euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tres Arroyos eta Azul bisitaturik, ‘Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa larunbatera arte Coronel Pringles-en

2015/10/22

‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltaria Buenos Aires probintziako Azul herrian.

Macachinerako bidean, Buenos Aires probintziako hainbat hiritako euskal etxeek jaso dute azken bolada honetan Argentinan Euskaraz 25. urteurrena kari, eta HABE eta FEVAren laguntzaz, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak prestatutako ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa. Aste honetan Cnel. Pringleseko Kultur Etxean ikusi ahal izango da, Eusko Biltzar euskal etxea babesle. 

Gehiago irakurri...


Liburu berria Argentinan euskal emigrazioaz, "Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra" (sic) azpititulupean

2015/10/21

“Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra” liburuaren azala. Liburua gaztelaniaz bada ere, euskarari presentzia eman  nahi izan diote egileek azalean.

Datorren astean aurkeztuko dute Juan Carlos eta Juan Pedro Zubieta Oria anaia euskal-argentinarrek, titulua gaztelaniaz "Los Vascos y la estancia curuzucuatieña" eta azpititulua euskaraz duela --“Euskaldunak eta estantzia curuzucuatiarra”-- argitaratu duten liburua. Corrientes probintzia argentinarrean dago Curuzú Cuatiá herria eta bertako euskal ondarea gordetzearren idatzi dute, bertako euskal ondorengoei zuzenduta, bereziki. Datorren astean aurkeztuko dute Corrientes hiriburuan eta hurrengoan Curuzu Cuatian. Moglia argitaletxeak kaleratu du.

Gehiago irakurri...


New Yorkeko Euzko Etxeak euskal herritartasun arragoa aldarrikatu zuen bere lehen Aniztasunaren Asteburuan

2015/10/21

Jendetza bildu ez bazen ere, pozarren agertu ziren antolatzaileak lehen edizioarekin (Argazkia: Koitz)

Urriko bigarren asteburuan, 9tik 11ra, lehendabiziko Aniztasunaren Asteburua antolatu zuen New Yorkeko Euzko Etxeak. Gayaldi festibalaren eboluziotzat har daitekeen jaialdi honek euskal herritar izateko definizio bakarra ez dagoela aldarrikatu nahi du, Aitzol Azurtza antolatzaileak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Ospakizunez eta festaz aparte, ekintza kulturalak ere hartu zituen barne hiru eguneko programak.

Gehiago irakurri...


Ipar Amerikan euskara ikasi nahi duzu? Hemen duzu euskal etxeetako euskara ikastaroen zerrenda

2015/10/21

Boisen bildu ziren 2015eko maiatzean Ipar Amerikako euskara irakasleak barnetegian, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren baitan (argazkia HABE)

Hastear dira --edo hasiak dira dagoeneko-- aurtengo ikasturteko euskara eskolak Ipar Ameriketako eta Karibeko euskal etxeetan. HABEren laguntzarekin euskara ikastaroak eskaintzen dira AEBetan, Kanadan, Mexikon eta baita Kuban ere. Klaseak hasiak badira ere, ateak irekita daude oraindik izena eman eta parte hartu nahi dutenentzat. Hona hemen ikastaroak eskaintzen dituzten elkarteen zerrenda.

Gehiago irakurri...


"Oroimeneko Ikonoak": Miguel Marina erbesteko margolariaren erakusketa inauguratuko dute bihar Bilbon

2015/10/20

Miguel Marina margolaria

"40 urte baino gehiago egin ditut hanka bakoitza ozeanoaren alde batean nuela, baina nire oroimena beti itzultzen da Euskal Herriko mendi berdeetara, eta abestietara...", idatzi zuen Miguel Marinak bere azken urteetan. 1936ko gerraren ostean Frantzian, Venezuela, Dominikar Errepublikan eta AEBetan erbesteratua, deserriratuen esperientzia eta samina nabari dira Marinaren artean. Bihar bere lanari eskainitako erakusketa inauguratuko da Bilbon.

Gehiago irakurri...


Sagardotegi arrakastatsua egin dute Boisen, Oinkariko dantzarien Euskadirako bidaiaren lagungarri

2015/10/20

Sagardotegi afari berezi hauek arrakasta handia dute boisetarren artean; geroz eta jende gehiago batzen baitoa tradizio honetara (Argazkia: Oinkari)

Urtean behin antolatzen duten Sagardotegi Gauaz gozatu ahal izan dute Boiseko euskaldunek pasa den urriaren 3an. 190 bat lagun bildu ziren, beste urte batez, Jesus Alcelay sukaldariak prestatutako otordura. “Lagun, laguntzaile eta euskal sukaldaritzan ikono dugu Jesus”, esan dio EuskalKultura.com-i Lael Uberuagak, Oinkari Dantza taldeko bozemaileak. “Ederra izan zen gaua, oso arrakastatsua”. Sagardoa Astigarragatik etorri zen zuzenean Bereziartua ekoizleak ekarria.

Gehiago irakurri...


Mendozako Euskal Etxeko ‘Horma Bat’ pilota lekua, Nazioarteko Esku Huskako Txapelketa baten egoitza

2015/10/20

Euskal etxeko trinketean, pilotariak eta Denak Bateko kideak, tartean Alicia Aguirre eta Cecilia Belaunzaran irakasleak

Esku pilota lehiaketa ireki bat jokatu da Mendoza hirian, bertako hiru elkarte antolatzaile. One Wall (Frontball) modalitateari dagokionez, Euskal Etxean urte hasieran inauguratu zen ‘Horma Bat’ izeneko pilota lekuan izan ziren partidak Mendozako, Paranako eta Ekuadorreko kirolariak partaide. Irabazleak, diziplina honen bultzatzaile diren Leandro Rodriguez eta Adrian Astorga mendozatarrak. 

Gehiago irakurri...


Hona Argentinako 2015eko Euskal Astearen behin betiko programa; gaur, voucherrak erosteko azken eguna

2015/10/19

2015eko Euskal Aste Nazionalaren logotipoa

Astebete falta Macachingo Euskal Aste Nazionala hasteko. Eta gaur bukatuko da Euskal Asterako voucherrak erosteko epea. Euzko Alkartasuna-tik datuak bidaltzea eskatzen diete parte hartu nahi eta orain arte eskaera egin ez dutenei. Nobedadeen arten, macachindarrek euskal etxeetako danbor jotzaileak larunbateko danborradan jotzeko gonbidatzen dituzte. Eta datozen lerroetan, 2015eko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren behin betiko programa. 

Gehiago irakurri...


“Euskal kantuak beti oroitarazten du nundik heldu giren”, dio Beñat Castet Goraki abesbatzako lehendakariak

2015/10/19

Donibane Lohizuneko abesbatzak Turkia eta Egipton aritu izanagatik, ez du inoiz Ameriketako Estatu Batuetan kontzertutik eman (Argazkia: Goraki)

Heldu den ostegunean, Donibane Lohizuneko Goraki abesbatzak emanaldia eskainiko du Bakersfield-en (Kalifornia, AEB), taldearen berrogeigarren urtemuga ospatzeko. Wool Growers jatetxean izango da, 18:30ean. Lehendabiziko aldiz abestuko dute lapurtarrek Ameriketan eta bozkarioz dira Oeste urrutiko euskaldunekin batzeko izango duten aukeragatik, Koraleko lehendakariak EuskalKultura.com-i adierazi dion legez: “Bistan da (poza ematen digula), gehienek baitugu aitatxi edo amatxi ibili zena Ameriketan”.

Gehiago irakurri...


Euskararen alde lan handia egiten duen elkarteren bat ezagutzen duzu? Aurkez ezazu ENE sarira

2015/10/19

Berlingo Euskal Etxea irabazi zuen 2014ko ENE Saria. Irudian, Berlingo Euskal Etxea Korrika 17 ospatzen (argazkia Berlin EE)

ENE sarirako hautagaitzak bidaltzeko epea ireki du Eusko Ikaskuntzak eta azaroaren 27a arte hartuko ditu proposamenak. ENE saria 2006an sortu zen Diasporan euskararen alde lan egiten duten elkarteak aintzat hartzeko helburuarekin. Sariaren ezaugarri nagusietako bat da edonork proposatu ditzakeela hautagaiak. Saria merezi duen elkarteren bat ezagutzen duzu? Aurkez ezazu!

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia