euskal diaspora eta kultura
2016/10/20
Berlingo Euskal Etxeak antolatuta, Euskal Herria eta euskal historia ardatz dituzten bi ekitaldi egingo dira Alemanian egunotan. Hasteko gaur bertan, Euskal Gaua egingo da Bremengo Institut Français erakundean, Iparraldeko Euskal Herriari buruz ARTE kateak eginiko dokumental batekin eta Berlingo Euskal Etxearen hitzaldi batekin. Larunbatean, aldiz, Berlinen aurkeztuko da "Hurrengo geltokia", Legorreta herri gipuzkoarraren memoria historikoari begirada. Zuzendaria eta dokumentalean parte hartu duten zenbait herritar aurkezpenean izango dira.
2016/10/20
Geldialdi askotako bira egiten ari da egun hauetan Patxi Perez euskal dantza irakaslea Argentinan zehar. Ibilaldiak Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean hasi eta Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxean jarraitu du; bietan bi eguneko tailerrak eskaini zizkien erakundeetako kide eta dantzariei. Programarekin jarraituz, Misiones probintziako Corpus Christi herrira iritsiko da bihar eta han, herriko lagunak ez ezik, Posadaseko dantzariak ere bilduko zaizkio.
2016/10/20
Jarduera ugariko egitaraua ari da antolatzen Tandilgo Gure Etxea datozen asteetarako. Urte amaierari begirako azken txanpa honetako datorren larunbat honetan hasiko dira Pintxo Gau-Euskal Afari batekin; azaroan, Euskal Herritik etorritako Euskal Argentina elkarteko ordezkaritza bat jasoko du eta azaroan bertan Euskal Astera joango dira Etxeko kideak, urtero bezala. 2016a bukatzeko, erakundearen urtebetetzea eta Euskararen Eguna ospatuko dituzte tandildarrek erromeria batekin.
2016/10/19
Madril Europako euskal etxeen topagune izango da asteburu honetan, bertan egingo baita euskal etxeetako euskara irakasleen urteroko bilkura. Aurreko edizioetan bezala, hogei bat irakasle bilduko dira ostiral eta larunbatean egingo diren bilera eta jardueratara. Bilera honen helburua zera da, ikasturte hasiera honetan esperientziak trukatzea, HABErekin eta beste irakasleekin irakaskuntza arloko zalantzak argitzea eta proiektu berriak lantzea.
2016/10/19
Etxepare Euskal Institutuak aste honetan abiatu du Johann Wolfgang Goethe Universität Frakfurteko unibertsitatean sortutako Eduardo Chillida Katedrako 2017ko programa, eta espazio publikoetako eskulturgintza izango du ardatz ("Politics of Sculpture in Public Space"). Nina Schallenberg eskultura arloko adituak gidatuko du aurtengo kurtsoa, urriaren 16tik otsailaren 27ra bitartean. Gainera, 2017ko hasieran lantegi bat ere antolatuko dute.
2016/10/19
Hiriburu txetxeniarrean egin da joan den asteburuan “Mahmoud Esambaev” 8. Nazioarteko Dantza Lehiaketa eta bertan aritu dira Donostiako Gero Axular dantza taldeko Onintza Unzurrunzaga eta Jon Egurretxea, euren zuzendari Juan Luis Unzurrunzagak lagundurik. Txetxeniako Kultura Ministeritzaren Saria eskuratu dute eta Donostian ilusio handiz jaso dute Gero Axular taldeko gainerako kideek hori zioen whatsappa. Izan ere, euskal ordezkariak gaur gauean iritsiko dira Loiura, eta harrera-ekitaldia antolatu diete taldekideek aireportuan bertan, 22:40etan hegaldiak lurra hartzen duenean.
2016/10/19
El Orden de Pringles kazetak azpimarratu du jende multzo polita lagun egin zela Necocheako Santa Maria del Carmen Elizan 'Coraliada' Abesbatzen 20. Nazioarteko Topaketa, eta partaideen artean aritu zela Coronel Pringles-ko Eusko Alaia besbatza, "txalo zaparrada lortu zuena, bis-a ere eskatu ziola publikoak oihuka".
2016/10/18
Renoko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroko Jon Bilbao Katedrako titularra eta ber denboran Deustuko Unibertsitateko ikertzaile den historialariak hitzaldia eskainiko du bihar Nevada-Renoko Unibertsitatean "Euskal soldaduen proiektua: Nevadako euskaldunak Bigarren Mundu Gerlan" izenpean. Oiarzabal partaide izan zen joan den ostiralean Kaliforniako Long Beach-en, Estatu Batuetako Ahozko Historia Elkartearen Urteroko Konferentzian eta 'Ondare Bizia' aurketu zuen bertan, Euskal Herrira itzuli den euskal migrazioaz.
2016/10/18
Hamabi herrialdetako partaideak izan ditu iragan larunbatean Donostian amaitu zen Euskal Gizataldeen XXXIX. Munduko Mus Txapelketak. Euskadiko bikotea izan zen garaile, Ezkioko Juan Carlos Korta eta Zumarragako Eusebio Zabalak osatua. Bigarren postuan Venezuelako ordezakari José Luis Ramos eta Mariano Larrañaga sailkatu ziren. Zorionak denoi!
2016/10/18
Lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu bezain laster topaketa gastronomiko bat hasi dira prestatzen, berri berria den Neuquen eta Cipollettiko ‘Baskos de la confluencia’ Euskal Etxeko kideak, hilabetearen amaierako. Hori ez da izango, ordea, taldearen lehenengo ekintza. Izan ere, azken bolada honetan astero elkartzen dira talde sustatzaileko lagunak prestaketa bileretan. Ondorioz, dagoeneko bideratuta daukate elkarte berriaren Izaera Juridikoa; eta erakundearen logotipoa hautatzeko lehiaketa bat antolatu dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus