euskal diaspora eta kultura
2017/07/27
Elkartearen 10. urteurrena ari da ospatzen Txileko Santiagon bertako Euskal Gizataldea edo Colectividad Vasca de Chile euskal etxea. Urtero San Inazio egunaren inguruan antolatzen duen Euskal Astea 10. urteurrenekoa du beraz eta programaren arabera bihar IV. Koru Topaketari ekingo diote, zortzi abesbatza partaide. Amama flma ere emango dute larunbat-igandez, eta igandean San Inazio mezak itxiko du egitaraua. Astean zehar 'Inmigrantes' erakusketa ere izan dute zabalik, guztia Estadio Españolen.
2017/07/27
Bukatu da Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxean Euskara Munduan-en 2017ko neguko barnetegia, Argentina, Txile eta Uruguaiko ikasle-irakasleak partaide. Azpimarragarri da saioa segitu duen talde berregituratua maila egiaztatzeko 2019an Argentinan egingo diren probak prestatzen hasia dela; eta bestetik hau izan dela HABE Institutuaren kudeaketapean egin den Euskara Munduan-en azken barnetegia; aurrera begira programa Etxepare Institutuaren ardurapera pasatzea baitago aurreikusita.
2017/07/26
Erronka ederrak hartu ohi ditu Misiones probintziako Corpus Christiko Euskal Etxeak eta beti gainditu egiten ditu. Bere burua gainditzeko ahalmenaren proba ukaezina, ospatu berri den Argentinar, Euskal eta Mbya-Guaraní Kulturen Jaia da. Aurrekaririk gabeko ekitaldi honetan oenaldi polita egin die elkarteak Euskal Herriko, Argentinako eta Misiones bertako Guarani herriko kulturei, beti ere Argentinako euskal gizataldeko hainbat erreferente lagun.
2017/07/26
Ongi etorria eman eta lehenengo hitzak kendu dizkiogu. Etxepare Euskal Institutuak bultzatzen duen proiektuari jarraipena emanez, aurreko taldeekin segitu eta berri bat ere hasiko du, neguko oporraldia bukatu eta gero. Ane Arandia Morgaetxebarria bizkaitarra da, eta Argentinaratu aurretik AEKn aritu da irakasle. Hau ez du, ordea, lehenengo kontaktua euskal argentinar diasporarekin; izan ere Bahia Blancako ‘Hurbildu’ programan parte hartu zuen 2015ean.
2017/07/25
Etorkinaren Enparantzaren inaugurazioaren baitan jakinarazi dute berria Cordoba probintziako Coronel Moldes, eta San Luis probintziako Villa de Merlo eta Villa Mercedes hirietako euskal etxeetako lagunek. Izan ere, inaugurazioan aurkeztutako standa elkarteen arteko lanaren emaitza izan zen. ‘Euskal Etxe Erregionala’ delako ekimen berriaren debuta, Mercedes hirian azaroan egingo den 2017ko Immigrantearen Jaian izango da.
2017/07/25
Eusko Jaurlaritzak "atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko" ematen dituen diru-laguntzez baliatuz, hirian sei etxebizitza egiteko materiala erosi zuen Ayacuchoko Euskal Odolak. Azken lau etxeak hilabete honetan jaso dituzte familia ayacuchotarrek Euskal Etxeko eta Udaleko agintarien eskutik.
2017/07/24
Uztailaren 31an ospatzen da Bizkaiko eta Gipuzkoako patroiaren eguna. Argentinako euskal etxeetan bere alde egingo diren omenaldiak, berriz, 31an bertan ez ezik, abuztuan zehar joango dira burutzen. Proposamenak ugariak dira, tartean festak, bazkariak, mezak eta kultur ekintzak. Helburua, berriz, bat baino ez da: Euskal Herritik Argentinara etorri ziren milaka immigranteek ekarritako ohiturei jarraipena ematea.
2017/07/24
Argentinan euskara ikasten ari diren lagunentzat ez da batere erraza, klaseetatik kanpo, ikasten ari diren euskara praktikatzeko aukerak aurkitzea. Karia horretara beti dira ongietorriak euskaraz aritzeko gune eta aukerak. Asmo honekin eta iazko Euskal Aste Nazionalean antolatu zen mintzodromoak lortu zuen arrakastak bultzaturik, euskara praktikatzeko ekimen honetarako deia egin zuen Euzko Etxeak uztailaren 8an. Proposamenak harrera bikaina izan zuen ikasleen artean eta emaitzak ikusita Euskal Etxeak ez du baztertzen, neguko oporretatik bueltan, bigarren bat antolatzea.
2017/07/21
Berri-berria da mugikorretako euskal emotikonoak dakartzan aplikazioa. Euskalmoji izeneko aplikazioa Android eta iOS sistema eragileetan erabil daiteke, doan, eta oso erraza da jaitsi, instalatu eta erabiltzea. Euskal emotikonoek euskal kulturaren alde anitzak irudikatzen dituzte, hala nola kirolak, sukaldaritza, jai tradizionalak eta euskarazko esamoldeak, eta edozein aplikaziotan eta sare sozialetako aplikazioetan sar daitezke.
2017/07/21
Azaroaren 6tik 12ra izango da aurten Euskal Aste Nazionala eta egoitza, lehenengo aldiz, San Nicolas hiriko Euzkal Etxea izango du. Programa bideratuta dago eta EuskalKultura.com-en dagoeneko jakinarazi dugun legez izen handiko artisten emanaldiak eta politika erreferenteen hitzaldiak ere badira tarteko, besteak beste. Orain, Euskal Etxeak voucherren kostuak zabaldu ditu: prezioak merkeagoak izango dira ordainketa irailaren 15a baino lehen egiten bada.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus