2011/01/12

Etxepare Euskal Institutuak Euskara eta Euskal Kulturako irakurlegoen kargu egingo diren bi irakasle aukeratzeko deialdia egin du; bata Txileko lau unibertsitatetan eta bestea Argentinako unibertsitate batean ariko da. Irakurle hauek 2011, 2012 eta 2013ko ikasturteetako klaseak emango dituzte. Postuen urteko soldata 18.000 eta 21.600 euro bitartekoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan bertan itxiko da.
Gehiago irakurri...
2011/01/10

La Platan, Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburuan jaio ziren, eta gurasoek, arbaso euskaldundunak, erabaki zuten, Azulgo Euskal Etxeko kide den birramonak utzitako liburu batean begiratu ondoren, euskal izenak ipintzea bi anaia bizkiei: Iker eta Aitor. Hasieran auzokoek, sendikoek eta lagunek oro harriduraz hartu zituzten izenok, baina dagoeneko ohitu dira. Artikulua eman zen argitara Iker eta Aitorri buruz atzo Buenos Airesko Diario Popular kazetan.
Gehiago irakurri...
2011/01/04

Iaz bezala, Olentzero pixka bat beranduago helduko da Bordeleko Euskal Etxera, urtarrilaren 9an zehazki. Elkarteak oporretatik bueltan bazkide ahalik eta gehien bil ditzake horrela egun honetako jai ederrera. Aurtengoan Adinekoen bazkariarekin batera egingo dute Olentzero eguna. Haurrek, Olentzero etorri bitartean, Xan Errotabehere ipuin kontalariaren ikuskizunarekin gozatu ahal izango dute eta krakada bat egingo dute euskal etxean.
Gehiago irakurri...
2011/01/03

2011. Urte Berri On, irakurle. Azken urteotan ohi bezala, urte hasiera barne lanak egiteko baliatuko dugu eta, beraz, gaurtik eta San Sebastian eguna (urtarrilaren 20a) bitartean ez dugu buletina plazaratuko. Tarte honetan, webgunean ikusi ahal izango den lanari dagokionez, agenda eguneratuko dugu eta albiste jakinen bat tarteka. Buletinaren berrabiatzea San Sebastian egun biharamunean izango da, urtarrilaren 21ean, ostirala. Beste edozein gauzatarako ohiko bideetatik jar zaitezke gurekin harremanetan. Jarraian, azken egunotan erredakzioan jaso ditugun christma eta zorion desioen bilduma.
Gehiago irakurri...
2010/12/31

Azkenean iritsi da zozketaren eguna, eta 'Zer gara gu, nor gara gu' jokoaren bi aleek norako bidea hartuko duten jakiteko tenorea. Gotzon Barrueta egile eta Elkar etxea argitaldari duen jokoa Argentina bidaiatuko da, hain zuzen ere Ayacucho herrira, Buenos Aires probintzia barnealdean; eta Viedmara, Rio Negro probintzian, Patagonian. Mila esker zozketan parte hartu duten ia ehun pertsonei eta baita zozketatu ditugun bi jokook eman dituzten Gotzon Barrueta eta Elkar argitaletxeari.
Gehiago irakurri...
2010/12/31

1993an Buenos Aires hiriburuko 'Manuel Belgrano' Eskolak Chaco probintzian dagoen 664 zenbakidun Quitilipi herriko Eskola babesteko proiektua jarri zuen abian. Proiektuak hiru hanka ditu: Quitilipiko familiei eta batez ere umeei arropa eta janaria bidaltzea, haien osasuna eta bizi kalitatea hobetzea eta, hirugarren, Buenos Airesko eskolako gazteei elkartasunaren balioak irakastea. Proiektua estimatua da oso baina arazo ekonomikoen ondorioz gero eta zailago egiten zaio eskola babesleari bere betebeharrekin konplitzea. Hori dela eta, Euskaltzaleak-ek bere laguntza eskaini zion 'Belgrano' eskolari; laguntza baliabide ekonomiko eta prestakuntza ematean datza.
Gehiago irakurri...
2010/12/31

Urte bukaeran --Gabon-jaiak eta urte zaharrarekin batera-- ikasturte amaiera ere ospatzen da Argentinan abenduan. Hori dela eta, martxotik hona klaseak, ikastaroak, eta bide batez, topaketak eta ateraldiak konpartitu dituztenak urte zaharrari “agur” esateko ere elkartzen dira. Helburu honekin, La Plata hirian bi ekitaldi gauzatu dira, abenduaren 12an eta 27an. Alde batetik, euskal etxeko egoitzan abenduaren 12an bazkari bat partekatu zuten etxeko kideek. Beste alde batetik, La Platako Unibertsitateko Euskara eta Kultura irakurlegoko ikasleei ikastaroaren ziurtagiriak eskuratu zitzaizkien, abenduaren 27an.
Gehiago irakurri...
2010/12/30

Ehun urte bete ditu aurten Argentinako Idiazabal herriak. Cordoba probintzia barnealdean dagoen herri honek senidetza harreman berezia dauka Gipuzkoako Goierrin dagoen Idiazabal herriarekin; izan ere, hangoa zen Hego Ameriketako Idiazabal-en sortzailea Demetrio Jauregialtzo. Mendeurrena dela eta, Angel Jose Martini herri argentinarreko seme maiteak herriaren historiari buruzko liburua idatzi zuen, 'Bi Idiazabal, mendeurren bat'. Testuan, immigranteen istorio, pasadizo, tristura eta itxaropenak kontatzen ditu Martinik, azken mendearen lekuko baliotsuak.
Gehiago irakurri...
2010/12/30

Liburu elektronikoena iraultza geldiezina omen da eta mundu osoan hedatzen ari den modari jarraiki euskal argitaletxeak ere euren nobedadeak formato elektronikoan eskaintzen hasiak dira, www.gurebook.com webgunearen bitartez. Diasporako euskaldunentzat, bereziki, aukera oso baliagarria izan daiteke, Euskal Herrian plazaratzen diren azken nobedadeak momentuan erosi eta jasotzeko bidea baita.
Gehiago irakurri...
2010/12/30

80. hamarkadan zesta punta edo AEBetan jai alai izenez ezagutzen duten kirola Floridako nagusienetakoa izan zen. Milaka ikusle eta apustulari biltzen zituzten frontoiek Estatu Batuetan zehar. Gaur egun, baina, etorkizun beltza omen du, beste kirol eta apustu iturriak, batez ere pokerra, gailendu baitzazkio. Miami Herald egunkariko Linda Robertson kazetariak jai alaiko izar izan zen Joey Cornblit-ekin batera frontoietara bisita nostalgiko eta kritikoa egin du, jarraian laburbiltzen dugun artikuluan.
Gehiago irakurri...