euskal diaspora eta kultura

2018/04/18
2018 urte osorako bere programa bidali digu Valparaisoko Euskal Etxeak, Txilen, eta bertan datorren astean nabarmentzen da Gernikako Bonbardaketaren urteurreneko egun berean Valparaisoko Udaletxean zabalduko duten "Gernikako Bonbardaketa" erakusketa eta pantailaratuko duten "Markak" dokumentala, Euskadiren Ordezkaritza eta Valparaisoko Alkatetza bera lankide antolatua. Euskal Etxeak urtean zehar eratu dituen bestelako proposamen dira Iñaki Deuna, Diasporaren Eguna edo Euskal Astea-Euskararen Eguna baita ere euskara, zinema, musa, dantza, gastronomia...
2018/04/18
Bi urtean behin egiten da Concepcion del Uruguay hiri argentinarrean eskualdeko sektore produktiboen erakustaldia den ‘Expo Concepción’. Antolatzaileek gonbidaturik, Ibai Txori Euskal Etxeak ere parte hartu du aurten, kultur eta sukaldaritza stand baten ardura harturik. Urte osoko ekitaldiak zabaltzeko aprobetxatu dute Euskal Etxeko kideek, tartean, datorren astean bertan, Handia filmaren emanaldia, apirilaren 27an, erakundearen Zine Zikloaren baitan.
2018/04/17
Datorren igandean egingo du Paueko (Frantzia) Lagunt eta Maita euskal elkarteak bere Urteroko Besta Nagusia. Eguna Landart apezak emaniko mezarekin hasiko da eta gero elkartasun bazkari bati ekingo zaio. Gogoratu, bestalde, Lagunt eta Maita-ren azken Zuzendaritza Batzordeak, eta martxoaren 23ko Bilkura Nagusiko deliberoen ondotik, ekipo berria hautatu duela euskal etxeak. Michel Lagan-ek hartu dio txanda lehendakari gisa Frantxua Challet-i, Frantxuak lehendakariorde gisa segitzen duelarik.
2018/04/17
Bat egin zuen Euzkal Etxea elkarteak San Nicolaseko beste hainbat elkarte, erakunde, eskola eta indar bizirekin hiriaren 270. urteurrena ospatzeko. Desfile zibiko-militarrean ikurrina ere ikusi ahal izan zen bandera argentinarraren ondoan. Bestalde, bere programa solidarioen baitango bi ekitaldi iragartzen ditu Ana Maria Erausqui buru duen Euskal Etxeak: gaur, Irakurriz Hazi; datorren asteazkenean, Etxe Nasaia.
2018/04/16
Jose Ramon Urtasun iruindarraren “Nafarroa 1936” erakusketa ikusgai dago apiril osoan Habanako Unibertsitatean. Goi ikastetxe horretan Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Joseba Sarrionandiaren ekimenez gauzatua, errepresio frankista islatzen duten piezek osatzen dute eta Arte eta Letren fakultatean eta Iraultzaren Plazako Galerian ere ikusi ahal izango da. Irekiera ekitaldiak berrehun bat jende bildu zituen, Euskal Herriko zein Kubako.
2018/04/16
Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek ekitaldi berean gogoratuko dituzte Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurrena. Cesar Arrondo hizlari anfitrioi eta ‘Gernika’ dokumentala ikusten. Hitzordua apirilaren 25ean izango da, iluntzeko 7etan. Erakundeko Kultura Azpibatzordeak antolatzen duen urteko programan parte hartzera ere gonbidatu du elkarteak, tartean euskara klaseetan, Mus Tailerrean eta Zine Zikloan.
2018/04/13
Javier Ederrak FEVAren idazkaritza utziko du Federazioaren lehendakaritza bereganatzeko. Izan ere, zerrenda bakarra aurkeztu da apirilaren 21ean egingo diren hauteskundeetan parte hartzeko eta gauzak pentsatu bezala gertatzen badira bahiatarra izango da erakundeko presidente berria 2018-2020 epean. Ederrarekin batera, Carlos Miguelenak (idazkari) eta Elba Mocoroak (diruzain) osatzen dute FEVArako kargu gorenen zerrenda.
2018/04/12
Apirilaren 1ean ospatu da aurten Aberri Eguna Euskal Herrian; euskal diasporako herri eta erakunde askotan Bazko Igandean bertan egin ziren ekitaldiak; beste anitzetan, ordea, apirilean zehar egin dira eta egiten ari dira. EuskalKultura.com-eko gaurko artikuluan, 2018ko Aberri Eguneko argazki galeria, gure erredakziora iristen joan diren argazki eta irudietako batzuekin.
2018/04/12
Antzezlana El Bolson herri argentinarreko Nazioarteko Clown Jaialdian aurkeztu zen otsailean eta datorren igandetik aurrera Buenos Aires hiriburuan ikusi ahal izango da. Endika Izquierdo bilbotarra da eta bakarka taularatzen duen ikukizun honetan euskal jatorriko zerbitzari baten errutina eta euskal mitologiaren pertsonaia elkartzen ditu. ‘Basajaun. Bestia. Bruto’ hiriburu argentinarreko Pan y Arte aretoan eskainiko da, sarrera, borondatea.
2018/04/11
Europako zazpi unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakasteko sei irakurle berri hautatzeko prozesua abiarazi du Etxepare Institutuak, Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean (Frantzia), Université de Pau et des Pays de l’ Adour (Baiona eta Paue, Frantzia), Brnoko Masaryik (Txekiar Errepublika), Poznaneko Adam Mickiewicz (Polonia), Budapesteko Eötvös Lorand eta Szeged (Hungaria) eta Konstanzeko Unibertsitatean (Alemania). Eskolak 2018-2019 ikasturtean emango dira. Hungariako kasuan, pertsona berak emango ditu klaseak bi unibertsitateetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus