euskal diaspora eta kultura

2013/09/02
Irailarekin batera ikasturte berriari ekin dio Bartzelonako Euskal Etxeak eta ekitaldiz jositako egitaraua aurkeztu berri du hilabete honetarako. Hiru gai nagusi izango dituzte jarduerek, elkarteak aditzera eman duenez: politika, mendizaletasuna eta musika. Horien inguruan antolatuko dira makina bat ekitaldi, hala nola Juanito Oiarzabal mendizalearen hitzaldia, Onna eta Gari musikarien kontzertuak eta Euskal Herriko hainbat alderdietako politikariekin topaketak, besteak beste, Bilduko Maribi Ugarteburu eta Alderdi Popularreko Arantza Quiroga.
2013/09/02
Bi hilabete eskas baino ez dira falta Argentinako urteko euskal jai garrantzitsuenerako. Azpimarratzekoa, aurreko urteetan ez bezala, honakoan ostatua ez dagoela voucher-en prezio barnean eta ordezkaritza bakoitzak arduratu beharko duela bere hotela hartzeaz. Ekitaldiak azaroaren lehen astean hasiko dira Gernika 75. Urteurrenari buruzko erakusketarekin eta ekintza nagusiak hilaren 8tik aurrera burutuko dira, tartean Euskal Gizataldeen Hego Amerika eta Karibeko Eskualde Biltzarra. Ikuskizunen arloan, Baietz eta Maral musika taldeek baieztatu dute orain artean partaidetza.
2013/08/06
Amaitzen ari gara urtero sasoin honetan egiten dugun etena, epe honetan argitaratzen ez dugula buletina. Ohi bezala barne lanari, artxiboko lanei eta paperak egiteari eskaini diogu denbora hau; eta bereziki aurten, daramagun bitarteko murrizketarekin, ez dugu aspertzeko astirik izan. Buletina irailaren 2an, astelehena, itzuliko da bere ohiko bideetara. Ongi amaitu abuztua!
2013/08/05
2013/08/05
Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxetik gogora ekartzen digute indarrean segitzen duela 'Euskaldun bati gertatutako' izenburu eta gai harturik deitu duten nazioarteko ipuin lehiaketak. 18 urtetik gorakoentzat da, egiazko edo asmatutako gaia isla dezake eta irabazleek diploma eta garaikurra bana jasoko dituzte. Originalak entregatzeko epea urriaren 15ean bukatuko da.
2013/08/05
Euskal Herriko Unibertsitateak liburu elektroniko gisa argitaratuta, eskuragai daude dagoeneko sarean, 2013ko maiatzaren 28-29an EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean egindako "Latinoamerika eta Kariberi buruzko I. Jardunaldiak: Latinoamerika mundu mailako turbulentzian: erronkak, mehatxuak eta aukerak" ekimenean aurkeztutako lanak. Liburua pantailan irakurri edo lasai asko jaitsi dezakezu kitorik pdf formatoan.
2013/08/05
Omenaldia eta gomuta berezia eskaini zioten Ziortza-Bolibarko herriak eta bertako Simon Bolivar Museoak Libertadoreari, elizaurre bizkaitar honetako ondorengo izan zen buruzagi hegoamerikarraren jaiotzaren 230. urteurren egunean. Uztailaren 24a zen eguna eta data ospatzeko hitzaldia eman zuen Koldo San Sebastian kazetari eta ikertzaileak, Museoko, herriko eta Bizkaiko Foru Aldundiko agintariak, hainbat herritarrekin batera, bertan zireela.
2013/08/05
2013ko abuztu eta irailean 'Askapenaren Venezuelarekiko 14. Elkartasun Euskal Brigada' herrialde karibetarrean izango da, euskal elkarte internazionalistak aditzera eman duenez. Brigadak Euskadi eta Venezuelaren arteko truke politikoa landu eta bi herrialdeak bizitzen ari diren egoerak aztertuko ditu. Askapenatik azpimarratu dute "Venezuelak eta bertako aldaketa sozial eta politiko prozesuak irabazi duten ospea", "mundu mailan ekidinezineko erreferente gisa" bilakatuta "sistema kapitalistari men egiten ez dion herri ikono gisa".
2013/08/02
Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak aditzera eman du Gaztemunduren 2013ko edizioan parte hartuko dutenen behin-behineko zerrenda. Aurtengo Gaztemundu abuztuaren 31etik irailaren 14ra bitartean gauzatuko da Gasteiz oinarri hartuta, jakina denez euskal etxeetan musikari direnei eskainita. Hautatutako hamabostak Argentinakoak dira (11), Estatu Batuetakoak (2) eta Txilekoak (2).
2013/08/02
Aurten bai, aurten ausartu dira Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko ia ehun lagun aspaldiko ametsa betetzera. Artzain lanean ibili ziren orain makina bat urte AEBetako Oestean, eta orain, adinean aurrera joan arren, hara bueltatuko dira, asko eta asko lehendabizikoz. "Gehienak irrikitan zeuden, baina beraiek bakarrik joateko ausartzen ez zirela", esan dio EuskalKultura.com-i elkartetik Laura Igantzik. "Dena antolatuta denez, eta lagun artean, pozik doaz beraien emazte, seme-alabekin...". Abuztuaren 31n dira abiatzekoak eta Chinon, Bakersfield-en, Fresnon eta San Frantziskon ibiliko dira, besteak beste.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus