euskal diaspora eta kultura
2018/05/16
Bartzelonako Pol-en Edicions argitaletxea Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesia?’ (Es morta la poesia? izenburu katalanez) olerki bilduma katalaneratu eta argitaratzeko lanetan ari da eta laguntza behar du proiektua bururatzeko. Izan ere, kanpaina bat jarri du abian karia horretara Verkami izeneko Crowdfunding plataforman. Pol-en Edicions argitaletxe kooperatibo eta independentea da eta lan ildo polita darama euskal literaturako obrak katalan irakurleei euren hizkuntzan ematen.
2018/05/16
Euskal kulturaren hainbat gai jorratuko dituzte ‘Eguzkia’ aldizkarian idazten duten kolaboratzaileek. Eta euskal etxearen komunikazio-tresna ere izango denez, Euzko Etxeak garatzen dituen proiektu guztiek izango dute euren lekutxoa argitalpenean. Lehenengo alea bertsio digitalean bakarrik kaleratu da eta elkarteak Gernikako Bonbardaketaren urteurrena gogoan hartzeko antolatutako ekitaldian aurkeztu zuen.
2018/05/15
Gaurko buletinean, Euskal Herriko Agintaritzaren Agerkariaren maiatzaren 15eko alean, eman du argitara Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzaren Ebazpena 2018ko Gaztemundu programaren deialdia deiarekin. Munduko euskal etxeetako 15 gaztek izango dute aukera Euskal Herrira etorri eta aurtengoan euskal dantza tradizionalez ikasteko hainbat dantzari eta dantza adituren eskutik. Epemuga izena emateko ekainaren 18a izango da.
2018/05/15
Alberto Irigoyen Artetxe euskal diaspora uruguaitarreko oso kide aktiboa da. Euskal kulturaren aldeko hainbat lan egin ditu editore ere baden Irigoyenek, tartean Euskal Herritik kanpo 1875-1975 urteen artean argitaratu ziren ehunka euskal aldizkari digitalizatu, emaitza DVD formatoan mundu osoko euskal etxe eta euskaltzaleei Jaurlaritzak helarazi zielarik. Hori guztia eta bere ibilbide osoa gogoan, La Platako (Argentina) Universidad del Este-k, Honoris Causa Doktore izendatuko du aurten euskal-uruguaitar historialaria.
2018/05/14
1978an etorri ziren lehenengoz Oñatira Julianne Txakartegi eta Francis Anton Lostra, Boiseko Unibertsitateko programa baten baitan; Boisekoak izan arren, hainbat senide dituzte Euskal Herrian; orain, erretiroa hartuta, Oñatira itzuli dira denboraldi baterako. Eneko Azurmendik sinatzen du artikulua Goiena aldizkarian.
2018/05/14
Dantza eskola Mariano Andoni Azcarate La Platako dantzariaren esku egon da eta Euskal Herriko erritmoetan interesa duten lagun ugari bildu ditu. Hau eta hau bezalako beste ekintza batzuk hasia da prestatzen Buenos Aires probintziako herri honetan sortzen ari den euskal etxe gaztea, izaera juridikoak ematen dion estatus berriari esker. Buruan daukan hurrengo pauso logikoa, Eusko Jaurlaritzaren aurreko onarpena eskatzea, munduko euskal etxeen zirkuituan eskubide eta betebehar guztiekin sartu ahal izateko.
2018/05/11
Urteko Ohiko Batzar Nagusia egin du Argentina iparraldean Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak. Bildutakoek, besteak beste, euskal etxearen Zuzendaritza Batzordea berritu zuten eta bozketak erabaki zuenez, Olga Leiciagak segituko du beste bi urtez lehendakari. 80 urte beteko ditu datorren abuztuan gazte askok baino aktibo eta ekimentsuagoa den Olga Leiciagak. Izan ere, Olga prestatzen ari da ilusio handiz Saladillon egingo duen urtebetetze festa, familiakoak eta lagunak oro gonbidaturik.
2018/05/11
‘Betiko Haizea’ izenarekin sortu den proiektua ikus-entzunezko dokumental esperimentala da, 'Osses' izenaz ezagunagoa den Jose Antonio Martinez Osses albokari arabarraren bizitza eta lanari buruzkoa. Euskal Herriko eta euskal diasporako albokari ezagunek hitz egingo dute Ossesen jardunbideaz, kontaketa eta pasadizoen bidez. ‘Betiko Haizea’ proiektu independentea da, ez du diru-laguntzarik, eta parte hartuko duten musikarien artean Kepa Junkeraren eta Ibon Koteronen testigantzak aipa daitezke.
2018/05/10
Astebeteko programa antolatu du Patagoniaren bihotzean, Chubut probintzia argentinarreko Comodoro Rivadaviako euskal etxeak bere 95. urtebetetzea ospatzeko. Jaiaren inaugurazioa, igandean, meza batek abiatuko du eta astebete geroago bukatuko dira ospakizunak, Patagoniako Euskal Etxeen V. Topaketarekin.
2018/05/10
Teresa del Vallerentzat izango da Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 2018. Gizarte eta Kultura Antropologian oinarritutako jardunbide garrantzitsu baten jabe, epaimahaiak bere aitzindari lana azpimarratu du eta bizitza osoan "Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalari" eginiko ekarria. Besteak beste Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruari ere lotua egon da eta bertan 1990etan Linda White, Jeronima Echeverria eta beste akademiko batzuekin 'Consortium for the Sudy of Basque Women' sortu zuen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus