euskal diaspora eta kultura
2016/07/13
Euskal Pilota Nazioarteko Federazioak 30 metroko Frontoi Koparen VI. Mundu Kopa Txileko Santiagon jokatuko dela azaroaren 19tik 27ra baieztatu du. Mapochoren hiriburuan bi frontoi izendatu dituzte hitzorduko egoitza legez, esan nahi baita Euzko Etxea euskal etxeko instalazioak eta Las Condesen, Estadio Español izeneko elkartearenak. Halaxe bildu du Santiagoko Euzko Etxeko Berriketari informazio buletinak.
2016/07/12
Igande honetan, uztailaren 17an, Alexander Garate elgoibartarraren Zingaros taldeak kontzertua emango du Gasteizen, Europan zehar egin duen bira luzearen amaieran. Polonian, Alemanian, Danimarkan, Austrian eta Eslovakian izan dira, eta azken hiru kontzertuak Euskal Herrian eskainiko dituzte. Garate fisika irakaslea da eta eskusoinua jotzen du, eta 1999an Argentinako Cordoban bizitzen gelditzea erabaki zuen. Zingaros taldea 2004an sortu zen Argentinan, eta zingaroen musika bertako tangoa doinuekin uztartzen ditu.
2016/07/12
EHAA buletin ofizialak atzo eman zuen argitara Gaztemunduren 2016ko deialdia, eta beraz gaurtik aurrera hasten da korritzen eskabideak aurkezteko hilabeteko epea. Euskal gastronomia izango da aurtengo ikastaldiaren ardatza. Eskabideko parte, hautagaiek bideo bat aurkeztu beharko dute gastronomi proposamen bat eginez. 25 dira eskainitako lekuak, urriaren 1etik 16 bitartean Donostian garatuko den edizioan.
2016/07/12
Bi ospagai nagusi izan ditu Argentinako euskal diasporak joan den asteburuan: batetik, San Fermin, aurten ere zuriz eta gorriz tindatuta kaleak eta euskal erakundeen egoitzak; bestetik, Independentzia Argentinarraren Bigarren Mendeurrena, uztailaren 9an, eta hainbat euskal etxek bat egin dute jai honekin ere. Elkarte batzuek batera ospatu dituzte, eta beste batzuek bi ospakizun eginda. Hona Argentinako 2016ko Sanferminetako lehenengo irudi kronika.
2016/07/11
Ignacio Esquiroz albokariaren ideia batean oinarrituta, boskotea Nicolas Iribarren, Anabel Jaureguiberry, Francisco Gandara eta Franco Filippiren eskutik sortu zen. Esquirozen esanetan, “Zutarriak bi pasioren arteko lotura da: euskal folklorea, eta musikarekiko dugun maitasuna. Taldeak gure euskal, argentinar eta unibertsal nortasuna arbasoek piztutako sutondoren inguruan aldarrikatu nahi du, euskal instrumentuak eta mundu osokoak batuta, Euskal Herriko kantutegiari beste buelta berri bat emateko”.
2016/07/11
Sagardi kateak munduan zehar hedatzen darrai, eta datozen asteetan bi euskal jatetxe berri irekiko ditu, bat Londresen eta bestea Mexiko Hirian. Mexikotik, lanpostu eskaintza baten berri eman digute: maitre baten bila ari dira. Lanpostu berrien eskaintzak heldu ahala, horiek ere jakinaraziko ditugu.
2016/07/08
Estebe Salgado igeriketa beka batekin iritsi zen Estatu Batuetara eta Matematika karrera atera zuen Washingtongo Unibertsitate Amerikarrean. Geroago lan esparruan murgildu eta gaur egun arrakastaz zuzentzen du berak sortutako enpresa, txakolina, sagardoa eta Errioxa Arabarreko ardoak hedatuz.
2016/07/08
Iragan asteburuan Kaliforniako Chino hirian izan zuten hitzordua Ipar Ameriketako euskal etxeetako ordezkariek, bertan egin baitzen NABO Bilkura. Southern California Basque Club elkarteak aurrenekoz hartu zuen bilkura antolatzeko ardura, eta arduradunak pozik agertu ziren emaitzarekin. Elkarteak bere 70. Euskal Jaialdia ere ospatu zuen, Euskal Herritik etorritako gonbidatu berezi batzuekin: Gatibu rock banda ospetsua.
2016/07/08
“Urrutiko Lurretako zaporeak, bestelako kulturetara hurbiltzea” izeneko zikloa Uruguaiko hiriburuko Al pie de la Muralla izeneko Museo eta Kultur Gunean egin zen, kanpoko gizataldeek euren ohiturak eta batez ere gastronomia zabaltzeko asmoarekin. Haize Hegoa Euskal Etxeak euskal plater, jantzi tipiko, musika eta dantzak aurkeztu zituen.
2016/07/07
New Yorkeko Euzko Etxeal Euskal Herriko bisitari gazte talde bat hartu zuen ekainaren hondarrean: aurtengo udan Boisen ingelesa hobetzera eta bertako euskal komunitatea ezagutzera AEBetara etorri diren hamabost bat euskal ikasle. Euzko Etxean ongi etorria egin zieten bertako Enrique Aranak eta Anna Mari Aguirrek, eta elkarteari eta New Yorkeko euskal komunitateari buruzko istorio eta pasadizo ugari kontatu zizkieten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus