bestalde, aipatu Nafarroa Behereko artzain amerikanoen festa igandean egingo dela, Luhusoko trinketean.
2015/09/25
Larunbatean zehar iristen joan, igandean lehenengo itzuli bat eman Bilbon eta Gasteizen eta datorren astelehenean hasiko da Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu egitasmoaren 2015ko edizioa, munduko euskal etxeetako hamabost gazte partaide. Hautatutakoak astebete pasatuxeko formakuntza hartuko dute kultur proiektuen kudeaketa arloan eta urriaren asteartean Euskal Gizataldeen 6. Mundu Batzarrarekin bat egingo dute, partaide ahostun baina bozkagabe, hori herrialde bakoitzeko ordezkariei baitagokie.
2015/09/25
Arrakasta handia izan du Tandilgo euskal etxean ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketak. Izan ere euskal etxeko jende ugari eta baita eskoletako ikasleak ere bertaratu dira Gure Etxea-ra euskaldunen hizkuntzaz gehiago ezagutzeko. Biraren bigarren geldialdia Tres Arroyosen izango da, datorren asteartetik urriaren 5era arte, eta horren ostean Azulen, Cnel. Pringlesen eta Macachinen jarriko da ikusgai. Azaroaren erdialdera Buenos Airesera bueltatuko da ENEren ospakizunetan egoteko.
2015/09/25
Utah-ko Euskal Etxea arrakastaz izan zen partaide joan den igandean Salt Lake City-n, bertan famatua den Carmelite Fair delako azokan. Ekitaldiak jende asko biltzen du urtero eta programan inguru zabal bateko kultura eta nazioetako talde eta komunitateak aritzen dira, bakoitza bere dantzak, janaria eta kulturaren berezitasunak agertzen, ekimenetik ateratako dirua bertako lekaime karmeldarrek daramaten lan sozial eta erlijiosoarentzat delarik, azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko kide Larry Osorok
2015/09/24
Behin bakarrik izana da Carlos Gabilondo fisikoki Euskal Herrian, 2006an, baina bere eguneroko martxa argentinarra euskaltzaletasunak lagunduta bizi du. Orain mende t'erdi pasexe Eibarko baserria utzi eta argentinaratu zen euskaldun baten berbiloba den honek 65 urte dauzka eta Argentina osoan dabil, jatorri italiarreko emazte Norma lagun, euskal zinema saioak eskaintzen hamaika euskal etxe eta elkartetan. "Nire harri koskorra jartzeko modua dut", aitortu dio EuskalKultura.com-i.
2015/09/24
Larunbat honetan Mendata (Bizkaia) Far Westeko herri bihurtuko da; rodeo, country dantzaldi eta karrokanpo desfile eta guzti. Herriak omenaldia egingo die Ameriketara artzain joan zirenei eta horretarako egitarau berezia prestatu du bere Euskal Jaiaren barruan. Gontzal Mendibil kantariak eta Kupela taldeak musika jarriko dute eta Julian Iantzi aurkezle lanetan ariko da.
2015/09/24
Emigrante eta errefuxiatuen krisia puri-purian dagoela, Europako Migrazio Erakundeen Elkarteak (AEMIk) bere urteroko bilkura eta mintegia hasiko du gaur Turinen, Italian. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, Turinen da Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Gaur eta bihar mintegia egingo da eta larunbatean bilera.
2015/09/24
Lan handiko egunak ari dira bizitzen Paranako Urrundik elkarteko dantzariak irail honetan; izan ere haiek dira hiri argentinar honetako euskal dantzen enbaxadoreak eta hainbat jaialditatik gonbidatzen dituzte Euskal Herriaren ordezkari. Euskal etxeak berak antolatutako ikuskizunak ere badituzte paranatarrek; eta urtero bezala aurten ere izan zuten euren Dantzaldia, hiriko 3 de Febrero Antzokian, adin guztietako dantzariak partaide, hiriburu entrerriostarrean.
2015/09/23
Irisarri, Irizarri, Hirisarri, Yrisarri… urteen bueltan aldaketa asko izan ditu abizenak, baina denek ala denek jatorri berbera dute. Larunbat honetan, Irisarri abizena duen edonork hitzordua du Igantziko Irisarri Jauregian. Bertan, abizen honen bilkura egingo da, eta izen bereko jauregia ezagutu ahalko dute. Horrez gain, abizenari buruzko hitzaldi bat emango dute eta bazkaria egingo da. Izena emateko epea bihar itxiko da.
2015/09/23
2016ko Apirilaren 26an aterako da Argentinatik Saladilloko lagunek osatutako taldea bi astetan zehar Euskal Herriko leku esanguratsuenak ezagutzeko. Hiri eta herriak bisitatzeaz gain, euskal kulturan ere murgilduko dira bidaiariak, gastronomia, festak eta herri kultura eta kirolen mundua ezagutuz. Erreserbak egiteko epea azaroaren 15eraino luzatuko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus