euskal diaspora eta kultura

2007/09/12
Udalbide Elkarlan Elkartea sustatzen duen ekimena dira 'Natur Eskolak' eta joan den abuztuan zehar Urbasan egin ziren 'Urbasan Bagara' udalekuen jarraipena izango dira. Hiru egunetako egonaldiak egingo dituzte gazteek oraingoan eta helburuak euskal herrialdeetako gazteen arteko elkarbizitza eta naturaren ezagutza bultzatzea dira. Urritik ekainera egin ahal izango dira egonaldiak, lekua hartu nahi duenak izena emateko epea irekia du jada.
2007/09/12
Jai handia antolatu zuen Pariseko Eskual Etxeak joan den asteburuan, 2007ko Rugby Mundiala dela eta. Frantzian jokatzen da txapelketa eta Eskual Etxeak partida dexente eskainiko ditu elkarteko pantaila erraldoian. Rugby zale asko dago elkarteeko kideen artean eta euskal etxeak bere talde propioa ere badu: PEER izenekoa. Mundiala dela eta antolatu dituzten ekitaldiei iragan ostiralean eman zitzaien hasiera, baina urriaren 20a bitartean egongo da zer ikusi eta zer bizi Eskual Etxean, ez Parisen bakarrik, Bordelen ere, esaterako.
2007/09/11
Etienne Rousseau-Plotto historialari eta musikari baionarra da. «Stravinsky Biarritzen» ondoren, «Ravel, euskal jatorriak» liburua argitaratu zuen 2004an. Andoni Agirre 23 urteko pianista baionar gaztea da. Lucien Alfonso biolin-jotzailearekin, Ravelen gutun eta konposizioetan oinarritutako kontzertua sortu du. Musikari ziburutarra zendu zela 70 urte bete diren urte honetan, hainbat omenaldi biltzen ari da han-hemenka Ravel, baita 'Musika euskal kostaldean' jaialdiarena ere. Eneritz Zabaletak egin die gaiaz elkarrizketa Garan Etienne Rousseau-Plotto eta Andoni Agirreri.
2007/09/11
Biak Argentinan bertan, baina mila kilometroko tartearekin, amankomunean daukate euren bizilagun eta herritarrek 'Miss Atsegin' hautatu dituztela San Luis probintziako Villa Mercedeseko Immigrantearen Eguneko lehiaketan, eta Entre Ríos probintziako Concordiako bere parekoan, hurrenez hurren. Noelia Diaz Etxepare eta Gimena de Ibarra dira euren izenak, eta biak ohore handitzat hartu dute honelako agertoki batean euren euskal etxeko eta euskal gizataldeko ordezkari izatea, soin gaineko xingolan 'Euskal Herria' eramanez.
2007/09/11
Puerto Ricoko Euskal Etxeak Juan Jose Ibarretxeren bisita jaso zuen joan den asteburuan eta elkarteko kideak oso pozik agertu dira, hauxe baita lehendakari batek herri karibear honetara egiten duen lehen bidaia. Lehendakaria euskal komunitatearekin bildu zen eta euren bizimodu eta egoerari buruzko galderak egin zizkien hango euskaldun eta euskaldunen ondorengoei. Lehenago Ibarretxe Dominikar Errepublikan izan zen eta bilerak egin zituen bertako agintariekin eta euskaldunekin ere.
2007/09/10
Kanpo Harremanen arloan eta Mexiko, Txile, Argentina, Venezuela eta AEBtako Euskadiko ordezkaritzetan lan egin nahi duten gazteek aukera polita dute Jaurlaritzak aurkeztu duen espezializazio beken deialdi honetan. Sei beka dira guztira. Horietako bat Gasteizeko Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusian bete beharrekoa da eta beste bostak Eusko Jaurlaritzak Mexikon, Txilen, Argentinan, Venezuelan eta AEBtan dituen ordezkaritzetan. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 4ean itxiko da.
2007/09/10
Ia laurehun jende bildu ziren Viña del Mar hiri txiletarreko Arte Zineman 'Kutsidazu bidea, Ixabel' filme euskaldunaren emanaldira, Bosgarren Erregioko Euskal Etxeak entolatutako ekitaldian, lankide Txileko Euskadiko Ordezkaritza, Euskal Filmategia eta baita ere Viña del Mar-eko Udala eta Kultura Partzuergoa. Saiora bertaratu ziren besteak beste Txileko Euskadiko Ordezkari Jon Erdozia eta Viña-Valparaísoko Euskal Etxeko lehendakari Archivaldo Uriarte Araya.
2007/09/10
'Diasporaren Herri Kirolak 2007' izena --halaxe, euskaraz-- daraman egitasmoaren lehenengo saioak OHOko1, 31 eta 16 eskola publikoetako 70 bat ikasle bildu zituen Argentinako San Nicolás herrian, Buenos Aires probintzian, bertako Euskal Etxeak antolaturik. Egunean zehar partaideek Lihue Qimlu-ren baserria bisitatzeko aukera izan zuten --arazo fisiko eta sikikoak edo gaisotasun terminalak dauzkaten neska-mutikoekin lan egiten duen elkartea da berau--, baita ere euskal herri kirolak egiteko eta Euskal Herria, bere kultura eta hizkuntzari buruzko jakingarriak eskuratzeko, horretarako propio ateratako orrialde batzuk medio.
2007/09/10
Christopher Bengochea tenore euskalamerikarrak azkenengo sasoina izango du aurtengoa San Jose Operan, Kalifornian. Arrakasta nabarmena izan du bertan azken bi urteetan, Romeo edota 'Lucía de Lamermoor'-eko Edgardo bezalako pertsonaia erromantikoekin; baina kantari bezala proiektu berriei ekiteko garaia dela uste du. Nafarroa Behereko euskaldunen semea, Bengochea Montanako arrantxu batean hazi zen, euskal musika entzunez. Opera munduan urtetan ikasi eta ibili ondoren, euskal arrastoa nabaritzen zaio kantari gustukoena aukeratzerakoan: Erramun Martikorena, jarraian laburbiltzen dugun Mercury News egunkariko artikulu batean azaltzen duenez.
2007/09/08
Azken urteotan hasitako ohiturari jarraiki, Estatu Batuetako erroibartarrek beren laugarren bilera antolatu dute gaur Gardnervillen (Nevada), ibar nafarrean sortutakoen eta haien ondorengo amerikanoen bilgarri. Ekitaldiko antolatzaile, Jose Luis Urrutia mezkiriztarra eta ibarrean jatorria daukan bere emazte Maria Retegui iruindarra, gaztetandik Kaliforniako Thousand Oaks-en bizi direnak eta Jesus Rey bizkarretarra. 75-80 bat jende espero dute. Aita Martxel Tillousek emaniko mezak abiaraziko du eguna, bazkari herrikoia izanen da ondotik eta, azkenik, dantzaldia, Jean Flesher eta bere orkestra euskalamerikarrarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus