euskal diaspora eta kultura
2018/04/12
Antzezlana El Bolson herri argentinarreko Nazioarteko Clown Jaialdian aurkeztu zen otsailean eta datorren igandetik aurrera Buenos Aires hiriburuan ikusi ahal izango da. Endika Izquierdo bilbotarra da eta bakarka taularatzen duen ikukizun honetan euskal jatorriko zerbitzari baten errutina eta euskal mitologiaren pertsonaia elkartzen ditu. ‘Basajaun. Bestia. Bruto’ hiriburu argentinarreko Pan y Arte aretoan eskainiko da, sarrera, borondatea.
2018/04/11
Europako zazpi unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakasteko sei irakurle berri hautatzeko prozesua abiarazi du Etxepare Institutuak, Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean (Frantzia), Université de Pau et des Pays de l’ Adour (Baiona eta Paue, Frantzia), Brnoko Masaryik (Txekiar Errepublika), Poznaneko Adam Mickiewicz (Polonia), Budapesteko Eötvös Lorand eta Szeged (Hungaria) eta Konstanzeko Unibertsitatean (Alemania). Eskolak 2018-2019 ikasturtean emango dira. Hungariako kasuan, pertsona berak emango ditu klaseak bi unibertsitateetan.
2018/04/11
Izenburu honekin sinatu zuen atzo post edo artikulua ElDesmarque-Bizkaia kirol atarian Alejandra Herranza kazetariak.Testuarekin, Diasporako peña batetik nola bizi den talde zurigorriaren partida bat ezagutzearren egindako proposamen bati erantzuten ari zen blogger athleticzale ezaguna. Hona beraz kronika, Madrilgo Euskal Etxeko Athletic-en Peñatik iritsitako lekukotasuna. Athletic-ek 16 peña ofizial dauzka Madrilgo komunitatean, eta 21 dira, berriz, Euskal Herria eta Espainiatik kanpo dituenak.
2018/04/10
Etxepare Euskal Institutuak Berlingo Freie Unibertsitatean bultzatzen duen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak 'Euskal Aste' bat antolatu aste honetan --apirilaren 9tik 13ra-- barne dituela besteak beste hitzaldiak, mintegiak, filmak eta literatur ekitaldiak. Gogora dezagun Etxepareren Alemaniako sareak lau irakurletza eta katedra bat baitaratzen dituela, hala nola, irakurletzak Konstanz, Lepizig, Berlingo Freie eta Frankfurteko Goethe unibertsitateetan, eta Eduardo Chillida katedra, azken honetan.
2018/04/10
Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak hitzarmena sinatuko dute “Gernikako bonbardaketa” erakusketa kanpoan zabaltzeko, bereziki Euskal Etxeetan eta Euskadiren Ordezkaritzetan. Ekimenak Euskal Diaspora hartu du gehienbat gogoan eta gauzatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak lankidetza eskatuko die munduko euskal etxeei eta euskal etxeen federazioei.
2018/04/10
Saioa astean behin emititzen da, Neuquen probintzia argentinarreko Capital izeneko FM irratian. Larunbatero, ordu 2etatik 3retara, euskal kulturarekin eta Euskal Etxearekin lotura duten hainbat gai jorratzen dituzte programaren aurkezleek, tartean, literatura, zinea eta Euskal Herriko ospakizun nagusiak. Beste proiektu batzuk ere joango da abiatzen apiriletik aurrera Comahueko Euskal Etxea, hala nola euskara eta euskal dantza tailerrak, eta euskal literaturari buruzko mintegia.
2018/04/09
Udaletxeko Areto Nagusian larunbatean egingo den ekitaldian, hiri perutar honetan sortu berria den Trujilloko Euskal Etxearen lehenengo Zuzendaritza Batzordeak egingo du zin. Elkarteko lehendakariorde Wilfredo Lizarzaburuk hitzaldia emango du Euskal Etxearen historia, aurrekari eta helburuez eta lehendakari Leonel Berrocal-ek aurkezpen hitzaldi nagusia. Senidetasun bazkariaren ondotik, bildutakoek La Libertad-eko Urratseko Zaldi Hazleen Elkarteko Urratseko Zaldien erakustaldia ikusiko dute.
2018/04/09
Gonbitea Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko gazte euskaldunei dago zuzenduta. Gazteek euren bidaia ordainduko dute Argentinako Villa Maria-raino eta egonaldia, ostatua eta otorduak, bertako euskal etxeak hartuko ditu bere gain. ‘Anima Zaitez!’ Villa Mariako (Cordoba probintzian) Euzko Etxeak antolatzen du eta aurtengo edizioa uztailaren 7tik 22ra izango da. Bi astetan zehar euskal gazteek euskal musika, dantzak, euskara, sukaldaritza eta beste gai batzuei buruzko tailerrak eskainiko dituzte. Izena emateko epea maiatzaren 9an bukatuko da.
2018/04/06
Los Angelesaldeko Chino herriko Euskal Etxeak bere 50 urteak ospatuko ditu eta bihar larunbata, bere egoitzan eta hainbat bazkide eta lagun bertara bilduz egingo du, arratsaldean hasi eta gauean sartuko den ekitaldi batean. Besteak beste, Chinoaldeko euskal komunitatea bere buruaren historia biltzearren egiten ari den ahalegina azpimarratuz eta horretan urrats berriak emateko xedez Mitch Gariador, Jeanette Bidart eta Marianna Etcheverria mintzatuko dira, eta Gauden Bat-eko dantzariak eta Noka-ko kantariak arituko.
2018/04/06
Kaleratu berria du Eusko Kultur Etxea-Eusketxek aurtengo euskara ikastaroen eskaintza. Klase gehienak hiru ordukoak izango dira, astean behin, Buenos Aires hiriburuko Mexiko kaleko egoitzan, Montserrat auzoan. Berri honekin batera elkarteko bloga bisitatzera gonbidatzen du Euskal Kultur Etxeko lehendakaria eta Buenos Airesko Ekin Euskal Argitaletxeko arduraduna den Maria Elena Etcheverry.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus