euskal diaspora eta kultura
2016/10/06
Venezuelako euskaldunen ondorengoak arrakastaz arrakasta dabiltza azkenaldian. Aurrekoan geurera ekarri genuan Ricardo Arambarri kazetaria, irabazi berri duen Emmy sariaren karira; orain, Asier Cazalis musikaria aipatu nahi dugu, izan ere, 2016 Grammy Latino sarietarako hautagai da, Caramelos de Cianuro rock taldearekin. Azaroaren 17an emango dira sariak, Las Vegas-en.
2016/10/06
Asteburu osoko topaketa antolatu zuen FIVU Uruguaiko Euskal Etxeen federazioak, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea eta Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeak lagun. Hiru egunetan zehar, eta Euskal Herriko inauterien gaia abiapuntu hartuta, dantza eta euskara tailerrak, jolasak, suak eta beste hainbat ekintzekin gozatu zuten bildutako txiki eta gazteek.
2016/10/06
Hirugarrenez egingo dira, datorren larunbatean Baionan, Euskal Herriko eta inguruko genealogiazale eta tokiko historiazaleak bildu eta elkarretaratzeko asmoa duen topaketa hau. Iruñean egoitza duen Antzinako elkartea (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa eremu) eta GHFPBAM (Généalogie et Histoire des familles Pays Basque/Adour Maritime) elkartea antolatzaile, ekimena goizeko 9:30etatik arratsaldeko 6:30ak arte garatuko da. Diasporak ere presentzia izango du stand-etan eta erakusketa batean.
2016/10/05
Kepa Junkera trikitilariak ikuskizun berria taularatuko du bihar, "Mar de Fuelles" izenpean, Chango Spasiuk soinujolearekin batera. Ikuskizunak euskal trikitia eta Argentinako chamamé musika uztartuko ditu. Bihar Manresan izango dira, gero Madrilen eta Bartzelonan. Bestalde, Junkeraren produkzio taldeak EuskalKultura.com-i adierazi dio musikariak azaroan Argentinan egin behar zuen bira atzeratu egingo dela agenda arazoengatik. Data berriak jakin bezain pronto, aditzera emango ditugu, Junkerarekin kontaktatu nahi duten euskal etxeak jakinaren gainean egon daitezen.
2016/10/05
Alderdi Jeltzaleak atzo jaso zuen dohaintzan Jose Antonio Agirre lehendakariari bizi zela egin zioten azken erretratua. Peli Irazabal Caracasen bizi zen mediku euskaldunak egin zion 1959an Lehendakariak bertara bidaiatu zuenean. Egilearen seme Jon Irazabalek atzo eskuratu zion EBBko buru Andoni Ortuzarri, bere ama Bedite Zabalaren azken nahia aintzat hartuz. Deia egunkariak jaso zuen atzo honen berri.
2016/10/05
AEBetako Boisen dagoen euskal komunitatearen parte da Ysursa, eta Europako eta diasporetako euskaldunen identitateaz aritu izan da uda honetan Donostian. Elkarrizketa hau, Ainhoa Zaragueta Lasa kazetariak egina, Berria egunkariak argitara eman zuen.
2016/10/04
Datorren urriaren 16an Nafarroa Oinez ospatuko dute Vianako Erentzun ikastolak eta Lodosako Ibaialdek. Eguna heldu bitartean, giroa berotzeko, Txikiak Handi egitasmoak Vianan ospatu zen 92ko Nafarroa Oinezeko kantu mitiko hura --"Arraroa, noski"-- hartu eta moldatu egin du. Bertsio berriaren bideoklipean, hizkuntza gutxituen hainbat hiztunen artean, biziki poztu gaitu Diasporako euskara ikasleak eta Santiagoko Euskal Etxeko dantzariak ikustea.
2016/10/04
Oso erantzun ona lortu zuen Eusko Kultur Etxeak luzatutako gonbiteak. Izan ere, San Miguel, Jose C. Paz, San Nicolas eta San Pedroko euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleek bat egin zuten Buenos Airesko Eusko Kultur Etxekoekin, lehenengo ‘Euskalariak’ euskara jardunaldi honetan. Ekintzaren arrakastak bultzaturik, urtero errepikatzeko asmoz ari dira Lizarraenea-ko lagunak.
2016/10/04
Juan Azkarate Araucua Euzkadiko Gudontzidiko kideen artean bizirik geratzen den azkena da. Bermeon jaioa, 14 urte besterik ez zituela Araba bou-an aritu zen, bigarren zerbitzari eta metrailadore-laguntzaile. Gaur goizean omenaldia egingo zaio Donostian, Euzkadiko Gudontzidiaren 80. urteurrenagatik (Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko) Untzi Museoa antolatzaile, Matxitxako Elkartearen laguntzaile, antolaturiko ekitaldien barruan.
2016/10/03
EuskalKultura.com-en iraileko zozketako sariek badauzkate irabazleak, eta Argentinara joango dira, hiru kasutan; Brasilera, batean, eta Uruguaira beste batean. Mundu osoko 11 herrialdetik jaso ditugu partaidetzak. Bereziki arrakastatsua suertatu da "Bisita gidatua Donostiara, pintxo dastaketa barne" izenpean lehenengoz sartu dugun saria. Hurrengo zozketa berehala antolatuko dugu. Hona oraingokoaren saridunen zerrenda.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus