euskal diaspora eta kultura

2009/05/14
Joan den maiatzaren 10ean Lapurdiko Senpereko lakua Herri Urrats edo Iparraldeko ikastolen jaiaren edizio berri baten gunea izan zen. Bezperan, handik 12.000 kilometrora, Buenos Airesen, euskaltzale argentinar talde mardul bat Iparraldeko Euskal Etxera bildu zen, bertan ere jaia ospatzeko. Argentinarrekin batera Euskal Herriko ordezkaritza bat izan zen bertan: Ramuntxo Camblong lapurtarra, Udalbide/Udalbiltzako zuzendaritza batzordeko kidea, eta Joan Carlos Etxegoien 'Xamar' eta José Ángel Irigaray idazleak, euren azken lanak Buenos Aireseko Liburu Azokan aurkeztu ostean.
2009/05/14
2009/05/14
2008ko azaroan Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Chivilcoy herria bisitatu eta kontzertua eman zuen bertako Euskal Etxean. Euskal Etxeko arduradunak eta Orkestrako kideak harremanetan jarraitu zuten eta hilabete batzuk pasata Santiago Torricelli Velazco pianojole chivilcoytarrak eta Eugenia Puente sopranoak bisita bueltatu eta kontzertua eskaini dute Aretxabaletan. Emanaldia bikoteak Europara egin duen biraren barruan gauzatu da, Madril eta Bartzelonara aurkeztu aurretik.
2009/05/13
2009/05/13
Aukeratu berria dute Cecilia Cenoz Argentinako Tandil herriko 'Gure Etxea' Euskal Etxeko lehendakari. Ez zuen Euskal Herritik etorritako aitatxi ezagutu, soilik aitak kontatzen zizkion pasadizoen bidez, baina horiek aski izan ziren denborarekin euskara ikasi, euskal sentimentua bereganatu, eta Tandilgo Euskal Etxea bere etxetzat hartzeko. Badaki berak euskal elkarteak une latzak bizi dituela, gazte gutxi biltzen baitu, eta gazterik gabe, gero gutxi. Hala ere eutsi dio EEko lehendakari izateko erronkari. Bere lana, 'arduraz eta koherentziaz' betetzea espero du, 'baina gehienbat maitasun handiz'. Helburua, Tandilgo euskal eraikin ederrari haur eta gazteen zarata eta bizitasuna ekartzea. Elkarrizketa Alma Vascako Jorge Gilabert-i dagokio.
2009/05/13
Belaunaldi aldaketa bat eman da, presidentetzari dagokionez behintzat, Argentinako 'Gure Etxea' Euskal Etxean. Aire berriak ekarri eta gazteek erakundean ardura handiagoak hartzeko erraztasunak izan ditzaten izango dira bere erronketako batzuk. Euskara irakasle den Cenozekin batera Zuzendaritza Batzordekide dira Juan Beguiristain, lehendakariorde lehena; Isidro Legarreta, lehendakariorde bigarrena; Miguel Herrera, idazkaria; Jorge Gilabert, diruzaina; eta Maria del Carmen Dindart, agiri idazkaria, besteak beste.
2009/05/13
Famatuena, eta jatorrizkoa, Nafarroako Iruñea baldin bada ere, munduan Pamplona izena duten beste hainbat hiri daude: 19 zehazki. Gehienak mendeetan zehar munduaz bestaldera aberastasun edo bizitza hobeago baten bila joanak ziren nafar konkistatzaile edo inmigranteek sortuak izan ziren. Diario de Noticias de Navarra egunkariak hiri hauen errepaso txikia egiten du, 2001ean Iruñeakin senidetu zen Kolonbiako Pamplonatik hasi eta Mexikoko Veracruzeko Pamplona nimiñoraino, jarraian laburtu eta itzuli dugun artikulu honetan.
2009/05/12
Joan den larunbatean iritsi zen Chascomus herrira, Buenos Aires probintzia argentinarrean, Bixente Arozena Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kidea, erakunde horretako kide gisa Argentina eta Uruguaira Ramuntxo Camblong-ekin batera egin duen itzuliaren barnean. Autobusez heldu zen, Mar del Platatik. Camblong-ek, berriz, bidaia segitu zuen Buenos Aireseraino, hitza emana baitzien hiriburuko Iparraldeko Euskal Etxeko kideei bertako Herri Urratseko ekitaldian parte hartzeko. Arozena, Chascomuseko Udaletxean errezibitu zuten Liliana Denot alkateak eta beste zenbait goi ordezkarik; eta Chascomuseko Euskal Etxean, aurreskua dantzatu zioten.
2009/05/12
Datorren larunbatean, maiatzaren 16an, Txileko Santiagoko Eusko Abesbatzako kideak Bilbora helduko dira, elkartearen 70. urteurrena ospatzeko Euskal Herrira egingo duten lehendabiziko biran. Maiatzaren 24a arte izango dira Euskal Herrian eta zenbait emanaldi egingo dituzte, hala nola Plentzian, Donibane Lohizunen eta Bermeon, azken honetan herriko Habanera Jaialdian. Koraleko zuzendaria Patricio Aburto da eta presidentea Andoni Torrontegui.
2009/05/12
Buenos Airesko euskaldunek urtero ospatzen dute Herri Urratsen euren bertsioa, hiriko Iparraldeko Euskal Etxearen eskutik. Aurtengoan, Udalbide/Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko kide Ramuntxo Camblong, eta Xamar eta Jose Angel Irigarai idazleak bertan. Argentinara egin duten itzuliaren azkeneko egunean zeuden eta Diasporako jendearekin egoteko aukera dezente izan ondoren, Diasporako festa euskaltzale bat bizitzeko aukera izan zuten. Baita loriatu ere. Etxeko kideak eta, oro har, euskara eta euskal kulturaren inguruan mugitzen den jende multzoa gerturatu zen hiriburuko Moreno kalera, euskarazko jokoetan, dantzetan eta afari batean parte hartzeko. [IKUS ARGAZKI ERREPORTAJEA]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus