euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alex de la Iglesia eta Bernardo Atxaga, ostegunean hasiko den Nanteseko Zinemaldiko Euskal Lehioa-ko izarrak

2012/03/13

Imanol Rayoren "Bi Anai" filmea, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritua Tarte berezia eskainiko dio aurten ere euskal zineari ostegunean hasiko den Nanteseko Zinemaldiak, "La Fenêtre Basque"edo Euskal Lehioa zikloaren baitan. Jaialdiaren 22. edizioa etzi abiatuko da eta martxoaren 25a arte luzatuko. Edizio honetako izarretako bat, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra izango da eta zinemaldiak sail berezia eskaini dio. Horrez gain "Bernardo Atxaga zineman" izeneko atalean idazle gipuzkoarraren eleberrietan oinarrituta egin diren hiru luzemetraiak eskainiko dira: Montxo Armendarizen "Obaba", Imanol Rayoren "Bi anai" eta Aizpea Goenagaren "Zeru Horiek".

Gehiago irakurri...


Argitara eman da Gasteiz, Argentina eta AEBetan Jaurlaritzako bekadun izateko onartutakoen zerrenda

2012/03/12

Deialdiaren dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Eusko Jaurlaritzak argitara eman du Kanpoko Euskal Gizataldeen eta Euskal Etxeen eremuan trebatzeko deitu zituen lau beketako selekzio prozesuan aurrera egin duten pertsonen zerrenda. 45 dira onartutako hautagaiak eta 16 baztertutako eskabideak. Beketako bi Jaurlaritzan Gasteizen, beste bat Argentinan eta laugarrena Estatu Batuetan aritzeko dira. Hona bildu ditugun onartu eta baztertuen zerrendetan Euskadiko zein Diasporako partaidean agertzen dira, ohi bezala Euskadiko zein Diasporako pertsonek legez eskubide berdina baitute parte hartzeko.

Gehiago irakurri...


135 urte beteko ditu bihar Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak eta zenbait ekitaldirekin ospatuko du

2012/03/12

Irudian agertzen den Buenos Aireseko Laurak Bat-en eraikina, munduko euskal etxerik zaharrena dena gogora ekartzen duena (argazkia EuskalKultura.com) Zenbait ekintza eskainiko dira urte osoan zehar Laurak Bat Euskal Etxean, munduko euskal etxea zaharrena den honen 135. urteurrena ospatzeko. Urtebetetzearen eguna, bihar da eta bihar egingo da ekintza nagusia. Iluntzeko 7etan, Lagun Onak abesbatzak kontzertua eskainiko du euskal etxearen omenez eta ondoren gaur egungo arduradunek Etxeak izan dituen lehendakari guztiak gogoan izango dituzte urtemuga zeremonian. Ospakizunarekin jarraituz, martxoaren 16an Itziar Aguirre sukaldari euskal-argentinarrakak “Pilpileando Argentina” programaren emanaldia eskainiko du Belgrano kaleko euskal elkartean.

Gehiago irakurri...


Kulunka Teatroren André & Dorine-k arrakastatsu darrai: orain Panama, gero Turkia, Errusia, AEB...

2012/03/12

Dorine eta André, antzezlaneko pertsonaia nagusiak dira (argazkia Kulunka Teatro) Martxoaren 22tik 25era Panaman egingo den Arte Eszenikoen 5. Nazioarteko Jaialdian izango da Kulunku Teatro konpainia gipuzkoarra "André & Dorine" antzezlan arrakastatsua aurkezten. Alzheimer-ari eta maitasunari buruzko hausnarketa hunkigarria da lana eta hitzik gabe antzezten dute aktoreek, maskarak jantzita. "Hitzik ez dugu erabiltzen eta, paradoxikoki, horrek lana edonon ulergarri izatea dakar; Kuban zein Nepalen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Kulunkako Garbiñe Insausti aktoreak. Azken urtean gelditu gabe ibili da taldea nazioartean eta, antza, horrelaxe segituko du aurten ere: Panamaren ostean Turkia, Errusia, Finlandia, Norvegia, AEB, Txina... etorriko dira.

Gehiago irakurri...


2011ko Gaztemundu eta Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrari buruzko bideoa ezarri dute sarean

2012/03/12

Bideoko lehenengo irudietako bat: Gaztemunduko gazteak Gasteizera programa egitera iritsi zireneko egunean autobusetik jaisten. Jaurlaritzako Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak sarean ezarri du 2011ko Gaztemundu eta Gizataldeen V. Mundu-Batzarra gau harturik errodatu zuen bideoa. Bideoa Mundu-Batzarraren azkeneko egunean proiektatu zen Donostiako Kursaalen eta bi ekimen hauetako iazko edizioko laburpen bat egiten du hamar bat minutuz. Hona irudiok.

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Zea Mays Liverpool-go Unibertsitateko Iberian Week-en astelehenetik aurrera

2012/03/09

Zea Mays taldeak kontzertua emango du Liverpoolgo Unibertsitatean ostiralean Liverpoolgo Unibertsitateak Iberian Week izeneko jardunaldiak burutuko ditu astelehenetik landa eta iberiar penintsulan hitz egiten diren hizkuntzei buruzko solasaldiak, literatur irakurraldiak eta kontzertuak eskainiko ditu. Euskarak bere lekua izango du, unibertsitate honetan ematen den Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoari eta Etxepare Euskal Institutuari esker. Liverpool-en izango dira, besteak beste, Kirmen Uribe poeta eta Mikel Urdangarin musikaria, Xabi Paya irakasle eta bertsolaria, Argitxu Camus historialaria eta Zea Mays rock taldea.

Gehiago irakurri...


Cañuelaseko Denak Bat-ek apirilaren 14 eta 15era aldatu du Dantzarien Aberri Eguneko VI. Elkarretaratzea

2012/03/09

Dantzariak Cañuelaseko kaleetan dantzari bertako euskal etxeak arrakasta handiz urtero antolatzen duen Aberri Eguneko Dantzarien Elkarretaratzearen aurreko edizio batean (argazkia EuskalKultura.com) Cañuelaseko Euskal Etxeak urtero Aberri Eguna ospatzeko antolatzen duen Dantzarien Elkarretaratzea Argentinako euskal egutegian marra gorriz markatuta dagoen horietakoa da, hitzordu garrantzitsua bilakatu baita azken urteotan herrialde honetako hainbat euskal etxetako dantzari batez ere gazteentzat. Seigarren edizioa du aurtengoa eta, lehenengo deian, martxoaren 31 eta apirilaren 1eko astebururako iragarri bazen ere, euskal etxe antolatzailetik atzo adierazi zutenez, apirilaren 14 eta 15era pasatu da azkenean, "ostatatzeko kontuak medio, horretarako erabili ohi dituzten Smata-ko instalazioak hasieran aipatutako datetan ez baitira egoki erabiltzeko moduan egongo".

Gehiago irakurri...


"Hi Kantari" kantutegiko abestien letrak eta doinuak sarean jarri dituzte Ipar Amerikako euskal etxeek

2012/03/09

NABO Kantari Eguna Kaliforniako Rocklin-en, 2008ko urriaren 11ean. Kantuz, Ambroise Clark-Curutchague; begira, Martin Etchamendy aurkezlea "Aberriaren mugak" kantutik hasi eta "Xarmangarria zira" abestiraino; ia 80 kantu igo ditu bere webgunera NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak. Abestiak duela zenbait urte bildu zituen federazioak "Hi Kantari" izeneko bilduman, euskal-amerikar komunitateko kideen artean kantatzeko ohitura mantentzeko eta suspertzeko asmoz. Orain eguneratu egin dute kantutegia eta teknologia berriei esker eskuragarri jarri dute interneten: NABOren webgunean daude abestien letrak eta doinuak, mundu osoko kantazaleek balia ditzaten. Gainera, smartphone edo mugikorren bitartez ere kontsulta daiteke webgunea.

Gehiago irakurri...


Emakumeen Eguneko ospakizuna eta otsaileko ekintzen berri Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxetik

2012/03/09

Otsailaren 25ean eskuratu zitzaizkien materialak Eskola Kontseiluko Maximiliano Rodriguez-i eta Lorenza Marquez-i (argazkia EE) Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo mundu osoan eta hedabideak, gizarte sareak eta hainbat erakunde emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak egiteko bitarteko bihurtu ziren. Euskal etxeek ere zeresan handia dute arlo honetan, eta karia horretara emakumeen omenezko ekintzak gauzatuko dituzte asteburu honetan euskal instituzio batzuetan, Chascomusekoan kasu. Emakume guztiak, baina bereziki euskal etxeari ekarpen handia egindakoak, gogoan izango dituzte herri honetako euskal etxeko kideek. Zingirako Euskaldunak-eko 'alkate' izan zirenei omenaldi bat egingo zaie bihar, arratsaldeko 7etan, erakundearen egoitzan. Ekimen honekin, urtarrilean hasitako ekimen-zerrenda luzea betetzen jarraitzen dute euskal etxeko arduradunek.

Gehiago irakurri...


Frantziako zortzi euskal etxek bilera egingo dute Bordelen martxoaren 24 eta 25ean

2012/03/08

Iazko abuztuan Aldudeko Pierre Oteiza lantegia egin zen Frantziako euskal etxeen bilera; ezkerretik hasita bigarrena Bordeleko Euskal Etxeko David Mugica da (argazkia BordeleEE) Bordeleko Euskal Etxeak luzatu du gonbitea eta Frantziako beste zazpi euskal etxe edo elkarte euskaltzalek baiezkoa eman diote. Topaketa martxoaren 24 eta 25ean egingo da, Bordelen, Eskualdunen Biltzarra elkartearen egoitzan, eta bertan izango dira Paris, Paue, Lourdes, Montpellier, Tolosa eta Bordeleko elkarteak (azkeneko bi hirietan bina euskal elkarterekin). Euskal etxeek euren esperientziak trukatzeko eta lankidetza sustatzeko bideak bilatuko dituzte. Topaketaren bigarren egunean, bertaratutako ordezkariek Bordeleko euskal etxearen Odolkiaren Eguneko bazkariaz eta bestaz gozatu ahal izango dute.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia