euskal diaspora eta kultura
2017/10/09
Estatu Batuetako ekialde kostan, New England Basque Club-ek (NEBC) oharra plazaratu du aldaketak adieraziz New Yorketik iparraldera Kanadako mugarainoko eskualdeko euskaldunak biltzen dituen euskal etxe honetan. Izan ere, urteak eman ondoren klubeko lanak koordinatzen, Sergio Sotelo eta Naiara Azpirik lehenengo lerroko buruzagitza utzi eta lekukoa pasatu diete Juan Mari Aramendi eta Ander Caballerori. Mila esker Sergio eta Naiarari, eta zorterik onena Juan Mari eta Anderri!
2017/10/09
Lucas Bolotti-k da Estelaren semea, 24 urte dauzka eta gutxitu psikikoa da. Uztailaren 19an desagertu zen San Luis probintzian, Papagayos herrian. Bere familiak ez du batere amore ematen bera topatzeko ahaleginean eta ahalegin berri batean estela euskal gizataldeari zuzentzen zaio, bilaketa lanetan lagun dezaten. Izan ere, Lucas-en ama, Estela Vicondoa, General Rodriguez-ko Eusko Aterpea Euskal Etxeko bazkide da eta urtetan euskara eskola emaile jardun izan du bertan.
2017/10/09
Inaugurazio elizkizunak San Isidroko Elizbarrutiko Ojea apezpikuaren eta Jorge Luis Lagazio Uso apaizaren esku egon ziren eta erlijio ekitaldia bukatu ostean plaka oroigarri bat desestali zuen Luis Andreotti Retegui hiriko alkateak. Inaugurazioaren baitan Patricia Sosa abeslariak Ariel Ramirezen ‘Misa Criolla’ interpretatu zuen. Ama Birjinaren euskal adbokazioari eskainitako eraikina Udaleko eta Probintziako Mpnumentu Historiko izendatua da 1988az geroztik.
2017/10/06
"Basque Diaspora Weekend" izenpean, Quebec-eko Euskaldunak Euskal Elkarteak ekitaldi egitarau oso bat antolatu asteburu honetarako Montrealen, barne dela NABOren Udazkeneko Bilkura. Izan ere, bilkura honetako buru gisa estreinatuko da NABOko lehendakari berria, Annie Gavica boisetarra, joan den uztaileko NABOen Biltzar Nagusian hautatua. Montrealgo programako parte izango dira, bilera-saioez gain, euskal dantza ikuskizunak, herri kirolak, estropadak, janari ona eta adiskidantza giroa.
2017/10/06
Viedma eta Carmen de Patagoneseko euskaldunak biltzen dituen Aberri Etxea izan da elkarte patagoniarren laugarren topaketaren egoitza eta bi hirietako agintariek ‘Udal Interesekoa’ izendatu zuten. Balantze baikor eta emankorra egin ondoren, hurrengo elkarretaratzea maiatzean egingo dutela jakinarazi dute, Chubut probintziako Comodoro Rivadavian, bertako Euskal Echea elkartearen 95. urteurren ospakizun programaren baitan.
2017/10/05
Larunbat honetan, urriaren 7an egingo du euskal etxe madrildarrak Euskal Jaia 2017, Retiro Parkeko uretan eta Behien Etxean, barneko antzokian zein kanpoko terrazan. Egitaraua erabat doanik izango da, goizeko 10:15etan arraun-lasterketa batekin hasita, bi euskal eskifaia Madrilgo beste biren kontra. Ondoren, egun osoko programa eta zenbait artisten emanaldia: Kukai, Pauline & Juliette, Madrilgo Txistulariak eta Abesbatza, eta Korrontzi... pintxoak, txakolin eta sagardoa eta jateko/edateko ona ahaztu gabe.
2017/10/05
FEVAk deituta, 30etik gora lagun bildu ziren joan den asteburuan Pergaminon, Euskal Etxeen Topaketan parte hartzeko. Elkarretaratzean, elkarteetako zuzendarientzako formakuntza eta oro har erakundeetako kide ela lagunentzako tailerrak eskaini ziren. Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak antolatzen zuen mota honetako lehenengo saioa izan da eta balantze ezin hobea egin dute anfitrioiek eta bisitariek. “Aurrez aurreko kontaktu hau estimatzen dut bereziki”, aitortu dio Lagun Onak-eko lehendakari Carlos Miguelenak EuskalKultura.com-i.
2017/10/04
EHAA Buletin ofizialak joan den asteleheneko dataz, urriaren 2koaz, HABEko zuzendari nagusiaren 2017ko irailaren15eko Ebazpena eman du argitara, arautuz Euskal Etxeei 2017ko urritik 2018ko irailera arte emango zaizkien euskara irakasteko sostengu ekonomikoak. EuskalKultura.com-ek zegokionean iragarri zuenez, deialdi honetarako oniritzia irailaren 14an eman zuen Jaurlaritzaren Gobernu-Kontseiluak eta orain sartuko da indarrean, EHAA buletinak argitaratu ostean, orotara 234.000 euro banatuko dituela.
2017/10/04
Espainiako poliziaren jokabideak zortziehundik gora zauritu utzi zituen populazio zibilean joan den igandean, urriaren 1ean, Kataluniako gobernuak deitutako --eta epaileek legez kanpokotzat jotako-- erreferendum deiari erantzun zion bi milioitik gorako biztanleria bozkatzera joan zenean. Bartzelonan eta beste hamaika herri eta hiri katalanetan jasotako irudiek mundua zeharkatu dute komunikabideen eta sare sozialen bidez eta, horien aurrean, euskal diasporako hamaika pertsona eta erakundek alkartasuna adierazi diote Kataluniako herriari.
2017/10/03
‘Y volverán a ser árboles’ izeneko literatura elkarteak Bakearen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako ekimenekin bat eginez, bi ekintza burutu zituen Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak. Goizean, euskal gizataldeko zenbait ordezkarik haritz bat landatu zuten herriko Bakearen Arkuaren aurrean. Arratsaldean, Euskal Etxearen egoitzan bildu ziren lagunak, aurten Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta, Bizkaiko herrixkak jasandako erasoa gogora ekartzera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus