euskal diaspora eta kultura

2007/03/31
2007/03/31
2007/03/30
Idahoko euskal komunitateak eta Boiseko Estatu Unibertsitateak antolatuta, Euskal Ikasketen Nazioarteko Mintegia egingo da Boisen apirilaren 20tik 22ra. Mintegian izango diren hizlarien artean Alec Reid apaiza, Irlandako bake prozesuaren sustatzaileetako bat, eta Ibon Mendibelzua, Euskadiko Ordezkaria Bruselan izango dira. Hiru bilkura egunek alde akademiko eta kulturalak batuko dituzte, eta Jimmy Jausoro zena omenduko dute. Jausoro Idahoko euskal komunitatean itzal handiko gizona izan zen eta urtetan bere akordeoiaren musikarekin euskal jai ugari alaitu zituen.
2007/03/30
'Euskal Diasporaren nortasuna egun Argentinan' gaia izan zen Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBA) irakasle den Eduardo Torry-k Buenos Aires probintziako General Villegas herriko Euskal Etxean eskaini zuen hitzaldiaren izenburua. Ekimenak euskal immigrazioaren gaiaz interesatutako jendeak erakarri zituen, eta oro har aztertu zena Argentinan euskal jatorriko hainbatek bere euskal nortasunari eustearren egiten duten ahalegin antolatua izan zen, esan nahi baita euskal etxeen fenomenoa 1877an Laurak Bat lehenengo euskal etxea Buenos Airesen sortu zenetik egungo egoeraraino, herrialde osoan ehun bat euskal etxe dauden honetan.
2007/03/30
Pampa probintzian kokaturiko Macachin hiria bertako Mugica familiak antolatu duen lehendabiziko elgarreratzearen lekuko izan zen, joan den martxoaren 10ean. Bergarako Jose Mugica eta Francisca Garitano euskaldunen ondorengoak dira Mugica famili honetako kideak eta bost belaunaldi biltzea lortu zuten topaketan. Bileran gainera La Florida izena duen arrantxua erosi zuteneko mendeurrena ospatzeko aukera izan dute, are gehiago etxeak oraindik familiaren eskutan jarraitzen duela kontuan izanda. Bergarako Usati baserritik sortutako familia zabal honen Argentinako oinetxea bilakatu da La Florida.
2007/03/30
Barkatu eragozpenak.2007/03/29
Atzean utzi dute Peruko Euskaletxekoek --honela idazten dute euskal-peruarrek euren elkartearen izena-- orain artean euren buruaren interneteko erakuslehio izan duten behin-behineko orrialde estatiko zaharra. Urrats berriak behar bezalako sarrera ematen die munduko euskal etxe webgunedunen artera. Egia esan, merezi zuen halako zerbait munduko euskal komunitateetan seguruenik historia antolatu zaharrena daukan Limakoak, bertakoa baita 1613an ofizialdutako araudia eta guzti jardun zuen Arantzazuko Amaren Anaiartea, Peruko hiriburuko euskaldunak biltzen zituena eta Euskal Herritik kanpoko munduko euskal elkarterik zaharrena izan daitekeena. Ez da marka txarra XVII. mendeko historia zaharra XXI mendeko tresnez ezagutarazi eta gisa horretan kateari segida ematea.
2007/03/29
Euskal Herrian emigrazioaren historia jasoko duen zentru baten beharrean sinetsita, eta munduko Euskal Etxeek hala eskaturik, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Emigrazioaren Euskal Museo bat egiteko proiektua jarri du abian. Egitasmoak 30.000 euroko aurrekontua dauka momentuz, datorren legealdian proiektuan sakontzeko. Dagoeneko Europa eta Ameriketako gisa honetako museoak bisitatu dituzte, euskal museorako ideiak jasotzeko. Euskal Etxeak aldizkariaren azken aleak museo hauetan zehar bidaia proposatzen digu, tartean Boiseko Basque Museum edo 'Euskal Aztarna Argentinan' erakusketari bisita eginez.
2007/03/29
Eusko Kultur Etxeak 2006an egindako lana jasotzen duen memoria plazaratu du. Buenos Aires-eko elkarteak euskal kultura zabaltzeko egin dituen lanen inguruko balorazio baikorra eginez itxi du egoitza berrira egokitzeak markatu duen iragan urtea. Ikastaroek eta hitzaldiek bete dute erakundearen egitarauaren tarte nagusia; txostenaren egileek Eusketxe Arte Galeria berriz ere abiarazte azpimarratu nahi izan dute.
2007/03/28
Edizio bakoitzean gero eta leku gehiagotara heltzen da Korrika, munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzale eta euskal etxeen lanari esker. Oraingoan Txinaren txanda izan da eta bertako Beijing hiriburuan bildu da euskaldun eta txinatar talde bat lasterketari hasiera emateko prest. Ondotik Shenzen hirian egingo du bigarren eguna Korrika TX1ek eta larunbatean Shanghain bukatuko da. Bertako Euskal Etxeko kideek hirian zehar ibilbidea egin eta bazkaria egingo dute, KorrikaJaia deitu duten ekitaldian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus