euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Film batek Horacio Echevarrieta XX. mende hasierako milioidun bilbotarraren berri ematen digu

2011/03/30

Horacio Echevarrieta euskal diputatuek emandako plaka errezibitzen Gernikako Juntetxean 1925ean, Kontzertu Ekonomikoaren alde eginiko lanarengatik (argazkia EuskoMedia.org) Horacio Echevarrieta euskal industrialariari buruzko 'El último magnate' izenburuko dokumentala aurkeztu zen atzo Malagako Zinemaldian. "1920ko hamarkadan hasitako isilpeko azpijokoa dakar gogora lanak, espioitza, azpikeria politikoa, isilpeko armen ekoizpena edo orduan munduko itsaspekorik onena zenaren eraikuntza uztartuz", diote Sincro ekoiztetxetik. Izan ere filma Donostiako Sincro ekoiztetxeak egin du, Malagako MLK produktorearekin batera, eta ETBren eta Canal Sur TVren partaidetzarekin, Eusko Jaurlaritzak, Andaluziako Juntak eta Espainiako ICAAk lagunduta. Zuzendaritza lana eta gidoia ere euskal-andaluziarra izan da, buruak José Antonio Hergueta eta Donostian bizi den Olivier van der Zee holandarra izanik.

Gehiago irakurri...


Birmingham-eko Unibertsitatean Larry Trask euskaltzainaren omenezko jardunaldia egingo dute bihar

2011/03/29

Xabi Paya, Birmingham-eko Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurle (argazkia Euskonews) Euskal Literaturari buruz ariko dira bihar Birmingham-eko Unibertsitatean, Larry Trask ohorezko euskaltzainaren omenez antolatutako jardunaldian. Unibertsitate ingelesak eta Etxepare Institutuak lankidetzan antolatu dute ekitaldia, euskara gaietan aditua zen Robert Lawrence Trask hizkuntzalari estatubatuarraren izena eta lana goraipatzeko. Hizlariak Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutuko Euskara zuzendaria, eta Amaia Gabantxo, East Anglia Unibertsitateko kidea, izango dira.

Gehiago irakurri...


Tandilgo Gure Etxea-k Dantzarien Topaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu die eskualdeko euskal etxeei

2011/03/29

Dantza erakustaldia Tandilgo Euskal Etxearen 2008ko Sanferminetan Ikasturte hasieran gaude Argentinan eta proposamen anitz eskainiko dizkio aurten ere Buenos Aires probintziako Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak herriko komunitateari, tartean, euskara, dantza eta pilota klaseak, liburutegi zerbitzua, eta etxeko abesbatzako partaide izateko aukera. Ohiko ekintza hauetaz gain, erakundeko Zuzendaritza Batzordeak Biltzar Orokorrerako deia luzatu du. Aldi berean, eta Tandildik hurbil dauden euskal etxeetako gazteak elkartzeko asmoz, maiatzaren 14an Dantzarien Topaketa iragarri dute. Jai honetan parte hartzeko gonbite irekia ere plazaratu dute Gure Etxea-ko lagunek.

Gehiago irakurri...


'Euskal sushi-a' edo patata tortilaren bertsio asiarra Shanghaiko Euskal Etxeko kideek asmatuta

2011/03/29

'Euskal Sushi', Shanghaiko 1go Tortilla Lehiaketaren errezeta irabazlea (argazkia ShanghaiEE) Shanghaiko Euskal Etxea osatzen duten bazkide gehienak Txinan lana dela eta bizi diren gazte euskaldunak dira, eta gazte izate hori da agian elkartearen jarduera original eta alaien giltzarria. Euskal etxe honetan patata tortila txapelketa tipiko arrunta euskal eta asiar gastronomiaren arteko fusio bitxia bihurtzen da. Ikus bestela argazkiko 'euskal sushi-a. Azken hilabeteetan euskal etxean egin dituzten beste ekitaldi berezi horietako bat martxoaren 19an egin zuten squash txapelketa izan zen. Elkartearen blogean sareratu dituzte jarraian jaso ditugun irudiak.

Gehiago irakurri...


Aurrera darraite Argentinako Carlos Casares herrian, 'Euskalduna' Euskal Etxearen egoitza eraikitzeko lanek

2011/03/29

Hona Carlos Casaresko 'Euskalduna' Euskal Etxeko kideek erosi zuten lur-puska euren egoitza eraikitzeko (argazkia El Oeste) Piskanaka, apurka, emeki baina beti aurrera eginez segitzen dute Argentinako Carlos Casares herrian, Buenos Aires probintzia barnealdean, bertako 'Euskalduna' Euskal Etxea osatzen duten lagunek euren elkarteari egoitza bat eraikitzearren egiten ari diren ahaleginek. Bazkide eta lagunen helburu garrantzitsua da egoitza eraikitzea, eta badira aurten bertan lortuko dutela diotenak. Argi dagoena da auzolana dela, batek material hau eman, besteak beste material hura merkeago lortu, hirugarrenak dirua ipini edo doan lan egin zati berri bat amaitu ahal izateko. Bertako prentsak, euskaldunez daukaten irudi topikoari eutsiz, euskaldunen alde egiten dute, honela esanez: 'A porfiados no les van a ganar...' (kaskagorkerian ez diete irabaziko...)

Gehiago irakurri...


Gertu dira Diasporako euskaldunak Korrikarekin bat egiteko: Boise, London, Madril, Bartzelona, Berlin...

2011/03/28

Londreseko Euskal Etxeko kideek klip bat ere grabatu dute Korrika 17 dela eta (argazkia LondonEE) Abestiak dioen bezala, 'Pausoz pauso, gelditu barik'... badator Korrika 17 eta Diasporan asko eta asko dira euskararen aldeko lasterketari ongi etorria egiteko prest diren euskal etxeak. Apirilaren 7an abiatuko da Trebiñutik Euskal Herrian zehar ibiliko den Korrika, eta Donostian bukatuko hil bereko 17an. Baina lasterketak etengabe aurrera darraien bitartean, nazioartean hamaika 'anaia-txiki' aterako zaizkio: Boisen eta Mountain Homen (AEB), Madrilen, Bartzelonan, Londresen, Berlinen... (bidal iezaguzu zure euskal etxekoaren berri)

Gehiago irakurri...


Berrehun dantzari eta giro ederra Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak antolatutako V. Dantzari Topaketan

2011/03/28

Agertokian baita kalean ere dantzan Cañuelaseko V. Dantzari Topaketan (argazkia EuskalKultura.com) Bost urtetako ohitura bati jarraituz 2011 honetan ere ospatu zuen Aberri Eguna Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeak bere Dantzarien 'Topaketa Erregionalarekin'. Hamahiru dantza taldek dantzatu zuten pasa den larunbatean herriko plaza nagusian jende multzo baten aurrean. Jaia arratsaldeko 6ak aldera hasi zen euskal etxetik agertokira abiatu zen kalejira batekin. Dantzaldia bukatuta, Argentinako hainbat herrietako gazteak Denak Bat-en egoitzan elkartu ziren erromeria batez gozatzeko. Agurra, ordea, Nekazaritza Elkartean eta erreki batekin izan zen. “Oso pozik gaude asteburu bikaina pasatu genuelako”, adierazi zuten euskal etxe antolatzailearen batzordekideek igandeko bazkarian. “Hau bezalako jaiak dira euskal komunitateari eta zehatz-mehatz gazteei ematen dieten aurrera jarraitzeko indarra”, azpimarratu zuen Daniel Sancholuzek, Denak Bat-eko lehendakariak, eta gonbidatu zituzten partaide guztiak datorren urtean VI. Topaketan berriro biltzera.

Gehiago irakurri...


Martxoa gogotsu bukatu dute Quebec-eko EEan: Aberri Eguna, dokumentalak, dantza eta txalaparta

2011/03/28

Quebec-eko Euskal Etxeko txalaparta ikastaroko ikasleak (argazkia QuebecEE) Quebec-eko 'Euskaldunak' Euskal Etxeak ekitaldiz jantziriko martxoa bukatu du. Proposamen desberdin ugari izan dira Montrealeko elkartearen egoitzan: dokumental emanaldien errepikapenak (ikusleek eskatuta), dantza eta txalaparta ikastaroak eta Aberri Egunaren ospakizuna, azken hau iragan martxoaren 22an. Elkarteak goiz ospatu du jai hau aurten, apirilean ezin zutelako eta hemendik aitzina quebectarrak, Euskaldunak-en 15. urteurreneko ekitaldiak prestatzen ibiliko direlako buru-belarri.

Gehiago irakurri...


Zalantza eta segurtasun gabezia Japonian; Jon Verastegui Tokyoko EEko lehendakariaren lekukotasuna

2011/03/28

Jon Verastegui, Tokyoko Euskal Etxeko lehendakaria, eta bere emazte Megubi, Gasteizen ateratako argazki batean (argazkia Aitor Guinea-Deia) Bi aste t'erdi dira lurrikarak eta ondoren itsasikarak Japonia eraso zuenetik. Hildakoak gehi desagertutakoak ia 30.000 pertsonatara iristen dira. Eta kalte zuzenek baino gehiago, dardarak Fukushimako zentral nuklaerrean egindako kalteek eta hortik etor daitezkeen ihes radioaktiboek kezkatzen dute biztanlegoa. Informazioa gutxika banatzen dute eta egoerak ezustean harrapatu ditu Japoniako gobernua eta zentralaren enpresa kudeatzailea. Ahal dutenetako batzuk lurra jartzen ari dira tarteko. Oinarriz, oinarririk gabe? Jon Verastegui, Tokyoko Euskal Etxeko lehendakariak bere lekukotasuna kontatu dio Deia egunkariko Marta Martinezi.

Gehiago irakurri...


Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean Kia, Alejandro Maizen biloba, eta Guarita pilotaria hil direlarik

2011/03/25

Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean Dolu egunak Miamiko Euskal Etxean, joan den igandean 'azken agurra' eman zitzaiolarik Manolo Guarira garai bateko pilotari ezagunari; eta astelehenean tupustean zirkulazio istripuan hil zelako Kia Maiz, Miamiko Euskal Etxeko lehendakari den Alejandro Maiz mutrikuarraren biloba. Guztiek Miamiko euskal komunitatean ezagutzen dute Alejandro, lehenik Habanako Centro Vasco jatetxean ari zela, eta duela mende erdi bat Miami bertako euskal komunitateko kide aktibo moduan. Besarkada handi bat euskal diasporako lagun guztien partez.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia