euskal diaspora eta kultura
2017/10/18
Euskal blogarientzat eta euskarazko blogen irakurleentzat erreferentzia gune bat sortzeko asmoz, Azkue Fundazioak Blogetan.eus ataria berritu du. Atariak blogetako edukiak automatikoki biltzen ditu, ordena kronologikoan eta kategoriaka sailkatuta. Lau ezaugarri nagusi ditu atariak: euskal blogarien bilduma izatea, pertsonalizatutako edukiak eskaintzea, blogarien datu basea eta Blogetan lehiaketaren tartea. Urtzi Urkizuk Berrian sinatutako artikulua.
2017/10/17
Euskal Aste Nazionalaren aurreko asteburuan motorrak berotzen hasiko dira Buenos Aires hiriburuan Euskal Herritik etorriko diren artistak. Musika jaialdia Campustellae Kultur Gunean izango da, Euskaltzaleak Euskaltegiak antolaturik eta Michel Etcheverry, Mikel Urdangarin eta Xabaltxekin batera, euskal musika jotzen duten Argentinako Zutarriak taldea eta ‘De a dos’ bikotea ere arituko dira. Hitzordua azaroaren 5ean, igandea, arratsaldeko 6etan.
2017/10/16
Hasierako Akordioak urte batzuk baditu ere, aurten berritu duten agirian helburu berriak adostu dituzte Euskal Etxeak eta Unibertsitateak. Hitzarmen berriaren baitan Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalak antolatuko dituen hainbat tailerren egoitza izango da Euskal Etxea eta, aldi beran, Euskal Etxeak bere kultur eskaintza Unibertsitatera garatu ahal izango du. Berri honekin batera, elkartearen 23. urteurrenean, Picassoren Guernicaren erreprodukzio bat inauguratuko dutela jakinarazten digute Gure Ametza-tik.
2017/10/16
Joan direnek aurtengo abuztukoa ere “esperientzia paregabea” izan dela baitetsi dute eta hori dela eta 2018koa hasia da antolatzen Mariana Dominé Irigoyen. Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko erreferenteak datorren bidaia 2018ko abuztuan izango dela baieztatu digu, txartelak, ostatua, bazkariak eta bisita gidatuak prezioaren barne. Interesatuek zabalik daukate dagoeneko xehetasunak galdetzeko epea eta izena emateko aukera ere ireki berria da.
2017/10/13
Buenos Airesko Eusketxe-Euskal Kultur Etxeak antolatuta, lehiaketak maila guztietako euskara ikasleei dago zuzenduta eta bi kategoria ditu: Ipuin laburrak eta Bideoak. Lanak bidaltzeko epea urriaren 31an bukatuko da eta sariak –euskarazko liburu eta diplomak– Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunean banatuko ditu Buenos Aires hiriburuko euskal elkarte honek.
2017/10/13
Eusko Biltzar Euskal Etxean sortutako Eusko Alaia abesbatzak errepertorio elebiduna du, estilo askotako abestiek osatuta. Ana Sassonik zuzenduta, bigarren aldiz bertaratu zen taldea Necocheara bertan beste hamar bat abesbatzekin batera ‘Coraliada’ kantaldian parte hartzera. Berri honekin batera, Inmigrantearen Eguneko ekintzei berri ere helarazi digute Coronel Pringleseko Euskal Etxeko lagunek: Lucia Angladette, euskal etxeko hautagaia, lehenengo printzesa hautatu zuten epaileek.
2017/10/12
"Arrakasta handi"tzat jo dute joan den larunbatean Madrilgo Retiro Parkean egindako Euskal Jaia 2017. Madrilgo Euskal Etxeak, bildu zen jende kopurua azpimarratu du, "goiz eta arratsalde ederki pasatu zuena, estropada polit batekin Retiroko urmaelean, Iparraldeko Pauline eta Juliette neska bikotearen kantaldi hunkigarriarekin, 'Pongamos que hablo de Madrid' kantua Euskal Etxeari eskainitako hitzekin abestuz, Madrilgo Euskal Orfeoiarekin eta Briganthya folk taldearekin, gure dantzariak lagun jaiari amaiera ipiniz".
2017/10/12
Egun osoko programa garatu zuen Tres Arroyoseko Euskal Etxeak bere 18. urtebetetzea ospatzeko, bi zatitan banatuta. Goizean, inauguratu berria den Euskal Enparantza izan zen ekitaldiaren egoitza. Gauean, berriz, Euskal Etxearen egoitzan bildu ziren etxeko kide eta lagunak afaltzeko eta elkartearen zein elkarren alde topa egiteko. Artikulu honetan, ikus testuaren ondoan argazki galeria.
2017/10/11
Joan den asteko ostiralean hil zen, Eagle-ko (Idaho) bere etxean Grace Mainvil, duela bizpahiru urte, eritasun gaizto bat detektatuta kargua utzi zuen arte NABOko diruzaina ia 30 urtez eta oso emakume ezagun eta maitatua zena Ipar Ameriketako euskaldunen artean. Gracek gure komunitateko onena pertsonifikatu izan du urteotan, baloretan, dedikazioan, besterenkoi izaten, zintzotasunean, eskuzabaltasunean, eraginkortasunean eta beste hainbat kualitatetan, ahaztu gabe beti ezpainetan zeukan irria, bere jarrera ireki eta zerbitzu izpirituaren adierazgarri.
2017/10/11
Buenos Aires probintziako euskal etxe zahar eta aktiboenetako bat da Bahia Blancakoa. Azken aste hauetan bere betiko ekintzak –dantzak, euskara, kirola...– garatzeaz gain, Uzturre Munduan euskal elkarteko ordezkariekin batera dantza eta musika tailerrak antolatuditu. Bere egoitzatik kanpo ere aritzen da euskal etxea. Hiriko Nekazaritza Elkarteko Erakusketan ‘Quincho de los Vascos’ izenekoa muntatu du aurten ere, hogeita hamabi urteko ohiturari eutsiz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus