2009/07/07

Atzo eguerdian ekin zitzaien Iruñean 2009ko Sanferminei, Maite Esporrin zinegotziak piztutako txupinazoak bederatzi jai egunetako lehenari hasiera eman zionean. Munduan zehar, hainbat euskal eta nafar etxe joan zaizkio emendatzen Iruñeko alaitasunari, kontutan izanik askotan aurreko edo ondoko asteburuetara eramaten dela jaia, Iruñean ezik aste-egun hauek lan-egun baitira. Normalean soilik Argentinan, bertan Uztailaren 9a jai patrio nazionala baita, harrapa dezakete jai egun oso bat Uztailaren 7aren inguruan, San Fermineko festa nagusia hortxe programatzeko. Eta aurten, ezta hori ere, programatu arren Argentinak A gripearekin bizi duen larrialdi egoera dela-eta, azkenean, bilkura eta elkarretaratze guztiak debekatu baitira.
Gehiago irakurri...
2009/07/07

Paraguaiko hiriburuko Jasone Euskal Etxeak, bere araudiak agintzen duenari jarraiki, Zuzendaritza Batzordea berritu du. Elkarteko Ohiko Batzar Nagusiak lehendakari gisa baieztatu du Galo Egüez, eta agintealdi berrian berarekin batera arituko dira: Alberto Javier Urrutia Larrea, lehendakariorde; Hector Izaguirre, idazkari; eta Ramon Cueto, diruzain. Euskal etxe paraguaitarra 1996an sortu zen eta aurretik Pedro José Gamarra eta Daniel Elicetche ere izan ditu lehendakari.
Gehiago irakurri...
2009/07/07

Alboka izan zen joan den uztailaren 3an Gure Txokoa-ko Euskal Etxekoek antolatutako kontzertuko protagonista. Cordobako euskal egoitzak 70 bat lagun bildu zituen, tartean Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeko lehendakariorde Domingo Aguirre, errepertorio tradizional eta berriko obrak entzuteko, jolea Gaspar Jaurena albokaria Baietz taldearekin. Saioarekin musikariek urteko lehenengo seihilabeteko kontzertu zikloa bukatu zuten eta hasi dira dagoeneko prestatzen abuztutik aurrera egingo dituzten aurkezpenak. Ziklo berrian, euskal herrialde bakoitzeko musika joko dute saio bakoitzean eta hasteko, Gipuzkoakoarekin hasita. Bitartean, txalaparta, alboka, euskal flautak (txistua, xirula), eta oro har euskal tresnei buruzko tailerrak segitzen dituzte.
Gehiago irakurri...
2009/07/06

Joan den ekainaren 21ean, Buenos Aires probintziako San Miguel hirian jaio zen Askatasunaren Bidea, 'euskal kultura zabaltzea eta bide aske batetik ibiltzea helburua duen elkarte euskal argentinarra'. 'Ez gara euskal etxe bat, ez dugu zuzendaritza batzorderik, ezta bazkiderik ere', hitz hauekin aurkezten dute beren burua talde berrikoek, eta jarraian adierazten dute: 'Nahi duena hurbildu daiteke gurekin batera lan egiteko, baina hierarkiarik gabe. Oraingoz hori da gure xedea, euskal kulturaren alde proiektuak burutzea. Gero gerokoak'. Bitartean, luzatu diote honez gero San Miguelgo komunitateari lehenengo ekintzan parte hartzeko gonbitea, ekainaren 11an: ‘Haritza Euskal Herriko Historian’ mintzaldia.
Gehiago irakurri...
2009/07/06

Urrats berria eman du Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak --gaztelaniaz Centro Vasco Frances gisa ezagutzen denak-- interneten lehio propioa zabalduz, etxeko idazkaria eta euskal kulturzale saiatua den Norma Riosen eskutik. Webgunea abiarazteko lehenengo zirriborroak duela hilabete batzuk egin baziren ere orain arte ez da jendaurreratu eta orain hasi zaio dinamika bat ematen. Aurrerantzean, beraz, hiriburu porteñoko euskal elkarte honek maiz antolatzen dituen ekitaldien berri izan nahi duenak badu nora jo.
Gehiago irakurri...
2009/07/06

Mountain Home-ko Historia Museoak, Estatu Batuetako Idaho estatuan, euskaldunei buruzko erakusketa edo erakusleiho bat aurkeztu du, eta zabalik izango du uztaileko hilabete osoan, euskaldunei buruz, bertako zinegotzi Richard Urquidik prestatu eta moldatua, duela gutxi familiarekin batera arbasoen herria duen Euskal Herrira bidaiatu ondoren. Urquidi, pertsona gaztetandik aktiboa Mountain Home-ko euskal komunitatean, baita ikerlari gisa ere, izango da baita ere, datorren ostegunean, uztailak 9, Museoko lagunen aurrean hitzaldia emango duen gonbidatua, arestian aipatu gai beraren inguruan.
Gehiago irakurri...
2009/07/06

Paranáko Urrundik Euskal Etxearekin urtetan kolaboratzaile ari den Hector Baigorria doktorearen hitzaldi batek berrabiarazi du Paranán, Argentinako Entre Rios probintzian, 'Urrundik komunitatean' ekitaldi zikloa. Power point batek lagundurik, Baigorriak kutsatuta egon daitezkeen janari eta edariekin hartu beharreko aurrezainketa neurriez aritu zen. Lehenengoz 2005ean eratu zen ziklo honen hurrengo hitzorduak Argentina A gripeari dagokionez bizitzen ari den larrialdiaren eboluzioaren arabera iragarriko dira.
Gehiago irakurri...
2009/07/03

Astigarragako Aire Aire trikitixa taldeak Txile bisitatuko du heldu den astean. Ostiralean, uztailaren 10ean, musikajole gazteek Santiago hiriburuko Euzko Etxean joko dute, bertako Itxaropen gaztea taldeko dantzariak emanaldikide. Bertatik
Valparaíso/Viña del Mar-era pasatuko dira, azken herri honetako Cine Arte delakoan kontzertu berri bat eskaintzeko hilaren 13an. Trikitixarekin batera, panderoa, egurrezkoa goilareak eta txalaparta daramatzate eurekin. Entzulegoan dantzan hasi nahi duenak ez du aitzekirik behar izango, haste-hastetik dantza erritmo biziak agindu baitituzte astigarragatarrek.
Gehiago irakurri...
2009/07/03

Zalantzarik ez da Shanghaiko Euskal Etxekoei ez zaiela irudimena eta ekimena falta egiten dituzten gauzetan. Amaitu berria den ekainean burutu dituzten ekintzen artean Idiazabalgo gazta dastaketa bat egon da, eta baita Txile-Katalunia eta Euskal Herriaren arteko futbol txapelketa triangeluar bat. Biak arrakastatsuak izan dira, euren helburu nagusia bete baitute: ongi pasatzea lagunartean, hurkoekiko harremanak landuz eta Txinan egonik ere bertako ohiturekin batera euren sorterrikoak ere praktikatuz.
Gehiago irakurri...
2009/07/03

Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak, Buenos Aires probintzia argentinarrean, egin berria du joan den larunbatean, ekainaren 27an, bere Ohiko Batzar Nagusia eta, besteak beste, estatutuek esandakoaren arabera Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak egin ditu. Ondorioz, berrautatua izan da erakundeko lehendakari Jose Marin Azarloza. Berarekin batera ari dira Zuzendaritza Batzordean: Ana Maria Irigoyen, lehendakariorde lehena; Horacio Ayesa, lehendakariorde bigarrena; Gustavo Elichiribehety, idazkaria; Adriana Hernandorena, idazkariordea; Francisco Valencia, diruzaina; eta Juan Gonzalez, diruzainordea, beste zenbaiten artean.
Gehiago irakurri...