euskal diaspora eta kultura

2009/06/09
Macachin hiriko Unión Vasca-Euzko Alkartasuna Euskal Etxea, La Pampa probintzian, izango da larunbatetik aurrera Argentinako Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza eta bertara bilduko dira euskal etxeetako muslaririk onenak. Jarduerak, esan bezala, larunbatean hasiko dira, ordezkaritzei ongi etorriarekin eta lehendabiziko partidekin. Igandean txapelketaren giroa elkarteko 50. urteurreneko jaiarekin batuko da eta astelehenean azken partidak eta sari banaketa egingo dira.
2009/06/09
Arrakasta izan du Córdobako Gure Txokoa Euskal Etxeak antolatutako Hizkuntza Gutxiengotuen II. topaketak. Bilera honen helburua euskara eta hizkuntza beraren egoera ezagutzera ematea izan da. Aldi berean, euskararen antzeko egoeran bizi diren hizkuntzen berri eman nahi izan da esperientzia trukaketa sustatuz. Topaketan, euskararekin batera, armeniera, katalana eta gaelikoa izan dira protagonistak.
2009/06/08
Asteburuan New Yorken jokatu den front-ball pilota modalitate berriko txapelketari dagokionez, Iker Etxebarria euskaldunak hirugarren postua eskuratu du, Waltary kubatarrak aise irabazi duen txapelketan, Arteako bizkaitarra finalaurrean eta Juan Medina mexikarra finalean menderatuta. Larunbatean Central Parken jokatu zen lehiaketan honako herrialdeetako pilotariak aritu ziren: Estatu Batuak, Kuba, Costa Rica, Dominikar Errepublika, El Salvador, Frantzia eta Euskal Herrikoak.
2009/06/08
Gizatalde-elkarteak hamaseigarrenez antolatu behar du aurten bertako Gizataldeen Festa, baina lege nortasuna duelarik antolatuko duen lehen aldia izango da. Euskal Etxea ere barnean duen 'Gizataldeen Elkarte Santafetarrak' lortu berria du lege nortasuna eta karia hortara agiri bat plazaratu du Santa Feko 'Gure Etxea' Euskal Etxeak , bere bozkario eta atsegina adieraziz. Erdaraz 'Asociación Santafesina de Colectividades' izena duen elkarteak Santa Fe hiriko Hipolito Irigoyen kalearen 2451ean dauka egoitza eta, orain, 334 zenbakia dauka lege nortasuneko.
2009/06/08
Aurten ere Asmoz Fundazioak Euskal Ikasgaien online graduondokoaren edizio berri bat jarri du abian, 2009-2010 ikasturterako iragarri dituen eskaintzen artean. Graduondokoaren hamargarren edizioa izango da eta aurrekoetan bezala Diasporako euskaldunentzat bereziki zuzenduriko 20 beka oso eskaintzen dituzte. Beka hauek eskuratzen dituztenak ez dituzte matrikulak balio dituen 1.372,50 euroak ordaindu beharko eta ikastaroa lasai-lasai egin ahal izango dute etxetik, ordenagailu bidez.
2009/06/08
Arrakastaz egin berria da maiatzaren 26tik 29ra Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburuan 'Euskal kooperatibismoa: baloreak eta internalizazioa' izeneko graduondoko mintegia, Eusko Ikaskuntzak eta Universidad Nacional de La Platak (UNLP) indarrean daukaten lankidetza akordioaren baitan. Jose Maria Larrañaga ingeniari teknikoa izan da irakasle. Ekimenak lortu duen oihartzunaren seinale, bildu dituen 70 partaideak, La Plata ingurutik ezezik, Buenos Aires probintzian urrun dauden San Miguel del Monte, Necochea eta Bahía Blanca hirietatik ere hurbilduak.
2009/06/05
Buenos Aires Hiri Autonomoko Emakume Abertzale Batza erakundeak, bare barne araudiek diotenari segituz, Zuzendaritza berritu du. Izan ere, elkarteko Ohiko Batzar Nagusiak, bere eskumenak erabiliz, egungo Batzordea bere horretan berrestea erabaki zuen, aurreko lehendakaria eta gainerako postuak euren lakuan baieztatuz. Beraz, Angela Vicandik segitzen du lehendakari eta berarekin batera ari dira Lucia Castro Jaunsaras, idazkari legez, eta Maite Velasco, diruzain, besteak beste.
2009/06/05
Gaur egingo dute Argentinako Cordoba hirian, bertako 'Gure Txokoa' Euskal Etxea antolatzaile, 'Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxituenen II. Elkarretaratzea', Cordobako euskal komunitatearekin batera kultura eta komunitate katalana, irlandarra eta armeniarra partaide. Gure Txokoako Euskara Sailaren ekimen hau gizarte cordobarrari zinez zabaldutako eskaintza moduan aurkezten da, bizikide diren komunitate eta kulturak elkar ezagutu eta gizarteak oro har dituen aberastasun gisa har daitezen. Egunaren hondarrean, Cordobako Euskal Etxeko 'Baietz' musika taldea arituko da, egunari amaiera erritmoduna ekartzen.
2009/06/05
Argentinako beste hamaika bazterretan bezalaxe, San Juan hiriko Eusko Etxeak, San Juan probintzia argentinarrean, parte hartu zuen, urtero bezala, Maiatzaren 25eko aberri-eguna dela-eta hiri horretan antolatutako parada edo kabalkada zibiko-militarrean. San Juango karriketan ibili zen jende multzoak euskaldunen bandera eta jantziak zeramatzaten euskal etxekideak ikusi zituen ibiltari, herrian bizirik dauden gainerako kultura, nazio eta gizataldeetako ordezkariekin batera.
2009/06/05
Juan Carlos Jimenez de Aberasturi idazle eta historialariak eta Rafael Moreno, Universidad Complutense-ko irakasle eta espioitza munduan adituak, 'Al servicio del extranjero. Historia del Servicio Vasco de Información (1936-43)' liburua plazaratu dute. Lan honetan euskal espiotza zerbitzuen hastapenak kontatzen dituzte. Zerbitzu hau 36ko gudan sortu zen, Agirre lehendakariari informazioa emateko, eta AEBetako inteligentzia sareen parte izatera heldu zen 1943an, nazi eta komunisten ekintzak zelatatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus