euskal diaspora eta kultura

2007/08/03
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lorea Bilbao, Hizkuntza Politikarako aholkularia, eta Jon Erdozia, Txileko Euskadiko ordezkaria, izan dira Pazko Uhartea bisitatu duen euskal ordezkaritzako kideak. Euren egonaldian bertako agintariekin eta irlako rapa nui hizkuntza biziberritzeko arduradunekin bildu ziren. Bileretan hizkuntza arlorako lankidetza hitzarmena adostu zuten CONADIrekin, Txileko hizkuntzen biziberritzea bultzatzen duen erakundearekin. Horrela, euskararen esperientzia beste hizkuntza batzuk berrindartzeko eredua izango da, horien artean rapa nui hizkuntza.
2007/08/03
Entzulego zabal eta biziki interesatua bildu zuen Eusketxen Euskal Herrian Euskaraz eta Askapenako kideek eman zuten mintzaldiak. Ekitaldia Korrika 15eko DVDaren emanaldiarekin hasi zen. Jarraian Unai Larreategi (Euskal Herrian Euskaraz) euskararen historia eta egungo egoerari buruz mintzatu zen. Askapenako Sagri Mauleon, Gorka Ovejero eta Iheltxu Oruetak, aldiz, herri maputxearekin lankidetzan bizi berri duten esperientzia azaldu zuten.
2007/08/02
Argentina eta Txileko nafar etxeetako 41 neska-mutiko izan dira guztira Navarra 2007 Nazioarteko Ikastaroa burutu dutenak. Joan den astelehenean Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Foru Jauregian hartu zituen, ikastaroaren bukaera ekitaldian. Nafarroako Gobernuak bultzatzen duen ekimen honi esker 41 gazteek euren arbasoen lurra gertutik ezagutzeko aukera izan dute, bi asteetako egonaldian.
2007/08/02
Besta da nagusi egunotan Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Munduan egun dauden elkarteen artean zaharrena da Laurak Bat eta aurten bere sorreraren 130 urteak betetzen dira. Data garrantzitsua behar den moduan ospatzeko elkarteak aste beteko ekitaldi sortari hasiera eman zion asteartean, San Inazio eguneko mezarekin. Gaur Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politika sailburuordeak mintzaldia eskainiko du eta datozen egunetan dantza, musika eta lagunarteko giroaz gozatzeko makina bat aukera izango da Laurak Baten.
2007/08/01
Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere 95. urteurrena eta San Inazio eguneko jaia batu egin ditu joan den asteburuan, elkartearen bizitasuna eta aldarte ona erakutsi dituen ekitaldia eginez. Urriaren 5etik 7ra bitartean Rosarion bertan Euskal Astearekin biziko den giroaren aurrerakina baizik ez da izan; afarian janari goxoaz eta dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek.
2007/08/01
Jorge Eztala doktoreak eta bere emazte María Leonor Echavarríak 1993an erosi zuten 50 urtez Mario Tittarellirena izana zen bodega. Mendozako senar-emazteek 'Viñas de Euzkadi' bataiatu zuten bidega berria, bion arbasoen ohoretan. Gaur egun, konpainiaren ardoak Argentina osoko bazterretara iristen dira eta baita hainbat lurraldetara ere, hala nola Espainia, Danimarka, Brasil, Australia, Txina eta Estatu Batuetara.
2007/07/31
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Euskal Curriculum berria prestatzen aritu da azken hilabeteetan, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Euskal Herriko ikastoletako haurrek 2007-2008 ikasturtean ikasiko dituzten gaiak bilduz. Aurten lehenengo aldiz euskal Diaspora eta emigrazioaren esperientzia curriculum horren parte izango dira. Iraila hasieran eduki berri hau eta beste asko irakasteko material lagungarria bilduko duen web gunea jarriko du abian Hezkuntza sailak.
2007/07/31
Basque Research webgunea Euskal Herriko zein kanpoko komunitate zientifikoari, ikertzaileei eta orohar publiko interesatuari zuzenduriko ataria da eta bertan ikerkuntza eta berrikuntza arloko ekimen eta aurkikuntzei buruzko informazioa argitaratzen da. Bost urtetako ibilbidean arlo honetako berri iturri bezala bere lekua lortu du webguneak eta orain diseinu eta edukin aldetik eraberritua datorkigu, beti ere eskaintzen duen zerbitzua hobetu eta erabiltzaileen parte hartzea bultzatzeko asmoarekin.
2007/07/30
Irakasle taldearen jarduerak larunbaterainon luzatu baziren ere, joan den ostegunan bukatu zen ofizialki Argentina Euskaraz programako 2003-2007 laurtekoaren irakaskuntza zikloa. Programaren arduradunak, José Francisco 'Kinku' Zinkunegik ekimenaren balantze oso positiboa egin zuen eta programaren barruan lau urte hauetan trebakuntza jaso duten iraksleen etorkizunari buruz mintzatu zen BasqueHeritage.com-ekin.
2007/07/30
Duela 70 urte 36ko gudako bonbardaketetatik ihesi 4.000 euskal haur heldu ziren Ingalaterrako hegoaldean dagoen Eastleigh herrira. Ezer gutxi zekarten eta herri txiki honetako bizilagunak buru belarri aritu ziren laguntzen euren egonaldia ahalik eta atseginen izan zedin. Orain, Eastleigh-ek esperientzia hura gogoraraziko du datorren urrian egingo den kultur aste batekin. Ingalaterra eta Euskal Herriko artista, musikari eta dantzariak arituko dira bertan, horien artean Kukai dantza taldea eta Tanttaka, '1937' antzezlanarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus