euskal diaspora eta kultura
2018/03/17
EuskarAbenturak osagai guztiak dauzka esperientzia aparta izateko zazpi probintzietako eta Diasporako 120 gazterentzat. Ibilbidea uztailean egingo da, Donejakue bidea eginez eta aukera emanez 120 gazte euskalduni euren herria ezagutu eta hainbat ekimenetan parte hartzeko, hala nola aisialdi eta kultur bisita, hitzaldi, tailer, kirol ekintzetan... Diasporaren kasuan, gutxienez bi partaide babestuko dituzte, Diasporako gazteek ere urririk parte har dezaten. Interesatuta bazaude, garaiz zaude, eman izena lehenbailehen!
2018/03/16
Emakumearen Egunean hiriko emakume nabarienak ohoratu nahi izan zituen General Rodriguezko Udalak. Euskal kolektibitateari dagokionez, Alicia Itceak izan du aurten errekonozimendua jasotzeko ohorea. Aliciak urteak daramatza euskara ikasten, irakasten eta zabaltzen bere herrian. Gogora dezagun, bestalde, Euskal Etxearen datozen ekintzei dagokienez, euskal musika tresnei buruzko hitzaldi bat iragarri duela Eusko Aterpeak biharko eta hurrengo astean, Ostiral Santuan, euren txibi salmenta ezaguna gauzatuko dutela, etekinak EEren ekimenentzat.
2018/03/15
Madrilgo Euskal Etxetik pasatu digute abisua esanez hiriburu horretako Hizkuntz Eskola Ofizialak euskara irakasle lanpostu baterako oposizioak plazaratu dituela. Deialdia Madrilgo Komunitateko Buletin Ofizialak argitaratu du martxoaren 13ko, alegia joan den astearteko, zenbakian, 79. orrialdean, hezkuntza alorreko beste hainbat irakasle deialdirekin batera. Deialdia lizentziatuentzat da, telematikoki aurkez daiteke eta interesatuek 15 eguneko epea daukate Buletin Ofizialean argitaratua izan eta ondoko egunetik kontatzen hasita.
2018/03/15
Buenos Airesko Ekin Kultur Taldeak ez du momentuz egoitza propiorik; hala ere, Aitor Alava zuzendariaren esanetan, “hori ez da oztopoa, areto, etxe edota parke batzuk entseguak egin eta biltzeko toki ederrak izan baitaitezke gogoa dagoenean”. Urteko bere plangintzari hasiera emateko Pergaminon egingo du Elkarteak 2018ko lehenengo 'Dantza Plazan', bertako Lagun Onak Euskal Etxea antolatzaile. Taldearen entseguak, bestalde, apirilean hasiko dira hiriburuko ‘Las Mil y un Artes’ kultur etxean.
2018/03/15
Euskal ordezkaritza instituzionala Nazio Batuen egoitzan izan da New Yorken Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren 62 Batzordearen irekieran eta aste osoan zehar bisitak eta kontaktuak izan ditu han-hemenka, Ander Caballero Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaria lagun. Bertako euskaldunekin ere bildu dira euskal hautetsiak, hala nola New Yorkeko Eusko Etxeko Zuzendaritzarekin eta Washingtonera jauzi laburra emanez, Kapitolioan, John Garamendi kongresukide kaliforniar demokratarekin.
2018/03/14
Bihartik aurrera eta lau egunez --martxoaren 15etik 18ra-- Idahoko hiriburuko Boise State University (BSU) Estatu Batu barne eta kanpoko hamarnaka irakasle eta ikertzaileren bilgune izango da, BSUko Munduko Hizkuntzen Departamentuak eta Eloise Garmendia Bieter Euskal Ikasketa Katedrak antolatutako "Oroimena eta emozioa, emakumeen istorioak: oroimenetik esangura eraikitzen" izenburua hartu duen 1. Nazioarteko Kultur Ikasketa Konferentzia tarteko.
2018/03/14
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, atzoko saioan onartu zuen 2018-19 ikasturtean Oxford-eko Unibertsitateko St Antony`s Collegen egonaldia egingo duten ikertzaile bisitarientzat diru-laguntza deitzen duen agindua. Aurtengoan 50.036 euroko kopurua duen dirulaguntza 2007an Hezkuntza Sailak eta Oxford-eko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren emaitza da.
2018/03/13
Hailee Brown ikasle estatubatuar bat da, Ohioko Mount Union Unibertsitatean. 2018ko udaberri sasoian atzerrira atera nahi izan du ikastera eta Bilbora etortzea erabaki du, Renon egoitza duen University Studies Abroad Consortium (USAC, Kanpoan Unibertsitate Ikasketak egiteko Partzuergoa) medio. USACek 35 urte daramatza ikasle estatubatuarrak Euskal Herrira bidaltzen bertan ikastaldiak egitera. Hauxe da Hailee-k idatzi duena, Bilbon bere lehenengo astea pasa eta gero.
2018/03/13
Buenos Airesen egoitza duen Euskal Argentinar Merkataritza Ganberak, 'Gertuko' Euskal Herriko aholkularitza zerbitzuaren eskutik, manufaktura garatzeko helburua duen ekimen batean parte hartzera gonbidatzen ditu Latinoamerikako enpresak. Ekimenaren baitan, Latinoamerikako enpresa misio batek Euskal Herria bisitatuko du maiatzaren 29tik ekainaren 7ra. Eta Euskal Herriko enpresa misio batek Latinoamerika, uztailaren 2tik 6ra.
2018/03/12
Euskal literaturgintzaren nazioartekotzea sustatzeko asmoz, Etxepare Institutuak euskal idazleen liburuen itzulpena laguntzen du urtero. Azken asteotan, laguntza horri esker itzulitako bi nobela ingelesez eskuratu daitezke dagoeneko: Bernardo Atxagaren “Nevada Days”, eta Harkaitz Canoren “Twist”. "Nevada Days" Londresko MacLehose Press argitaletxeak plazaratu du eta 'Twist', berriz, Brooklyn, New Yorkeko Archipelago argitaldariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus