euskal diaspora eta kultura
2017/12/19
Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetan espezializatzeko 8 beka deitu ditu Gasteiz (4), Brusela (2), Santiago (1) eta Bogotan (1) aritzeko. Hala onartu du Gobernu Kontseiluak astearte honetako bilkuran. Urrats honen ondotik, EHAA buletin ofizialean argitaratzea baino ez da geratzen, horren biharamunean deialdiko epeak korritzen hasteko. Bekek hamabi hilabete iraungo dute eta Jaurlaritzako bulego nagusietan, Lehendakaritzan, Gasteizen, eta Euskadiren Brusela, Txileko Santiago eta Bogotako Ordezkaritzetan gauzatuko dira.
2017/12/19
Euskal Herriko eta Peru bertako lagun talde polit baten eskutik egitarau oparoa garatu du aurten ere Limako Euskal Etxeak. Urtarrilean Danborradarekin hasita, Euskal Herriko jai nagusiek euren oihartzuna izan dute Pazifiko kostaldeko hiriburuan. Haatik jaiak ez dira euskal elkarteak daukan proposamen bakarra; ekintza solidarioak ere antolatzen ditu erakundeak. Datorren urteari begira, segituko dute limatarrek euren jarduerekin, tartean Xabi Gil irakasle nafarrak ematen dituen euskara klaseekin.
2017/12/18
Nafarroako Unibertsitatetik datorkigu notizia, bertatik harremanetan jarri baitzaizkigu esateko urtarrilaren 8an hasiko dutela "Nafarroa: Historia eta Kultura" ikastaroa, internetez eta doanik, gaztelaniaz. Edukiak ikusentzunezkoak dira eta material osagarri idatzia daukate, autoebaluazioa eta foro bat, ikasleak irakasleekin harreman daitezen. Ikastaroak 10 modulu dauzka. Behin ikastaroa abiatu ezkero, izena emandako ikasleak noiznahi sar daitezke hamar moduluak otsailaren 18rako bukatu arte.
2017/12/18
Urte hasieran jarritako helburuak banan banan eta txukun ari da betetzen Salto hiri uruguaitarreko euskal etxea. Konparazio, iaz berreskuratutako Harriague Upeltegia kulturgune bihurtzeko proiektuari bultzada handia eman diote, eta Udalak lur eremu zabal bat ematea lortu dute, bertan ‘Gernika Lekua’ izeneko pasealekua eraikitzeko. Saltoko Euskaldunen Taldeak Euskal Festa bat eginez ospatu ditu lorpenok, abendu hasieran Euskararen Eguna eta elkartearen 25. urteurrena programa berezi batekin ospatuz.
2017/12/15
Abenduarekin batera balantzeak eta jaiak egiteko momentua iristen da. Balantzeak barne lana da; jaiak, ordea, lagunekin elkartzeko une egokiak izaten dira, batez ere ospatzeko arrazoi ona dagoenean. Abenduaren 3an Euskararen Eguna izan da eta mundu osoko euskal etxeek ospatzen dute. Hego Amerikan abenduan zehar luzatzen dira ospakizunak jaietan ikasturteko amaiera ere ospatzen baita. Gaur, ENEren bigarren argazki galeria.
2017/12/15
Bostgarren edizioa duen lehiaketa honek bi kategoria dauzka: euskara ikasten ari diren pertsonena; eta euskara normaltasunez erabiltzen dutenena. Gutunak batuan edo edozein euskalkitan egon daiteke idatzia, eta originala beharko du izan, beste inon saritu edo argitaragabea alegia. Lan irabazleek argitaratuak izateko eskubidea irabaziko dute eta 2018ko urtarrilaren 20aren aurretik behar dira aurkeztu, emailez, postaz edo eskuz-esku. Animatu eta enseatu!
2017/12/15
1992an Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko irakasleek sortutako argitalpena da 'Euskara Denontzat', 25 urtez jarraian abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean argitaratu izan den aldizkaria. Mende laurden baten ondoren, eta Euskal Etxeko euskara taldeen ahotsa den agerkariari ‘aire berriak’ ekartzeko, formatu digitalera pasatuko da ‘Euskara Denontzat’, urtean zehar eguneratzen joango den bloga bilakatuz.
2017/12/14
Euskara bezala, euren hizkuntza ere Europako ez-indoeuropar bakarretakoa da eta horrek interes berezia sortzen die euskara eta euskaldunekiko. Xila Pihlstrom eta Mika Marenk Finlandiakoak dira eta 'Suomitar' euskal-finlandiar elkarteko kide. Sorreratik, elkartearen lehentasuna euskara-suomiera hiztegia egitea izan zen, 2012an lortu zuten arte. Aise moldatzen dira biak bi hizkuntzotan. Ospakizunetan dabiltza, abendu hasieran Mendea bete baitzuen Finlandiak herri independente gisa. Maite Alustizaren elkarrizketa Berrian.
2017/12/14
Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxea eta Azulgo Gure Txokoa euskal etxeetako ikasle eta irakasleak izan dira Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak deitutako ‘Euskaraz beti Aurrera’ ipuin eta bideo lehiaketaren irabazleak. Lan sarituak Eusketxeren blogean argitaratuko dira eta irabazleek postak jasoko dituzte sariak: diplomak eta liburuak.
2017/12/12
EHAA buletin ofizialak atzo eman zuen argitara "Ebazpena, 2017ko azaroaren 27koa, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariarena, 2017. urtean Euskal Etxeei eman zaizkien diru-laguntzen berri ematen duena". Gogora dezagun orotara 902.307 euro zeudela banagai, honela sailkaturik: 782.307 euro, IV, kapitulurako, eta 120.000 euro VII. kapitulurako. 84 euskal etxeri ailegatuko zaizkie sostenguak, 71 funtzionamendu, programa eta jarduera gastuetarako; eta beste 14, azpiegitura eta ekipamendurako.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus