2012/04/02

Ospakizun handien urtea izan zen iazkoa Pergaminoko euskal etxeko kideentzat. 2011an 60 urte bete zituen Buenos Aires probintziako hiri honetako Lagun Onak elkarteak eta urtemugari zegozkion bilera eta jaiak urte osoan zehar burutu ziren. Urteurren ekimenek lortutako arrakastak bultzarik, proposamen ugariko egitaraua luzatzen diote orain euskaldun pergaminotarrek komunitate osoari; 9 de julio kaleko egoitzan gauzatuko diren ekintzen artean aipa daitezke Pazko janari salmenta, dantza klaseak, topaketak eta abesbatza, besteak beste. Bitartean, Lagun Onak-en facebookeko tokiak aktibitate hauen berri, instituzioaren historia eta euskal kulturari buruzko informazio eguneratua eskaintzen du. Izan ere, 2012 honetan, eta teknologia berriez baliaturik, erakundearen eta bere kideen arteko komunikazioa sendotzeko asmoa dute Pergaminoko euskal etxeko arduradunek.
Gehiago irakurri...
2012/03/30

Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Kolonbian izan da aste honetan eta bertako euskaldunekin biltzeko baliatu du bidaia. Celaya Bogotako euskal etxean eta Medellingo Luis Miguel Zulategui euskal etxean izan da, Iñaki Martinez Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako ordezkaria lagun. Medellingo euskal elkartean omenaldi hunkigarria egin zieten Antioquia departamentuko euskaldun beteranoei.
Gehiago irakurri...
2012/03/30

Erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldien baitan, Hego Ameriketako Mercomus Mus Txapelketa 2012 delako muslari elkarretaratze eta norgehiagoka antolatu du Txileko Santiagoko Euzko Etxeak, Argentina, Uruguai, Peru eta Txile bertako jokalariak bildurik. Asteazken gauean eginiko protokolozko ekitaldi baten ondotik, egitaraua bihar larunbatera arte luzatuko da, Euzko Etxean egingo den gala-afarian sariak banatu eta euskal eta txiletar folklore emaitzak aurkeztuta. Txapelketa hiriburu txiletarreko Euzko Etxeak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren Txile eta Perurako Ordezkaritza babesle.
Gehiago irakurri...
2012/03/30

15 hilabeteko zaharberritze prozesuaren ostean, Pazko asteburu luzerako irekiko ditu berriro ateak La Pampa argentinar probintziako hotel esanguratsu honek. Euzko Alkartasuna hotel berrituak kalitate handiko 36 logela eta goi mailako zerbitzuak eskainiko dizkie Macachinera heltzen diren bidaiariei, hori guztia apaindura eta giro erabat euskaldunean. “Instalazioak berritu baditugu ere, hotelaren muina ez dugu aldatu. Alegia, euskal kulturarekin lotzen gaituena mantendu dugu, horrela izan behar duelako, Macachingo gizatalde euskaldunaren lekua delako eta Argentina osoan ‘Hotel Vasco’ izenpean ezagutzen delako”, azaldu dio Euzko Alkartasuna-ko kontseziodun berria den Oscar Prosperik EuskalKultura.com-i.
Gehiago irakurri...
2012/03/29
Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek deiturik greba orokor eguna da gaur osteguna martxoaren 29a Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta baita Espainiako estatuan ere, izan ere estatuko gobernuak onartu duen lan erreformaren kontra protestatzeko. Horregatik gaurko EuskalKultura.com-en ez da albisteen atal nagusia berrituko eta gaurko buletina soilik 'Nire talaiatik' sailarekin aterako da. Barkatu eragozpenak.
Gehiago irakurri...
2012/03/28

Antton talde euskaldunak bere lehenengo grabaketa aurkeztu zuen joan den larunbatean Londresen, bertako Euskal Elkartearen eskutik. Emanaldia, Bethnal Green barrutian, euskal etxearen egoitza den Oxford Housen egin zen. Euskal musika segitzen duten Londresko biztanleak, emanaldi gehiagotara bertaratzeko aukera izango dute heltzear dagoen apiril honetan, bi kontzertu eskainiko baititu heldu den hilabetean hiriburu bretainiarrean Berri Txarrak-ek, iragarritako lehenengorako sarrerak agortuta, bigarren bat moldatu behar izan baitute hurrengo egunean.
Gehiago irakurri...
2012/03/28

Datorren apirilaren 26an 75 urte beteko dira Kondor Legio alemanak, matxinatu frankisten zerbitzura Gernika herria bonbardatu eta birrindu zuenetik. Berlingo Euskal Etxea, berez sarraskia gogoratzeko sortu zen elkarte batetik hazia da, eta modu berezian gogoratuko du data, bi hirien arteko senidetasuna bultzatuz eta egitarau oso bat gauzatuz, datorren igandetik hasita eta bonbardaketaren eguneraino, apirilaren 26raino, tartean hitzaldiak, zinema eta erakusketa bat zabalduz.
Gehiago irakurri...
2012/03/28

Joan den martxoaren 17an burututako Urteko Ohiko Biltzarrean, 2012-2014 eperako Batzordea hautatu zuen Buenos Aires probintziako Pilota Federazioak (FPPBA). Herri askotako instituzioetako kideek osatzen dute zuzendaritza talde berria, tartean La Platako Euzko Etxea euskal etxeko lehendakari Javier Cluak. “Federazioaren erronka 2012rako Paleta Argentinarra sendotzea da. Aldi berean, tradizio handirik ez duten beste modalitate batzuk sustatzeko asmoa ere badugu, hala nola esku pilota, xare eta larruzko paleta trinketean”, adierazi dute FPPBA Federazioko agintariek ohar batean.
Gehiago irakurri...
2012/03/27

Etxepare Euskal Institutuak bi katedra berri inauguratuko ditu aurten AEBetako eta Alemaniako unibertsitateetan, erakundeko zuzendari Aizpea Goenagak atzo Donostian jakinarazi zuenez. Lehena Chicagoko Unibertsitatean arituko den Koldo Mitxelena Katedra da, eta apirilaren 11n bertan izango du inaugurazio ofiziala. Lourdes Oñederra izango du aurreneko irakaslea. Udazkenean, berriz, Frankfurteko Goethe Unibertsitatean abian jarriko da Euskal Artearen inguruko Eduardo Chillida Katedra, hain zuzen ere artista donostiarraren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Bestalde, New Yorkeko CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedraren aurtengo egitaraua euskal zinemaren ingurukoa izango dela iragarri du Institutuak eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria izango du irakaslea.
Gehiago irakurri...
2012/03/27

Euskal kulturara hurbiltzen denak berehala sumatzen du euskaldunen artean etxeak duen garrantzia eta badirudi jarrera horretako partaide direla Ayacuchoko Euskal Odola euskal etxeko kideak, euren etxea jabegoan izatea erakundearen helburu nagusietako bat izan baitute. Orain, pozez adierazten dute pauso hori gauzatze bidean jarri dutela, horrekin euskal etxeko kideen aspaldiko nahia betez. Egoitza berria Sucre kalean dago kokatuta, Irigoyen eta 9 de Julio-ren artean eta erosketa bideratuta badago ere, lekua prest egon arte Euskal Odolak Sarmiento kaleko egoitzan segituko du funtzionatzen. Datozen asteetarako iragarri dituzten ekintzak –hitzaldiak, erakusketa eta afaria, batzuk aipatzearren– betiko elkargunean izango dira beraz.
Gehiago irakurri...