euskal diaspora eta kultura

2007/12/13
Arrojos, dichas y nostalgias, Vascos en el Valparaíso del Siglo XX (Ausardia, zoriona eta herrimina, Euskaldunak XX. mendeko Valparaison) Rubila Andrea Araya Ariztia kazetari txiletarrak idatzitako liburua gaur aurkeztuko da Valparaison. Liburura 43 euskaldunen lekukotzak jasotzen ditu, lana horietan eta erregistroetan oinarrituz, euskaldunak nola iritsi ziren Valparaisora eta nola finkatu eta hedatu ziren azaltzeko. Obrak Andrés Irujo Saria irabazi zuen 2005eko edizioan eta Urazandi Bilduman agertu da aurten. Ale bat Valparaisoko Santiago Severín Liburutegiari emango zaio, Ivet Oñate Cid zuzendariaren eskuetan. Ekitaldirako deia Archibaldo Uriarte Bosgarren Erregioko Eusko Etxeko lehendakariak eta Jon Erdozia Euskadik Txilen daukan Ordezkaritzako buruak egin dute.
2007/12/12
Bihar azken eguna. La Platako Unibertsitate Nazionalak (UNLP) Euskara eta Euskal Kultura Ikastaroaren ardura hartuko duen irakasle bat kontratatu nahi du. Ikastaroa Eusko Jaurlaritzak eta munduko hainbat unibertsitateek euskara sustatu eta euskal kultura zabaltzeko duen ekimenen barruan sartzen da. Hautagaiek Euskal Filologia edo Itzulpengintza eta Interpretaritzako lizentziatuak izan behar dute eta irakaskuntza arloan eskarmentua izan behar dute. Hautagaitzak aurkezteko epea bihar bertan itxiko da.
2007/12/12
Asiako lehen euskal etxea da Shanghaiko elkarte gaztea eta bere kideek aurretik ere aurkeztu zuten sarean euren burua elkartearen webgunearekin. Orain ordea, hura osatzera dator euskal etxearen bloga, mundu osoko internet zaleen partehartzea eta kolaborazioa bultzatu nahi duen medioarekin. Blogaren bitartez elkartekideek euskal etxearen azken ekitaldien berri emango dute eta euskal eta txinatar kulturen arteko topagunea bihurtzea da euren asmoa.
2007/12/11
Carlos Casares-eko 'Euskalduna' Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, Zuzendaritza berritu duela adierazi du ohar baten bidez. Agintealdi berria hasiko duen Zuzendaritza Batzorde berriak Javier Oscar Echeberz dauka lehendakari, eta berarekin batera Osvaldo Iriarte, lehendakariorde; Roberto H. Echeberz, idazkari; Marta Zubeldia, diruzain, besteak beste.
2007/12/10
Mallorkako Artea Euskal Etxea 1997an sortu zen, sustraiak Euskal Herrian dituzten edota Euskal Herriarekin estimu lotura bat duten Mallorkako herritarrek elkargune bat izan dezaten. Orain, elkarteak hamar urte bete dituela-eta, euskal-mallorkatarren euskal etxeak urtero antolatzen duen Euskal Kultur Astearen baitan ospatu du joan den astean lehenengo hamarkada, bertako gizartean oinarri gero eta sendoagoak ezarririk.
2007/12/08
Rosarioko Euskal Astean, Liburutegi bileran hain zuzen ere, Lapridako Eusko Txokoak 18. Urteurrena zela-eta deitutako lehiaketaz ohartarazi zuen. Bi hilabete joan dira geroztik eta erakundeak hiru irabazleen izenak eman ditu jakitera, Urteurrena eta Euskararen Eguna ospatzeko egindako ekitaldian. Bildutako 138 erantzun zuzenen artean, Joaquin Orta atera da zozketan irabazle, Bigarren Hezkuntzako 1 zenbakidun Eskolako 9.B-ko ikaslea bera; baita ere Fiamma Quinteros, Polimodal HUSOCeko lehenengo mailakoa Hezkuntza Ertaineko 1 zenbakidun Eskolan; eta Alicia Mariezcurrena, Ayacuchoko Euskal Etxeko kidea. Hiruak argitalpen bana hartu dute opari.
2007/12/07
Maiatzetik azaroa bitartean 'Villegas-ko Euskaldunak' Euskal Etxe argentinarrak euskal zine zikloa eskaini du eta laburmetraien selekzio bat erakusketaren bidez Euskal Herriko egungo zinearen egoeraren berri eman dio komunitate villegastarrari, erantzun arrakastatsua lortuz. Euskal kultura proposamen honek --lehenago euskal etxeetan ez hain zabaldua-- gero eta zale gehiago ari da biltzen, ez bakarrik euskal kultura zaleengan, zinema zaleengan ere baizik. Hilean bi saio eman dira, zazpi hilabete iraun duen esperientzian, eta arduradunek aitortzen dute 'ziklo honek esperientzia eta ikaskuntza berriak jorratzeko aukera' ekarri diela. 'Zalantzarik gabe', diote, 'hurrengo urtean segida emango diogu ekimenari'.'
2007/12/07
Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak bat egingo du Brasildik, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta munduan zehar euskaldunak egunotan egiten ari diren ekitaldiekin. Euskal-brasildarren jaiak Festa do Euskara izenburua izango du eta elkarteko kide eta lagunak babarrun jate baten inguruan bilduko ditu. Elkarteko kideek ekitaldi berean ospatuko dute euren Gabonetako jaia.
2007/12/06
Euskal zinema munduan indartsu dabiltzan zuzendariak dira Borja Cobeaga eta Asier Altuna. Cobeagak Oscar sarietarako izendapena jaso zuen 'Eramos pocos...' laburmetraiarekin iaz eta Asier Altunak Telmo Esnalekin zuzendu zuen 'Aupa Etxebeste!' euskaraz eginiko filmarik arrakastatsuenetakoa izan zen. Biak ala biak Alemanian izan dira egunotan eta euren lana Frankfurt eta Wiesbadenen aurkeztu dute Frankfurteko Euskal Ikasketen Etxeak gonbidatuta.
2007/12/06
New Mexico Euskal Etxea 2004 urtean jaio zen, Suzanne Uberuagak sustatuta. Boisen jaioa eta hezia da Uberuaga eta New Mexicora heldu zenean euskal abizena zuten lagun asko topatu zituen, baina gutxik zekiten euskal jatorridunak zirenik. Euskal ondare --New Mexico-ren historian oso garrantzitsu-- hori ezagutarazteko asmoarekin sortu zen euskal etxea. Urtetik urtera ekintza eta bazkide gehiago biltzen ari dira eta dagoeneko euskal komunitatearen ordezkaritza eraman dute Santa Feko Desfile Historikora. News Bulletin egunkariak bildu du guk laburtu eta euskaratu dugun berri hau.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus