euskal diaspora eta kultura
2016/06/14
Buenos Airesko Juan de Garay Fundazio euskal argentinarra eta Euskal Herriko Bask in Motion turismo agentzia hernaniarra talde-bidaia ari dira antolatzen elkarrekin. Taldea urriaren 2an aterako da Argentinatik eta bi aste igaroko ditu Euskal Herrian "bertako bazter politenak ezagutzen". Lekua erreserbatzeko 643 euroko aurrerapena egin behar dute interesatuek ekainaren 16aren, aste honetako ostegunaren, aurretik. Prezio hau tokia erreserbatzen duten lehenengo 14 pertsonentzat izango da.
2016/06/13
Asteazken honetan Magdalena Mignaburuk eta Josu Legarretak "Somos vasco-argentinos" liburua aurkeztuko dute Baionako Euskal Museoan. Urazandi bildumaren barruan argitaratu da lana eta bertan egileek Argentinako euskal komunitatearen lana aztertu dute, herrialde honetan egin diren Euskal Batzarren historia bilduz.
2016/06/13
Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaia Talent-en bidez, kanpoan dauden kualifikazio altuko ikertzaile eta profesionalak erakarri eta atzera lotzeko networking profesional zerbitzuaren baitan kokatzen da. Orain arte 340 bat profesional eta 37 enpresa izan dira partaide Be Basque Talent Conferences delakoetan, Bizkaia:talent-ek Munich, Bartzelona, Stuttgart, Hannover, Tolosa, Amsterdam edo Dublin bezalako hirietan antolatuak.
2016/06/13
Diasporari zinez lotutako Arantzazu Amezaga Iribarrenek (Buenos Aires, 1943) Lizarran jaso zuen 2016ko Manuel Irujo saria. 2001etik herri nafar honetan egoitza duen Irujo Etxeak ematen duen sari hau joan den ostegunean hasi zen herriko Santiago Plazan --Irujo familiaren etxe aurrean-- dantzaturiko ohorezko Aurreskuarekin eta ekitaldia, segidan, Montejurrako Partzuergoko hitzaldi-aretora pasatu zen, jendez mukurru. Ruben Usuaren Noticias de Navarrako kronika laburbildu dugu hona.
2016/06/13
HABE Institutuak sustatzen duen Euskara Munduan programaren ikastaro trinkoaren egoitza Mendozako Denak Bat Euskal Etxea izango da aurten, lehenengo aldiz. Kurtsoa uztailaren 16tik 23ra izango da, eta horren ondotik, 23an eta 24an, irakasleei begirako Pedagogi Jardunaldiak egingo dira. Bi aktibitateak, Denak Bat-en instalazioetan, Mendoza erdigunean.
2016/06/10
Iragan asteburuan euskal kulturaren topaguna bihurtu zen Dalston auzoko The Hive kultur gunea, BaskFest jaialdiari esker. Londresko euskal sortzaileek antolatuta, jaialdi honek bisitarien esku eskura jarri zuen bertan parte hartu zuten artisten lana, perfomance, dantza erakustaldi eta hainbat kontzertuei esker.
2016/06/10
Aste honetan gertatu da Buenos Aires probintziako Llavallolen, bertako Euskal Echea eskolak ezusteko bisita jaso zuenean, Joan den asteartean, Argentinako presidente Mauricio Macri eta Buenos Aires probintziako gobernadore Maria Eugenia Vidal zeramatzan helikopteroak mende bat baino gehiagoko historia duten euskal jatorriko eskola honetan hartu zuen lurra. Errezibitzera atera ziren Eskolako Koordinatzaile Instituzionala, Izaskun Ordoqui, eta erakundeko Hezkuntza Zuzendari Nagusia, Jorge Luis Barros.
2016/06/10
Zabalik da Euskal Herrian Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Etnologia alorrean deitutako bekara aurkezteko epea. 10.000 euroko zuzkidura dauka eta interesatuek 2016ko urriaren 31 baino lehen behar dituzte aurkeztu proposamenak. Euskal Dantzarien Biltzarrak ere zabaldu du 2016ko Folklorearen Ikerketa Bekara aurkezteko epea. Kasu honetan 1,000 euroko zuzkidura dauka eta aurkezpen epea azaroaren 30ean bukatuko da. Bietara aurkez daitezke Diasporako hautagaiak.
2016/06/10
1986an futboleko munduko txapela eskuratu zuen ekipoko kide zen Olarticoechea. Heroia Argentina osoan. ‘El Vasco de Saladillo’ izeneko liburua bihar aurkeztuko du Agustin Di Benedetto egileak Saladilloko Udaletxeko aretoan. Aurkezte ekitaldian, Saladillo bertakoa den Julio Jorge Olarticoechea ez ezik, Daniel Arcucci kazetaria eta hiriko agintariak ere egongo dira. Dunken argitaletxeak argitaraturik, izenburua laster eskuratu ahal izango da Argentinako liburu dendetan.
2016/06/09
Cirbie Sangroniz, 31 urte, Estatu Batuetako euskalduna da, Salt Lake City-n jaioa eta bertako Utah-ko Triskalariak euskal dantza taldeko zuzendaria. Duela pare bat aste erabat ezusten harrapatu zuen bere neskalagun Amanda, emanaldi batean oholtzara igoarazi eta ohorezko aurreskua dantzatu zionean, taldearen eta publikoaren aurrean, segidan berarekin ezkontzea eskatuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus