euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxearen Biltzar Nagusiak Jose Martin Azarloza berrautatu du lehendakari

2011/07/04

Jose Martin Azarloza, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari berrautatua Araudien esanari segituz, Mar del Platako Denak Bat euskal etxe argentinarrak bere Zuzendaritza Batzordea berritu du joan den ekainaren 11ean elkartearen egoitzan eginiko Ohiko Biltzar Nagusian eta konfidantza berretsi dio orain arteko lehendakari zen Jose Martin Azarlozari, beste epe berri batez ardura berarekin jarrai dezan. Azarlozarekin batera ariko dira buruzagitza berrian Ana Maria Irigoyen, lehendakariorde lehena; Miguel Angel Valencia, lehendakariorde bigarrena; Gustavo Elichiribehety, idazkaria; Maria Luz Vicente, idazkariordea; Francisco Valencia, diruzaina; eta Juan Gonzalez, diruzainorde, besteak beste.

Gehiago irakurri...


Euskadiko Saskibaloi Selekzioak Argentinako euskaldunak Salta, Chaco eta Cordobako partiduetara deitu ditu

2011/07/01

Euskadiko Saskibaloi Selekzioko kideak (argazkia ESF) Uztailean eta abuztuan hiru partidu jokatuko ditu Argentinan Euskadiko Saskibaloi Selekzioak eta, Euskal Herritik milaka kilometrotara egon arren, arduradunek espero dute euskal zaleen babesa izatea. Euskal argentinar zaleen babesa, alegia, bihotza erdibituta ere. Argentinar selekzioa, munduko hirugarrena, izango dute aurrean uztailaren 31an Resistencian (Chaco) eta abuztuaren 7an Saltan. Tartean Cordoba probintziako selekzioaren aurka ere jokatuko dute, abuztuaren 4ean. Euskal Federazioa hiru herri hauetako euskal komunitatearekin harremanetan jarri da, euskaldunak partidetara bil daitezen.

Gehiago irakurri...


Sarean dira euskal etxeetako kideek 'Hamaika Pauso'ren irakurraldirako egin zituzten bideoak...

2011/07/01

Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxearen bideoko irudia ...eta guk hona bildu ditugu. Bilbo Zaharra euskaltegiak sarera igo ditu irakurraldian parte hartu zutenen bideo guztiak: bostehundik gora! Ezta lan makala izan, baina aukera bikaina ematen die 'Hamaika Pauso' eleberriaren irakurraldia zuzenean jarraitzeko aukera izan ez zutenei proposamena segitzeko. Gehienek Bilboko Arriaga antzokian egin zuten irakurraldia, baina euskal etxeetako kideek aldez aurretik grabatu zituzten, bakoitza munduko bazter batean. Hementxe dituzue.

Gehiago irakurri...


Gau magikoa bizi izan zuten Necochea eta Buenos Airesko euskaldunek San Juan Suaren inguruan

2011/07/01

Sorginak arduratu ziren Iparraldeko euskal etxeko ospakizunaz (argazkia EuskalKultura.com) Badaude sorginkerien fededun itsu-itsu direnak eta badaude arrazionaltasunetik kontu horiek serio hartzen ez dituztenak. Haatik, ekainaren 24a heltzen denean, desadostasunak aldean utziz guztiak biltzen dira San Juan suak erakarrita. Euskal Herriko antzinako ohiturei jarraiki, Argentinako hainbat euskal etxetan San Juan edo Jondonane Gaua suarekin lotutako ekitaldiak egin dira azken egunotan. Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kideek sorginez inguratuta ospatu zuten. Necochean, berriz, sua eman zion sorgin bati, eta suaren inguruan Euzko Etxea euskal etxeko dantzariek Lantzeko Inauteria dantzatu zuten.

Gehiago irakurri...


Erroman da berriz Asier Gogortzaren 'Concrete Landscapes' erakusketa, aurrekoan izan zuen arrakasta dela eta

2011/06/30

'Concrete Landscapes' erakusketako argazki bat (argazkia Asier Gogortza) Bigarren aldiz izango da ikusgai Erroman Asier Gogortza argazkilari beratarraren 'Concrete Landscapes' erakusketa, iazko apirilean izan zuen harrera ona dela medio. Associazione Culturale Euskara eta UPTER Unibertsitateko Dipartimento di Lingua e Cultura Basca sailak aurkeztuta, Forte Prenestino kulturgunean izango da ikusgai bihartik iganderaino. Erakusketa honetako argazkietan Gogortzak aspaldi ahazturiko bunker militarrak erabiltzen ditu 'pin hole' kamera gisa, eta barruko paretetan islatzen den paisaiaren irudia erakusten du.

Gehiago irakurri...


Tomas Ilzauspe eta Alfonso Echenique bikote nafarra, Txileko ordezkari 2011ko Munduko Musean, Angelun

2011/06/30

Olivier eta Roger Mendiondo aihertarrak dira egungo Munduko Mus txapeldunak Tomas Ilzauspek eta Alfonso Echeniquek osatzen duten bikotea izango da Txileko ordezkari datorren azaroan Angelu hiri lapurtarrean egingo den 2011ko Euskal Etxeen arteko Munduko Mus Txapelketan. Halaxe erabaki da bikoteak finala irabazi ondoren, Fermin Sarratea eta Jorge Oyarzun-en kontra, Txileko Santiagoko 'Berriketari' hilebetekariak bildu duenez. Txileko mus txapelketak, txapela nazionalarekin batera Mundu Txapelketarako txartela ere sari duena, maiatzean eta ekainean egin dira errepublika australean.

Gehiago irakurri...


Doctor Deseo taldeak "1.000 esker" eman dizkie Mexikoko zaleei DFko harreragatik (bideoak)

2011/06/30

Francis Díez kantaria, Doctor Deseok Lunarion eman zuen kontzertuko une batean (argazkia DoctorDeseo) Doctor Deseo taldea Mexikotik bueltan da jada, baina musikari bilbotarrak mexikar zaleen harrerarekin harrituta daude oraindik ere. Euskal Herritik, taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie Lunario aretoan euren kantak hitzez hitz abestu zituzten 900 lagunei, eta baita ere kalean sinadura eske hurbildu zitzaizkienei, euskal etxean eurekin egon zirenei, Bizarro tabernako kontzertuan izan zirenei... Jarraitzaile sutsu horietako bat taldearekin izan zen egunero eta kontzertuetako bideoak helarazi dizkigu, EuskalKultura.com-eko irakurleekin eta Doctor Deseo zaleekin partekatzeko.

Gehiago irakurri...


Gral. Rocako Gure Etxea-ren eskutik, San Juan suak Patagoniako gau luzeari argia eta beroa ekarri zizkion

2011/06/30

San Juan Suaren inguruan Euskal Herriko dantza tradizionalak egin zituzten euskal etxeko eta Patagoniako Ballet Fundazioko dantzariek (argazkia EE) Neguaren hotzak eta sumendi-errautsek ez zituzten Gral. Rocako lagunak kikildu. Izan ere, bertako Gure Etxea euskal etxeak gonbidaturik, 150 bat lagun bildu ziren ekainaren 24an herriko Kanal Handiko anfiteatroan Gure Etxeak antolatu zuen ekitaldian parte hartzeko. Dudarik gabe, sua izan zen gaueko protagonista; eta suaren inguruan euskal etxeko eta Patagoniako Ballet Fundazioko dantzariek guztien gustuko ikuskizuna eskaini zuten. Horrela, hotza eta beroaren arteko mugan ospatu zuten aurten beren “sanjuanada” Rio Negro probintziako herri honetako euskaldunek.

Gehiago irakurri...


Begiraleak talde lapurtarra Quebeceko Euskal Abentura Parkearen 15. urteurrenean arituko da

2011/06/29

Trois Pistoleseko Euskal Abenturaren Parkeak 15. urteurrena egiten du uztailaren 9an Quebec-eko Ameriketako Euskal Abenturaren Parkea 15 urte egiten ari da aurten eta kultur jaialdia antolatu du data ospatzeko. Urtero legez, bertan izango da Quebeceko Euskaldunak elkartearen ordezkaritza bat eta aurten Lapurdiko Begiraleak dantza taldea ere bilduko da ospakizunetara. Uztailaren 9an izango da Trois Pistoles-eko jaia, eta ondotik lapurtarrek Drummondvilleko Munduko Folklore jaialdian parte hartuko dute uztailaren 11tik 15era. Quebeceko bidaia Montrealen bukatuko dute eta jai ttipi bat eginen dute Euskaldunak-en egoitzan, lagunartean.

Gehiago irakurri...


Bost pilotari bikotek hasiko dute gaur Buenos Aires eta La Platan jokatuko den San Fermin Xare Txapelketa

2011/06/29

Buenos Airesen eta La Platan gaur hasiko den xare norgehiagokan arituko diren pilotarietako bi, Iñaki Gil Najera eta Ignacio Montiel (argazkia PelotarisTucuman.blogspot.com) Bost pilotari bikotek estreinatuko dute gaur arratsaldez Buenos Aires Hiriko Gure Echearen pilotalekuan datozen bi asteetan hiriburu federal argentinarrean eta La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuan jokatuko den San Fermin Xare Txapelketa. Norgehiagoka lau partidatan jokatuko da, gaur hasita, datozen biak datorren larunbat eta igandean eta azkeneko bat datorren asteko larunbatean, uztailaren 9an, San Fermin jaien asteburuko ospakizunean. Xarea sobera ezagutzen ez den pilota modalitate bat da, Diasporan ere, gutxi batzuk, baina praktikatua dena. Arituko diren pilotari guztiak Argentinar Selekzioko kide aritu izan dira Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako partidatan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia