euskal diaspora eta kultura

2007/08/17
Urtero bezala sasoin honetan, Bolivar herri argentinarreko Danak Bat Euskal Etxeak hitzaldi eta ikastaroak antolatu ditu Euskal Herritik bolondres etorritako gazte profesionalen eskutik. Aldi honetan Eneko Barberena da gonbidatua, literatur arloan zer esanik ematen ari den eta bere 24 urtetan etorkizun oparoa iragarria dioten abokatu gazte arrasatearra. Poesia eta narratiba arloetan lehenengo emaitzak plazaratuak dauzkan Barberenak joan den asteko ostiralean eskaini zuen Bolivarren sarrera hitzaldia eta aste honetan zein hurrengoan doaniko euskara eta euskal kultura ikastaroa emango du egunero Buenos Aires probintzia hegoaldeko herri honetako Danak Bat Euskal Etxearen egoitzan.
2007/08/17
Argentinan, Buenos Aires probintzia hegoaldeko Claromecó herrian ez dago euskal etxerik, baina joan den urte amaieran bertakoak ados jarri ziren aldameneko Tres Arroyos-eko Euskal Etxekoekin aurten euskara eskolekin hasteko. Hamalau gazte zein heldu dira jadanik, Tres Arroyos-tik inguratzen den Andrés Monteagudo irakasleak emaniko saioetara datozenak. Maila haste-hastekoa da, baina gustura dabiltza ikasle-irakasleak emaitzekin, euren jakinmina asetze bidean ipintzen eta, nork daki, euskal etxe berri baten oinarriak finkatzen. Zorionak eurei, eta eurak bezala Argentinako herri txikietan euskal etxe baten babesik gabe ahalegin bera egiten duten hainbat ikasle eta irakasleei.
2007/08/16
North Queensland-eko euskal etxe australiarra urtero Townsvillen egiten den Cultural Fest izeneko kultura azokan arituko da bihartik hasita asteburu osoan euskaldunen eta euskal kulturaren ordezkari. Euskal etxeko kideak euskal sukaldaritza tradizionala, euskal jantziak, artesania eta beste zenbait elementu bilduko dituzte elkarretaratze horretan ipiniko duten standean. Hirugarren urtez arituko dira bertan euskal erakunde gisa. Klubak, bestalde, datorren irailaren 16rako iragarri du bere Urteroko Biltzar Nagusia, elkartearen egoitzan bertan, Townsvillen.
2007/08/16
Berrogeita hamar urtetik gora dira Argentinan Haurraren Eguna ospatzen dela. Gaur egun abuztuko bigarren igandean egiten da eta euskal etxe batzuk ere antolatu zituzten joan den asteburuan ekitaldi bereziak euren barneko eta inguruko haurrei eskainiak. Honela egin zuten, esaterako, Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera'koek, euren egoitza ondoko eskola bateko haurreak gonbidatuz, eta 'Villegasko Euskaldunak'ekoek, gauza beretsua eginez zirko ikuskizun batekin.
2007/08/15
Munduko bikote pianojole ospetsuenetako bat dira. Katia eta Marielle Labèque da euren izena eta Hendaian jaiotako bi ahizpa dira, pianojole karrera luze bezain nabariaren jabe direnak. Nazioarteko zuzendari eta orkestra famatuenekin jo izan dute, azken hauen artean Berlin, Los Angeles eta Vienako Filarmonikoak edota Boston, Chicago eta Londreseko Sinfonikoak. Urtetan Philips, Sony eta EMIrekin grabatu ondoren, euren disketxe propioa sortzea deliberatu zuten, KML Records, eta harekin Raveli eskainitako ekimen osoa burutu dute, tartean Boleroaren bertsio berri bat, perkusio gisa txalaparta duena. César Cocak sinatzen du artikulua El Diario Vascon.
2007/08/15
'Jai zoragarria', hitz hauekin deskribitu dute Suipachatik, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bertako 'Gure Txokoa' euskal etxearen sorreraren 8. urtebetetzea ospatzeko joan den uztailean Unto Monumentalean eginiko egunpasa eta bazkari-festa. 350 lagundik gora hartu zuten parte, dantzariak-eta barne, tartean baita Suipachako gazte eta gaztetxo asko ere, Jose Martin Apezteguiaren gidaritza izan zuen festa hau familia ospakizun gisa sortu baitzen.
2007/08/14
Emeki emeki, joan urteko uztailaren 27an egin zuen bilkura eratzailean finkatutako helburuak lortzen ari da Argentinako Patagoniako Santa Cruz probintzian lanean ari den 'Hegoalde Argentinarra' (sic) izeneko euskal etxea. Munduan hegoaldeen dagoen euskal etxe honek lortu berria du lege nortasuna eta horrek bidea zabalduko dio FEVA edo Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko kide bilakatzeko eta baita ere Eusko Jaurlaritzaren aurreko onespena lortzeko. Euskal etxe berak, bestalde, deialdia luzatu du bihar bertan bilkura prestatzaile bat egin eta abuztuaren 25ean, larunbata, 'Zine eta Pintxoak' ekimeneko saio berri bati ekiteko.
2007/08/14
Euskal santu honen ohorez eginiko ekitaldi sorta ekainaren 25ean hasi zen, bertako euskal etxetik jakin arazi denez, Ismael 'Cacho' García pilota txapelketarekin, ondoren 30ean sorgiñaren erretzearekin segitzeko, San Fermin festa eta Independentziaren Egunarekin uztailaren 7an eta Lagunaren Egunarekin uztailaren 20an, hori guztia San Inazio hitzordu nagusira iritsi arte uztailaren 31ean, San Inazio diana, ekitaldiak eta omenaldiak barne. Geroztik, abuztuaren 4an San Inazioren ohorezko Afari eta Dantzaldia egin dira, eta herenegun Aitonei eskainitako jaia. Gaur, berriz, Moda desfilea heldu da, 'Gazte Alai'koen eskutik, eta programa datorren larunbatean bukatuko da, Euskal Etxeko dantza talde guztien parte hartzearekin, segidan erromeria batek guztiari azkena emateko.
2007/08/13
'Ardo desberdina, freskagarria eta zapore garratz eta aldi berean gozoa duena'. Horrela deskribatzen dute Estatu Batuetako adituek txakolina, aspaldion gero eta zale gehiago biltzen ari den edaria. Duela urte batzuk AEBtan Txomin Etxaniz marka baino ez zegoen salgai, baina egun Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Txakolinak erosi eta dasta daitezke. Derrick Schneider kazetariak moda berri honi buruzko artikulua idatzi du San Frantzisko Chronicle egunkarian; geuk laburtu eta datozen lerrotara isuri dugu.
2007/08/13
Hiru urte da, 'Amaren Alabak' Zuberoako talde gazteak, «AndereGatik» ikusgarria eratu zuenetik. Urte horietan guztietan plazarik plaza ibili dira sei zuberotar gazteak, haien ahots ederren indarraz, Mauleko espartin lantegietara lan egitera jindako «enarak» gogoan izanik. Zikloa bururatzeko, diskoa atera dute, ZTK disketxearen laguntzaz. Diskoa, taldearen espirituaren miraila da, kantuen soiltasuna eskaintzen baitu soilik eta osorik, estudioko aldaketarik gabe. Eneritz Zabaletak sinatzen du Garak joan den asteburuan argitaratu artikulua.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus