euskal diaspora eta kultura

2013/04/17
Txileko Santiago hiriko Euzko Etxea da aurtengo Euskal Gizataldeen Mus Txapelketaren antolatzailea eta, ekitaldia oraindik urrun dagoen arren, elkarteak ezagutzera eman du, jada, ekitaldiaren behin-behineko egitaraua. Urriaren 26tik azaroaren 2a bitartean jokatuko da, Puerto Varas hirian. Gune turistikoa da, Los Lagos eskualde ezagunean; hori dela eta, muslariek eta eurekin datozen ordezkariek hainbat bisita eta txango egiteko aukera izango dute.
2013/04/17
101 urte beteko ditu aurten Rosarioko Zazpirak Bat-ek. Eta mendeurrena ospatzeko egin ziren ekitaldiak jadanik iraganean geratu badira ere, euskal etxekoek euskal kulturaren alde lan egiteko daukaten grina urtez urte berritzen da. Ikusi besterik ez dago 2013 honetan prestatu duten egitarau oparoa, komunitateari eskaintzeko. Jaien artean, datozen hiru asteburuetan ospatuko ditu Aberri Eguna (apirilaren 20an), Gernikako Bonbardaketaren urtemuga (apirilaren 26an) eta San Prudentzio (maiatzaren 1ean). Euskara eta dantza klaseak ere martxan dauzka Entre Rios kaleko egoitzan.
2013/04/16
Euskal Herriko landan bi gau doan eman nahi badituzu zuk aukeratutako nekazalturismo edo landa-etxean, apirilaren 21a arte duzu EuskalKultura.com-ek Nekazalturismo Elkartearekin lankidetzan antolatu duen zozketan parte hartzeko! Bidali zure datuak (izen-abizenak, helbidea eta telefonoa) info@euskalkultura.com helbidera eta zozketan parte hartuko duzu. Igandeko 23:59ean itxiko dugu partaidetzak jasotzeko postontzia; beraz, mugi!
2013/04/16
Iragan apirilaren 14ean Eugenio Jose Insaurriagaren 87 ondorengo bildu ziren Brasilgo Monte Bonito herrian, Rio Grande do Sul estatuan. Sendi honek egiten duen bigarren topaketa izan zen eta, aurten, gonbidatu berezi gisa, Rio Grandeko Euskal Etxeko ordezkaritza bat bertaratu zen. Arrakastatsua izan zen bilkura eta senitartekoek urtero martxoaren bigarren igandean biltzea erabaki zuten. Hurrengo ediziorako Insaurriagatarrei buruzko liburu bat ari omen dira prestatzen, familiaren adar brasildarraren genealogia eta istorioak jasoko dituena.
2013/04/16
Juan Inazio Garcia de Mutiloa gasteiztarra, Shanghaiko Euskal Etxeko sortzaile eta lehenengo presidente izan zena, Industria eta Energia sailburuorde da Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzan. SPRIrekin heldu zen Txinara eta argi ikusi zuen bertara zihoazen euskaldunek --berak tarteko-- euskal etxe bat behar zutela. Bilboko Deia egunkariak horretaz eta beste hainbat gauzez elkarrizketa argitaratu zion atzo. Mutiloarentzat baliotsuak izan ziren oso, pertsona zein profesional gisa, Txinan pasatutako urteak. Gazteei "mundua jatera atera behar dute"la esaten die.
2013/04/16
Asteburua euskal jairik jai igaro nahi duenak badu horretarako aukera Frantzian, Pariseko eta Bordeleko euskal etxeek larunbat eta igande honetan antolatu dituzten bestekin. Hasteko, Pariseko Eskual Etxeak Orok Betan jaia egingo du larunbatean, apirilaren 20ean, Euskal Herriko eta Kataluniako dantza talde eta musikariak partaide. Bordelen, aldiz, Eskualdunen Biltzarra elkarteak igandean gauzatuko du festa, Grandignan herrian egingo duen jai eta dantza erakustaldiarekin.
2013/04/15
2013/04/15
Badatoz aurten ere Poznago Euskal Egunak, edo polonieraz esatearren, "Dni Baskijskie" delako jardunaldiak. Etxepare Euskal Institutuak Adam Mickiewicz Unibertsitatean sustatzen duen euskara irakurletzak antolatzen ditu, "euskara Unibertsitatetik atera, kaleetara ekarri eta hirian Euskal Herria zer den erakusteko", Amaia Dones irakurleak EuskalKultura.com-i agertu dionez. Apirilaren 23tik 25era egingo dira aurtengo ekitaldiak, dantza, zinea, bertsolaritza eta musika uztartuz. Horrez gain, antolatzaileek online lehiaketa bat ere jarri dute abian. Poloniera badakizu, sartu eta parte hartu!
2013/04/15
Ekitaldi berezia egingo da bihar Mexiko DFko Euskal Etxean; izan ere, bertan aurkeztuko da Fractal aldizkariaren azken zenbakia. Gogoeta hiruhilabetekari mexikar honek ETAren ondoko Euskal Herriari buruzko ale monografikoa plazaratu du eta euskal elkartea aukeratu du berau ezagutzera emateko gune aproposena bezala. Aurkezpenean aldizkariaren zuzendari Ilan Semo eta ale honen koordinatzaile Joseba Buj izango dira, besteak beste.
2013/04/15
Urtero bezala, Euskal Herriarekiko engaiamendua berritu dute Argentinako hainbat euskal etxek Aberri Eguneko ospakizunen baitan. Euskal etxe eta ospakizun asko dira, eta ezin guztiak hemen aipatu, ezta hainbat artikulu idatzita ere. Esan dezagun, dena den, ekintzak mota askotakoak izan direla, euskal egoitzetan edota kalean eta komunitateari begira. Datei dagokienez, martxotik apirileraino egin izan dira. Datozen lerroetan, argazkiz hornituta, horietako batzuk, honako hiri eta herrietan eginak: Buenos Aires (Lizarraenea), Olavarria, Laprida, Arrecifes, San Miguel, Cordoba (Gerora) eta Bariloche.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus