euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baietz Musika Taldeak bere lehenengo CDa aurkeztuko du larunbatean San Nicolaseko Euskal Etxean

2011/09/29

2010ean Baietz taldeak San Nicolaseko Euskal Etxean emandako kontzertuko irudia (argazkia EE) 2008. urtearen amaieran sortu zuten Agustin Alonso, Jose Noe Fernandez, Franco Seghesso, Fernando Zabalza eta Gaspar Jaurena gazte argentinarrek Baietz izeneko ensamblea. Harrezkero, Cordobatik Argentinako beste hainbat herritara eraman dituzte Euskal Herriko soinu eta doinu tradizionalak, leku guztietan harrera ezin hobea jasoz. Baina euren hiritik kanpo egin zuten lehenengo kontzertua Buenos Aires probintziako San Nicolas herrian izan zen eta hori dela eta herri hau aukeratu dute cordobatarrek Baietz-en lehenengo CDa aurkezteko. Kontzertua urriaren 1ean izango da -- larunbat honetan -- San Nicolas-eko Euskal Etxean, gaueko 9etan.

Gehiago irakurri...


Anne Etchegoyen kantariak tangoa eta euskal musika uztartzen dituen bira egingo du bi kantari argentinarrekin

2011/09/29

Anne Etchegoyen kantaria (foto Anne-Etchegoyen.com) Diasporan sorturiko bira da asteartean Anne Etchegoyen kantariak hasiko duena; izan ere, orain urte batzuk Argentinako euskal etxeetan eman zituen kontzertuen bidez ezagutu zituen Annek herrialde hartako musikari eta kantari asko. Harreman horretatik sortu da orain argentinar musikaren bi ikonoekin -María Volonté eta Mavi Díaz-- bira egiteko aukera. Hiru emanaldi egingo dituzte, tangoa, rocka, folklore argentinarra eta euskal musika uztartuz: asteartean Baionan, urriaren 6ean Bordelen eta 8an Burgosen.

Gehiago irakurri...


Mendeurrenaren ospakizunak hedatzeko asmoz abiatu da Euskadira Zazpirak Bat-eko ordezkaritza bat

2011/09/29

Luis Maria Barrandeguy, Nelida Apesteguia, Felipe Eiheragibel eta Enrique Otañok osatutako ordezkaritza (argazkiaEE) Euskal Herriko kultura, nortasuna eta abertzaletasuna babestu eta hedatzeko helburuarekin eraiki zuten Rosarioko euskaldunek Zazpirak Bat euskal etxea 1912an. Mendeurrenean zehar, Euskal Herriarekin lotutako hainbat proposamen eskaini dizkie euskal etxeak erakundeko kide eta herritarrei. Orain, eta propio egindako bidaian, ehun urteko bidean bizi izandakoa eta datozen urteei begirako proiektu eta ametsak zeintzuk diren azalduko dute euskal etxeko ordezkariek Euskadiko hedabideetan. Euskal Herriko egonaldian, kultur ordezkariekin ere elkartuko dira rosariotarrak, "euskal etxeak abertzaletasunean bizi izandako ehun urteen berri eman eta ospakizunetan parte hartzeko gonbitea luzatzeko".

Gehiago irakurri...


Eusko Ikaskuntzak Eusko Ikasketak online graduondokoa egiteko 20 beka zabaldu ditu Diasporako kideentzat

2011/09/29

Ikastaroari buruzko informazio osoa, Asmoz Fundazioaren webgunean Aurten ere Eusko Ikaskuntzak sustatzen duen Asmoz Fundazioak %100eko bekak eskaintzen ditu Eusko Ikasgaiak graduondokoan parte hartu nahi duten Diasporako kideentzat. Internet bidez egiten da ikastaro hau eta burutzen dutenek titulazio ofiziala eskuratuko dute. Euskal Herriko Unibertsiteak, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (azken hau aurten sartu da graduondokoan) eskaintzen dute ikastaroa. Matrikularen prezioa 1.350 eurokoa da, baina Diasporako kideentzat 20 beka oso daude (ikastaroa doan egingo dute, alegia). Izena emateko epea urriaren 14ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


Maria Julia Ercorecaren senarra, Nicolás Fagoaga, aukeratu dute Puerto Madryngo EEko lehendakari izateko

2011/09/28

Puerto Madryngo EEko dantzariak, geroa, oinarrizkoak elkartearen egituran eta euskal etxekoen helburu Maria Julia Ercorecak esan ohi zuenez, eta aurrerantzean ere izango denez Oraindik ere bere fundatzaile eta arima zen Maria Julia Ercoreca galtzeak ekarritako kolpetik erabat bizkortu gabe, baina aurrera egiteko bokazio eta nahikeria dauka Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik' Euskal Etxeak. Ildo horretan, Maria Juliak hutsik utzitako lehendakari postua berritu du euskal elkarteak, eta berritu ere geroari begira eta Maria Juliak utzitako ondarea zaintzeko egokien izan zitekeen pertsona aukeratu du euskal etxeak, izan ere haren alargunari, Nicolas Alberto 'Cachin'i proposatu baitio erronka hori eta honek, ongi pentsatu ondoren, baiezkoa eman dio, bere burua ezin tinkoago engaiatuz beraz, euskal kultura eta identitatea Argentinako Chubut probintzian lantzen eta zabaltzen segitzeko lanarekin.

Gehiago irakurri...


Berlingo Euskal Etxeak 'Gernika eta alemaniarrak' ekitaldia antolatu du ostiralean Cervantes Institutuan

2011/09/28

Walther L. Bernecker adituak 'Gernika eta alemaniarrak' gaia jorratuko du ostiralean emango duen hitzaldian (argazkia Cervantes.de) Berlingo Euskal Etxeak gonbidapena zabaldu du ostiral honetan Cervantes Institutuaren egoitzan egingo den 'Gernika eta alemaniarrak' izeneko ekitaldira bertaratzeko. Bi zati izango ditu jarduerak: hasteko, Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentalean bonbardaketatik bizirik atera zirenen eta alemaniar pilotoen testigantzak entzun eta ikusiko dira; ondoren, Walther Bernecker historialariak 1937ko apirilaren 26ko gertaera traumatikoak euskal-alemaniar harremanetan izan duen isla azalduko du. Ekitaldia Etxepare Institutuarekin eta Cervantes Institutuarekin lankidetzan antolatua da.

Gehiago irakurri...


Ekin Dantzari Taldeak III. Jauzi Eguna ospatuko du larunbatean Buenos Airesen Mexiko kaleko egoitzan

2011/09/28

Ekin Dantzari Taldea Buenos Aireseko IV. Gizataldeen Jaian (argazkia F. Lioi) 2009an egin zen lehendabizikoz gaur egun urteroko hitzordu bihurtu den Jauzi Eguna. Dantza biribilak erakutsi, ezagutarazi eta dantzatzea du helburu nagusia Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeak antolatzen duen elkarretaratzeak eta ekintza horiek guztiak Mexiko kaleko 1880 zenbakiko egoitzan burutuko ditu Aitor Alavak gidatzen duen taldeak. Jauzi Eguna jaiaren III. edizioa urriaren datorren larunbatean, urriaren 1ean egingo da, iluntzeko 8:30etan eta dantzez gain afaria, erromeria eta zozketak baitaratuko ditu.

Gehiago irakurri...


Quebeceko EEak 15 urte: "Halako ekitaldi batek guti inplikatzen zirenentzat motibazio handia sortu du"

2011/09/28

Urteurren jaiaren biharamunean Mont Royal mendira osteratxoa egin zuten Euskaldunakeko eta NABOko zenbait lagunek (argazkia AMejias) Oso pozik ageri dira Quebeceko Euskaldunak-eko kideak euskal etxearen 15. urteurrenaren ospakizunekin. Iragan irailaren 16tik 18ra ospatu zuten elkartearen urtebetetzea eta, aldi berean, NABO erakundearen bilkura ere antolatu zuten. "Sekulako desafioa izan da guretzat", azaldu dio EuskalKultura.com-i Euskaldunak-eko presidenteak, Adelaide Daraspe urruñarrak. "Gure euskal etxe ttikia ez zen halako proiektu handietan ohituratua. Baina motibazio handia eta ikasteko nahiarekin lortu dugula erran nezake. Iduritzen zait halako ideia berriei esker atxikiko dugula gure euskal etxea bizi bizirik", adierazi du.

Gehiago irakurri...


Fabio Echarri argentinarra eta John Alejandro Ricaurte kolonbiarra dira 2011ko Andres Irujo Saridunak

2011/09/27

Ezkerrean, Fabio Echarri Argentinako Chacokoa, eta eskuinean John Alejandro Ricaurte, Kolonbiako Antioquiakoa. Biek irabazi dute 'ex-aequo' 2011ko Andres Irujo Saria (argazkia EuskalKultura.com) Argentina eta Kolonbiako Diasporatik bidalitako bi lan izan dira aurtengoan elkarrekin eta 'ex-aequo' Andres Irujo Saria bereganatu duten idazlanak. Idazleak, Fabio Javier Echarri, Chacokoa, eta John Alejandro Ricaurte, Antioquiakoa, eta euren lanen tituluak, 'Eusebio Zamacola Abrisketa: Basauritar bat Argentinako Chacon' eta 'Euskaldunak Antioquian 1890-1970. Hurrerapena migratzaile, erlijioso eta exiliatuen istorioetara', hurrenez hurren. Ebazpena bihar argitaratuko du Euskal Autonmi Erkidegoko Aldizkari Ofizialak.

Gehiago irakurri...


Macachingo Gure Ametza dantza taldeak herriko ikasleak bildu ditu udaberriari ongi etorria emateko

2011/09/27

Macachingo hiru eskoletako ikasleek Gure Ametza taldeak antolatutako Olinpiadetan hartu zuten parte (argazkia EE) Urtearen amaierara goaz eta munduko alde honetan udarantz hurbiltzen hasiak gara jadanik. Irailaren 21ean udaberriaren hasierarekin batera 'Ikaslearen Eguna' ospatzen da Argentinan, eta eskoletako neska-mutilek mota askotako ekintzak gauzatzen dituzte, piknikak, ateraldiak eta jaiak, besteak beste. Testuinguru horretan, oso erantzun ona izan dute Macachingo Gure Ametza-ko gazteek ikasleei luzatutako proposamenarekin. Euzko Alkartasuna euskal etxeko dantzariek Eskolen Arteko Olinpiadak antolatu dituzte irailaren 12tik 20ra, herriko lagunak bildu eta euskal erakundea ezagutarazteko asmoarekin. Gonbidapenak arrakasta handia izan du eta berrehundik gora parte hartzaile hurbildu ziren euskal etxearen egoitzara lehiaketetan aritzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia