euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal zine eta musikari New Yorken ateak irekiz amaitu da Etxepareren 'Basque Cultural Exchange'

2012/10/15

Jose Luis Rebordinos, Javier Rioyo, Mikel Urmeneta eta Mikel Lezamiz "Euskal ikonoak munduan" mahainguruan (argazkia Etxepare) Mikel Laboaren musikarekin bukatu zen larunbatean New Yorken Etxepare Euskal Institutuaren "Basque Cultural Exchange" egitasmoa. Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta kantariek, Laboaren "Baga, biga, higa" kantua oinarri hartuta, euskal musikagintzaren historiari buruzko kontzertu multimedia eskaini zuten New Yorkeko Cervantes Institutuan. Iragan urriaren 1etik hona, hiri estatubatuarrean euskal zinea, artea eta kulturari buruzko hainbat hitzaldi, emanaldi eta mahainguru egin ditu Etxeparek, eta harrerarekin pozik agertu dira euskal institutuko arduradunak. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak azaldu duenez jardunaldietan izan diren hainbat ikusleentzat "gure errealitatearekin sekula izan duten lehen kontaktua izan da. Zabalkunde mailan egiten ari garen ahalaginean oso interesgarria da hori guretzat”.

Gehiago irakurri...


Munduko XXXVI. Mus Txapelketa Txilen egingo da 2013an, 2014koa Mexikon eta 2015ekoa Uruguain

2012/10/15

Aurtengo Txapelketako irudia, NABOk kudeatzen duen GlobalMus.com webguneari dagokiona (argazkia GlobalMus.com) Euskal Gizataldeen arteko Mundu Txapelketaren XXXV. edizioa bukatu berria delarik, Vancouver-ko (Kanada) Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzaile, hartuak dira dagoeneko erabakiak datozen urteetako planei begira, tartean zein herrialdeetan gauzatuko diren heldu diren laupabost urteetako txapelketak. Datorren urteko XXXVI. Txapelketari dagokionez, Txileri egotzi zaio norgehiagoka antolatzeko ardura eta hurrengokoei dagokienez, honela deliberatu da: 2014ean, Mexiko; 2015ean, Uruguai; 2016an Donostia, Euskal Herrian; eta 2017an Las Vegas, Estatu Batuetan.

Gehiago irakurri...


Idahoko Boise State Unibertsitateko Euskal Ikasketa Programa NABOko kide berri onartu dute

2012/10/15

Nere Lete irakaslea Boiseko Basque Museum-a bisitatzen 'Introduction to Basque Culture' klaseko ikasleekin, 2011n (argazkia BSU)) Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak (NABOk) elkarteko kide izendatu zuen Boiseko Estatu Unibertsitateko (BSU) Basque Studies Program egitasmoa, iragan urriaren 6ean Mountain Home-en egin zen bileran. BSUko Euskal Ikasketa Programa jakintza-alor anitzeko zentro bat da eta bere helburua unibertsitateko ikasleei Euskal Herriaren historia, hizkuntza eta kultura ezagutaraztea da. Programa honen bitartez ikasleek Euskal Ikasgaietan 'Minor' (hautazko ikastaroa) egin dezakete edo urtean zehar egiten diren ikastaro eta lantegitan parte hartu.

Gehiago irakurri...


Garai askotako dantzariak eta hainbat Iñaki bildu ziren La Platako Euzko Etxeak antolatutako elkarretaratzean

2012/10/15

Dantzari eta iñaki/Ignacio izenekoak omendu zituzten La Platako euskal etxeko lagunek (argazkiakEE) Oihartzun politeko bi ekimen batu zituzten La Platako Euzko Etxea Euskal Etxeko lagunek joan den irailaren 22an: dantzarien topaketa eta Iñaki Deuna festa. Proposamena arrakastatsua suertatu zen oso, eta gonbidatuek egoitzako Toki Alai aretoa bete zuten. Izan ere, dantzarien eta Iñaki izenekoen jaia izan arren, erakunde osoak hartu zuen parte ordu txikiak arte luzatu zen jaian, tartean, Zuzendari Batzordeko kideak, Evangelina Bertola zuzendari duen abesbatzak eta etxeko hockey taldeko neska eta gurasoek.

Gehiago irakurri...


Aurrenekoz, euskal etxeetako ikasleek HABEren egiaztatze-frogak Buenos Airesen egingo dituzte asteburuan

2012/10/12

Irudian, Euskara Munduan programak Hego Ameriketan egindako azken barnetegietako bateko talde-argazkia (argazkia EuskalKultura.com) Aurten, lehen aldiz, Hegoameriketako euskal etxeetako euskara ikasleek Buenos Airesen bertan egin ahalko dituzte HABEren euskara maila egiaztatze-frogak. Euskara Munduan programaren baitan, HABEk euskal etxeetako ikasleei zuzenduriko azterketak egiten ditu urtean behin; orain arte Madril eta Bartzelonako euskal etxeetakoentzako, gehienbat. 2010ean Parisen ere egin ziren eta aurten, lehendabizikoz, Atlantikoz bestalde egingo dira. Azterketak larunbatean eta igandean egingo dira eta 32 azterketari matrikulatu dira 1., 2. eta 3. mailak egiaztatzeko.

Gehiago irakurri...


Eider Rodriguezen 'Katu Jendea' itzuliko dute Paueko Unibertsitateko lantegi batean, hilaren 16tik 18ra

2012/10/11

Eider Rodriguez idazleak Paueko lantegian parte hartuko du (argazkia MSillero) EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Paueko Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak itzulpengintza lantegia egingo dute Pauen datorren asteartetik ostegunera. Tailerrean Eider Rodriguez idazlearen 'Katu jendea' narrazioaren itzulpenak egingo dituzte --frantsesera, neerlanderara eta alemanerara- eta azken egunean irakurraldi publiko batean aurkeztuko dituzte Paueko Gazteluan. Ekitaldi horretan izango dira, besteak beste, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara zuzendaria eta Paueko Unibertsitateko zenbait ordezkari.

Gehiago irakurri...


Irrati eta kolektibitate arloetako berriak Kotoiaren Lurra Chaco probintziako euskal etxearen eskutik

2012/10/11

Euskal gizataldeak Greziako kolektibitatea lagundu zuen Kultur Helenikoaren ekitaldien inaugurazioan (argazkiaEE) Bi berri datozkigu Chaco probintziako euskal erakundetik. Biek instituzioko kideek kulturarekiko duten engaiamendua ez ezik, euskal etxeak berak gizartean duen oihartzuna ere islatzen dute. Alde batetik, Resistencia-ko ‘Euskal etxearen ahotsa’ irratsaioa frekuentziaz eta ordutegiz aldatu dela jakinarazi digute Kotoiaren Lurra-tik; bestalde, Gizatalde Helenikoaren omenezko ekitaldian izan zuten partaidetzaren berri ere partekatu nahi izan dute euskal-chacotarrek EuskalKultura.com-eko irakurleekin.

Gehiago irakurri...


Giro bikaina Ontario eta Mountain Home-n Nokaren kontzertuetan; birak Kalifornian darrai bihar eta etzi

2012/10/11

Ontario Basque Club-en eman zuten kontzertuaren aurkezpenean, Nokako kideek taldearen izenaren esanahia azaldu zieten entzuleei (argazkia OntarioBC) Noka taldeak --hiru emakume dira partaide, Catherine Petrissans Parker, Andrea Bidart Oteiza eta Begoña Echeverria-- kontzertua eman zuen iragan ostiralean Oregonen eta emanaldi horrekin abiarazi zuen udazkenean AEBetako euskal etxeetan egiten ari den bira. Ontario Basque Club-en izan zen emanaldia eta elkarteko bazkide kopuru polita bildu zen. Taldeak giro ederra sortu zuen eta entzuleak kantuan jarri zituen euskaraz. Biharamunean Idahoko Mountain Home-en jo zuen Nokak. Taldeak bihar ekingo dio berriz ere birari, Kaliforniako Stanford Unibertsitatean emango duen kontzertuarekin. Etzi, berriz, NABOk urtero antolatzen duen Kantari Egunean arituko da, Rocklingo Iparreko Ibarra euskal etxearen eskutik.

Gehiago irakurri...


Napoka Iria euskal taldeak kontzertua emango du Polonian, Poznango "República Femenina" jaialdian

2012/10/10

Napoka Iria taldeko kideak, Miren Narbaiza eta Ander Mujika Larunbatean abiatuko da Poznanen "República Femenina" (sic) izeneko jaialdiaren hirugarren edizioa, eta hiriak hainbat lantegi, hitzaldi eta kontzertu hartuko ditu hilaren 21a bitartean. Aurtengo egitarauan Euskal Herriak leku zabala izango du, Katalunia, Andaluzia eta Mexikorekin batera. Hilaren 16ean Napoka Iria bikoteak kontzertua emango eta 18an Amaia Donés Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko euskara irakurleak “Euskal kultura emakumeen ikuspuntutik” hitzaldia eskainiko du.

Gehiago irakurri...


‘Gernikako Bonbardaketa, 75. urteurrena’ erakusketa ikusgai Argentinan, Paraguain eta Uruguain

2012/10/10

Jorge Larraburu Marcos Paz-eko 'Zuhaitzaren Herria' Euskal Etxeko lehendakaria, Elvira Kortajarena Euskadiko Ordezkaria eta Ricardo Curutchet alkatea ‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ erakusketaren inaugurazioan (argazkia Euskadiko Ordezkaritza) Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza, Gernikako Bakearen Museoko Fundazioa eta Buenos Airesko Euskadiren Ordezkaritzaren lankidetzari esker, apiriletik hona ‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ erakusketa Argentinako hainbat hiritan ikusi ahal izan da, tartean Buenos Aires hiriburuan, Marcos Pazen eta Rio Cuarton. Datozen hilabeteei begira, ibilbidea zabalduko da eta Mar Chiquita-ra, Azul-era eta Olaverriara iritsiko da. Hil honen amaieran, berriz, Paraguaiko Euskal Astean ere inauguratuko da eta 2013an zehar bertako hiri askotan erakutsiko da. Abenduan, ordea, Uruguaiko Salto hirian egongo da ikusgai hamar egunez.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia