euskal diaspora eta kultura

2013/02/11
Bidaiaren azken zatian, baina aurrera darrai --Estatu Batuetan arras txarra suertatu den eguraldiak baldintzatuta-- Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko zuzendaria, bere bulegoko Benan Oregi teknikaria lagun Ipar Ameriketako zenbait euskal etxe eta estatutara egiten ari den bidaia, kargua hartu zuenetik lehena. Vallejok zinez positibotzat jo du orain arteko ostera. Gaur gauean New Yorkera helduko dira Boisetik, asteazkenean Euskal Herrirako bidea hartzeko.
2013/02/11
2013/02/11
VascosMexico posta zerrendako lagunei esker jakin dugu sarean eskuragarri dela Mexikora emigratu zuten euskaldunen zerrenda interesgarri hau. Josu Ruiz de Gordejuela historialariak bildutako datuak dira, "Guía de Vascos y Navarros en México. Siglo XIX" izenburupean. Instituto Nacional de Estudios Históricos de las Revoluciones de México delakoak sarean jarri ditu eta bertan XIX. mendean herrialde honetan lekutu ziren 4.700 immigrante euskaldunen datuak agertzen dira.
2013/02/08
Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko Basque PHD Scholarships izeneko beka deialdi berri bat egin du, unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren eta Idahoko euskal komunitatearen babesarekin. Bekak jasotzen dituztenek doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Ingeniaritza eta Elektronika sail ospetsuan. Bekek matrikula osotasunean ordainduko dute eta, horrez gain, ikasleek 18.000 eta 24.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko dute ostatu eta gastuetarako. Eskabideak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
2013/02/08
Urtero biltzen dira Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko kide eta arduradunak aurreko zikloko balantzea egite aldera. Aurten, ordea, berezia izango da elkarretaratzea elkarteak 10 urte beteko dituelako datorren apirilaren 5ean. Bilkura Ikasketa Gunearen egoitza den Lapridako Lagunen Etxea euskal etxean izango da datorren astelehenean eta egun osoko programa beteko dute gonbidatuek, tartean, barne lana, aurreko zikloko balantzea, prentsaurrekoa eta urteurreneko afaria. Egitaraua bukatuta, euskal etxeko kideekin batera herriko inauterietan parte hartzeko aukera ere izango dute Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko lagunek.
2013/02/08
Azken asteotan Peruko euskal komunitateak euskal ondareari buruzko makina bat jarduera egin ditu, Arantzazuko Amaren Anaidiak, San Martin de Porres Unibertsitateak eta Oiga Aldizkariaren Fondo Editorialak antolatuta. Egitaraua zabala izan zen: abenduaren 3an abiatu zen, Euskararen Egunaren karira egin ziren mintzaldiekin, eta egunotan amaitu da, Liman egin berri den anaitasun bazkari batekin.
2013/02/08
Caracaseko Eusko Etxeak bi usadio zahar berritu zituen otsailak 3an egin zuen mezan, San Blas eta Kandelario egunen karira. Horrela, elizkizunean San Blas eguneko kordoiak eta Kandelario eguneko kandelak bedeinkatu zituen apaizak, bertaratu ziren ia ehun lagunen artean banatzeko. Ohiturak dioenez, gaisotasunak usatzeko balio dute. Meza elizkizunean azken hilabeteotan zendu diren elkarteko bazkideak gogoratu zituzten: Jon Ugutz Lejarcegui Maguregui eta Anton Goicoechea.
2013/02/07
Iragan otsailaren 5ean Google bilatzaile ezagunak omenaldia egin zion Alberto Larraguibel euskal-txiletar zaldunari eta, egunero milioika lagunek erabiltzen duten webgunearen portadan, Larraguibelek 1949an Viña del Mar-en egin zuen jauzi historikoaren marrazkia jarri zuen. Larraguibelek, Huaso zaldiarekin, mundu marka hautsi zuen, eta 64 urte beranduago indarrean jarraitzen du errekorrak.
2013/02/07
Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak euskara eta kultura zabaltzeko hamaika ekimenekin ekingo dio martxoan aurtengo ikasturteari. Deigarrienetako bat Sao Pauloko Anchieta Jauregian emango diren euskara klaseak izango dira. Jauregia Sao Pauloko Udal Ganberaren egoitza da eta 20 bat funtzionarik ere hartuko dituzte eskolak. Horrez gain, jauregiko Escola Jatetxeko sukaldaritza ikasleek ere euskara ikasi ahal izango dute, euskal etxeak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.
2013/02/07
Gero eta indar gehiago ari da hartzen Inauteria Argentina osoan. Jakina denez, 2011tik aurrera –eta 34 urteko, diktaduraren garaiko erabaki bat bertan behera utziz– jai egunak dira inauteri astelehena eta asteartea nazio mailan. Egoera berria oso ondo hartua izan da leku askotan eta hilabete askotako prestakuntzak egiten dira festa behar bezala bizitzeko. Olavarrian, esaterako, ‘Corsodromo’ berri bat inauguratu da bertan jaia garatu ahal izateko. Herriko euskaldunak partaide izaten ari dira festaldian, ‘El Olentzero’ izeneko karroza eta euskal stand batekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus