euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskalKultura.com-ek antolatutako argazki kameraren zozketa: parte hartzeko azken egunak dituzu

2013/02/11

Zozketan parte hartuko duten zenbait argazki Argazki kameraren zozketaren azken txanpan sartu gara. Ostiralean, hilak 15, izango baita zure lanak aurkezteko azken eguna. Anima zaitez! Segi zure ordenagailuko disko gogorrera eta hasi bila, ziur baduzula euskal kultura, paisaia edo izaerari loturiko argazki ederrik. Bidalizkiguzu info@euskalkultura.com helbidera eta zozketan parte hartuko duzu, geroz eta argazki gehiago bidali, orduan eta aukera gehiago izango dituzu Canon PowertShot SX120 IS argazki kamera irabazteko (gehienez bost argazki pertsonako).

Gehiago irakurri...


Zinez positibotzat jo du Asier Vallejo Diasporarako zuzendariak Estatu Batuetara egiten ari den bidaia

2013/02/11

Asier Vallejo Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia agurtzen, Freda haren emaztea so. 93 urte dituen Cenarrusa gaixo dago, baina propio agurtu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkaria Boiseko Leku Ona jatetxean (argazkia EuskalKultura.com) Bidaiaren azken zatian, baina aurrera darrai --Estatu Batuetan arras txarra suertatu den eguraldiak baldintzatuta-- Asier Vallejo Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko zuzendaria, bere bulegoko Benan Oregi teknikaria lagun Ipar Ameriketako zenbait euskal etxe eta estatutara egiten ari den bidaia, kargua hartu zuenetik lehena. Vallejok zinez positibotzat jo du orain arteko ostera. Gaur gauean New Yorkera helduko dira Boisetik, asteazkenean Euskal Herrirako bidea hartzeko.

Gehiago irakurri...


Rio Cuartoko Gure Ametza berriak hilero bidaltzeko harpidedunen bere datu basea eguneratzen ari da

2013/02/11

Gure Ametza Euskal Etxeko azken buletinaren azala Rio Cuartoko eta Argentina osoko euskal gizataldearen ekintzen berri izan nahi duzu? Cordoba probintziako herri honetako euskal etxeko kideak datu-base berria egiten ari dira beren hileroko buletin digitala ahalik eta jende gehienari helarazteko. Ondorioz, helbide elektronikoa bidaltzera gonbidatzen dituzte informazioa jasotzeko interesa duten guztiak. Bide batez, eta 2013ko agenda antolatzen hasi ahal izateko, aurtengo ekintzen egitararua plazaratu dute. Lehenengo aktibitatea proiekzio bat izango da, martxoaren 14an.

Gehiago irakurri...


XIX. mendeko Mexikoko euskal immigranteen zerrenda jarri dute sarean eskuragarri

2013/02/11

Josu Ruiz de Gordejuela historialariaren "Guía de vascos y navarros en México, siglo XIX" VascosMexico posta zerrendako lagunei esker jakin dugu sarean eskuragarri dela Mexikora emigratu zuten euskaldunen zerrenda interesgarri hau. Josu Ruiz de Gordejuela historialariak bildutako datuak dira, "Guía de Vascos y Navarros en México. Siglo XIX" izenburupean. Instituto Nacional de Estudios Históricos de las Revoluciones de México delakoak sarean jarri ditu eta bertan XIX. mendean herrialde honetan lekutu ziren 4.700 immigrante euskaldunen datuak agertzen dira.

Gehiago irakurri...


Boisen Ingeniaritza Elektronikoan doktoretza egiteko bi beka eskaintzen dizkie BSUk euskal ikasleei

2013/02/08

Boise Estatuko Unibertsitateko Micron Engineering Center ospetsua (argazkia BSU) Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko Basque PHD Scholarships izeneko beka deialdi berri bat egin du, unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren eta Idahoko euskal komunitatearen babesarekin. Bekak jasotzen dituztenek doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Ingeniaritza eta Elektronika sail ospetsuan. Bekek matrikula osotasunean ordainduko dute eta, horrez gain, ikasleek 18.000 eta 24.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko dute ostatu eta gastuetarako. Eskabideak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.

Gehiago irakurri...


Bere 10. urtemugan, urteroko bilera ospatuko du Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneak otsailaren 11an

2013/02/08

Iazko bileran parte hartu zuten elkarteko lagunak: goiko lerroan ezkerrtik eskuinera: Mikel Ezkerro, Eduardo Torry, Nicolas Chaves eta Cesar Arrondo. Beheko lerroan: Ignacio Sagastume, Carlos Martinez, Juan C Ibarrola eta J. Domingo Ormaetxea (argazkiaEE) Urtero biltzen dira Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko kide eta arduradunak aurreko zikloko balantzea egite aldera. Aurten, ordea, berezia izango da elkarretaratzea elkarteak 10 urte beteko dituelako datorren apirilaren 5ean. Bilkura Ikasketa Gunearen egoitza den Lapridako Lagunen Etxea euskal etxean izango da datorren astelehenean eta egun osoko programa beteko dute gonbidatuek, tartean, barne lana, aurreko zikloko balantzea, prentsaurrekoa eta urteurreneko afaria. Egitaraua bukatuta, euskal etxeko kideekin batera herriko inauterietan parte hartzeko aukera ere izango dute Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko lagunek.

Gehiago irakurri...


Peruko euskaldunek euren sustraiak gogoratu dituzte zortzi asteko kultur egitarau zabalarekin

2013/02/08

Oñatitik Limara ekarri zuten Arantzazuko Ama Birjinaren erreplika Azken asteotan Peruko euskal komunitateak euskal ondareari buruzko makina bat jarduera egin ditu, Arantzazuko Amaren Anaidiak, San Martin de Porres Unibertsitateak eta Oiga Aldizkariaren Fondo Editorialak antolatuta. Egitaraua zabala izan zen: abenduaren 3an abiatu zen, Euskararen Egunaren karira egin ziren mintzaldiekin, eta egunotan amaitu da, Liman egin berri den anaitasun bazkari batekin.

Gehiago irakurri...


Meza Caracasen Jon Ugutz Lejarcegui eta Anton Goicoechea gogoan; San Blas tradizioari eutsi zioten Eusko Etxean

2013/02/08

Lobascio eta Arriaga familiek egin zituzten San Blas eguneko kordoiak (argazkia CaracasEE) Caracaseko Eusko Etxeak bi usadio zahar berritu zituen otsailak 3an egin zuen mezan, San Blas eta Kandelario egunen karira. Horrela, elizkizunean San Blas eguneko kordoiak eta Kandelario eguneko kandelak bedeinkatu zituen apaizak, bertaratu ziren ia ehun lagunen artean banatzeko. Ohiturak dioenez, gaisotasunak usatzeko balio dute. Meza elizkizunean azken hilabeteotan zendu diren elkarteko bazkideak gogoratu zituzten: Jon Ugutz Lejarcegui Maguregui eta Anton Goicoechea.

Gehiago irakurri...


Google-k Alberto Larraguibel euskal txiletar zaldunaren jauzi historikoa gogoratu du

2013/02/07

Jauziaren momentu historikoa filmatu egin zuten; hemen, Larraguibel eta Huaso zaldia hesia gainditzen Iragan otsailaren 5ean Google bilatzaile ezagunak omenaldia egin zion Alberto Larraguibel euskal-txiletar zaldunari eta, egunero milioika lagunek erabiltzen duten webgunearen portadan, Larraguibelek 1949an Viña del Mar-en egin zuen jauzi historikoaren marrazkia jarri zuen. Larraguibelek, Huaso zaldiarekin, mundu marka hautsi zuen, eta 64 urte beranduago indarrean jarraitzen du errekorrak.

Gehiago irakurri...


Euskara eskolak eta gazte behartsuentzako sukaldaritza klaseak Sao Pauloko Anchieta Jauregian

2013/02/07

Eusko Brasildar Etxeko zuzendaritza kideak eta Kinku Zinkunegi HABEko teknikaria Restaurante Escola-ko ikasleekin (argazkia EuskoBrasildarEtxea) Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak euskara eta kultura zabaltzeko hamaika ekimenekin ekingo dio martxoan aurtengo ikasturteari. Deigarrienetako bat Sao Pauloko Anchieta Jauregian emango diren euskara klaseak izango dira. Jauregia Sao Pauloko Udal Ganberaren egoitza da eta 20 bat funtzionarik ere hartuko dituzte eskolak. Horrez gain, jauregiko Escola Jatetxeko sukaldaritza ikasleek ere euskara ikasi ahal izango dute, euskal etxeak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia