euskal diaspora eta kultura
2017/09/08
Joan den igande-astelehenean hasita, aurrera darrai Euskal Herrian Gaztemundu 2017, munduko hainbat euskal etxetatik etorritako 14 gazte musikarirekin. Aurten musikari eta euskal instrumentuei eskainia, Argentina, Txile eta Uruguaitik etorritako gaztteak Ajuria-Enearaino heldu ziren atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak eskaini zien harrera-ekitaldian parte hartzeko. Heldu ere, euren instrumentuekin heldu ziren eta erakustaldi bat egin zuten Lehendakariaren aurrean. Bere hitzetan, Urkulluk euren euskaltasuna eskertu zien eta "musika gure herriaren kulturaren funtsezko adierazpide"tzat jo zuen.
2017/09/08
Muraleko irudiak euskal nortasuna edota euskal kolektibitatearen ezaugarriren bat irudikatu beharko du eta La Platako Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikasleek margotuko dute. Diseinua erabakitzeko, galdeketa igo du Euskal Etxeak bere Facebook kontura jendeak hautatu eta bozkatu ahal izan dezan. Euskal ikur batzuk daude hautagai, tartean Gernikako Arbola, lauburua, Euskal Herriko mapa eta sanferminak, soilik batzuk aipatzearren.
2017/09/07
Irailean barneratzen ari gara. Chinoko Euskal Piknika joan den asteburuan bururatu zen eta, honakoan, Marin-Sonomako euskal festa (Kalifornian), Colorado Euskal Etxearena (Coloradon) eta Paradise Valley-koa (Nevadan) ditugu. Marin-Sonomakoa igandean izango da; Coloradokoa, larunbatean; eta Nevadakoak bi egun bilduko ditu: ostiralean, Muma Scramble Charity Golf baitaratuko du Winnemuccan, pintxo-pote eta erromeriarekin Ormachea's jatetxean; eta larunbatean, Paradise Valleyn, Santa Rosa Euskal Etxearen festa, euskal janari, kirol eta dantza emanaldiz eta Mercedes Mendive & Jean Flesher-en euskal-amerikar musikarekin.
2017/09/07
Buenos Aires probintziako herri hau bere 150. urteurrena ari da betetzen aurten eta ekitaldien barne, eta Immigrantearen Eguneko ospakizunekin batera, euskal plaka oroigarri lauburudun bat desestali zuten joan den igandean Euskal Juarez elkarteko kideek herriko kanposantuan, etorkinen omenezko monumentuaren oinarrian. Ekintzak aste osoan luzatuko dira eta irailaren 22an bukatuko, dantza ikuskizun batekin.
2017/09/06
Iguazuko Claudio Raul Filippa alkateak inauguratuko ditu datorren igande honetan, irailaren 10ean, argentinar askorentzat ‘Eskorgako Euskalduna’ ezizenarekin ezagun eta famatu egin zen Guillermo Larreguiren omenezko bi lan plastiko. Biak Puerto Iguazu herriko Kostaldeko Etorbidean egongo dira, urtero milaka asko turistak bisitatzen duten Hiru Mugetako (Argentina, Brasil eta Paraguai herrialdeen arteko) mugarrian.
2017/09/05
Ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitateak emango du Donostian, urriaren 6tik azaroaren 25era. Izena emateko epea urriaren seian bukatuko da. Ikastaroaren zuzendaritza Mari Jose Olaziregiren (EHU-UPV) eta Garbiñe Iztuetaren (Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria) esku egongo da.
2017/09/05
‘Amama’ eta ‘Loreak’ filmak proiektatu ziren Gure Etxea Euskal Etxeak eta Tandilgo INCAA –Zine eta Ikus Entzunezko Arteen Institutu Nazionala– Guneak antolatutako Zine Zikloan. Aktibitatearen oihartzuna ikusita, Argentinako beste herri batzuetako INCAA Guneek errepikatu nahi dute zikloa euren aretoetan. Zergatik ez zeurean?
2017/09/04
Colorado estatuko (AEB) Fort Collins-en hirian joko du bihar Berri Txarrak taldeak. Iraileko lehenengo hamabostaldian Kanada eta Estatu Batuetan eskainiko dituzten kontzertuetan lekunberritarrek Montreal-en, Toronton, Washington hirian, Rhode Island-eko Providencen, Bostonen, New Yorken eta New Jerseyn joko dute, horietan hiru bat aldiz Descendents taldea agertokian lagun. Ikus lekuak eta datak zu zeu joateko, edo inguruan bizi den lagunen bati esateko.
2017/09/04
160 bat lagun bildu ziren La Pampa probintzia argentinarreko hiriburuan, bertako Zelaiko Euskal Etxea aurten ospatzen ari den 25. urtebetetzeko bazkarian. Tokiko euskal gizataldeari babesa emateko, FEVAko lehendakariak eta herriko eta probintziako zenbait agintarik ere hartu zuten parte ekitaldian. Omenaldi berezi bat ere egin zitzaien ekitaldien baitan euskal erakundeko lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kideei, 25 urte hauetako lehendakariei eta baita euskal etxeko sukaldari eta laguntzaileei ere.
2017/09/02
Kanadako bikoteak (Franck Altuna eta Rufino Iribarren) irabazi du Kaliforniako Chinon Munduko Mus Txapelketa 2017. Ondoren, Euskadi 2 bikotea (Martin Begiristain eta Javier Gabarain) geratu zen bigarren; eta hirugarren, Frantziaren izenean jokatu zuen bikotea (Michel Larramendy eta Jean Michel Sinde). Gogoratu 2017ko Munduko Mus Txapelketa Kaliforniako San Frantziskon, lehen fasean, eta Chinon, bigarrenean, jokatu dela, eta atzo ostirala jokatu zirela azken partidak. Bikote muslariek eta euren laguntzaileek aukera izango dute orain, asteburu honetan ospatuko diren Chinoko Euskal Jaietan parte hartzeko. Datorren urtean, Mundu Txapelketa Argentinako Macachinen jokatuko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus