euskal diaspora eta kultura

2009/03/20
Korrikaren 16. edizio honetan AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa erantzun ezinhobea izaten ari da Diasporako euskaldunen aldetik. Londres, Madril, Shanghai eta Bartzelonako euskal etxeek iragarri dituzten ekimenei, orain Mexikoko Euskal Etxearen proposamena batu behar zaio, izan ere, arduradun mexikarrek diotenez 'aurten Korrika Mexikotik pasako da!'. Jarduera egitaraua oparoa da eta asteartean hasiko da afari batekin. Hurrengo egunetan mintzaldiak, zinea eta aurkezpenak izango dira; eta larunbatean jai handia: Korrika hiriko kaleetan zehar, txikientzako rally-a, bazkaria, txalaparta eta gehiago.
2009/03/19
Euskal literatura zaleek eta Diasporan euskara ikasten ari diren lagunek topagune berria dute UNED-eko euskal literatura klub birtualean. Bertan euskal idazleen lanak komentatu eta aztertzeko beta dute, doan eta era erraz batean. Iker Azkue, Brasilgo Euskal Etxeko euskara irakasle ohia eta egun UNED-eko euskara ikastaro birtualen koordinatzaile, da klubaren gidaria eta hilabetean behin elaberri bat proposatzen du irakurgai bezala. Orain Juan Kruz Igerabideren 'Hauts bihurtu zineten' lanarekin ari dira.
2009/03/18
Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxea bere sorreraren 25. urteurrena ospatzen ari da aurten eta hori dela eta kultur aste bat antolatu du martxoaren 28tik apirilaren 4a bitartean. Baina ospakizunak hasiak dira jada Gure Txokon, eta joan den otsailaren 27 eta 28an elkarteak bazkideentzako afaria, eskertza meza eta hiriko bizilagunei irekitako jardunaldia eta hamaiketakoa egin zituen. Hil honen 28tik aurrera, gehiago: herri kirol erakusketak, harrijasotzaile eta aizkolariekin, gastronomia topaketa eta elkarteko koruaren emanaldiak, besteak beste.
2009/03/18
London Basque Society elkarteak etorkizunerako berebiziko garrantzia zuen bilkura berezia egin zuen joan den martxoaren 8an. EuskalKultura.com-ek orduan azaldu zuenez, elkartea arazo ekonomiko larria bizitzen ari da eta bazkideek arazo horri irtenbidea bilatu nahian dabiltza. Datozen hilabeteetan elkarteak hartuko dituen neurrien artean besteak beste bazkideek urtean 15 liberatako kuota ordaintzea proposatu zuten bileran. Momentuz, elkartean bizitzak indartsu darrai eta apirilaren 3 eta 4ean laburmetrai emanaldia eta Korrika 16 lasterketaren jaia egingo dituzte.
2009/03/17
Martxoaren 28an eta 29an, Aberri Eguneko ospakizunekin batera, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxean Dantzarien Topaketa egingo da. Hirugarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, asmoa euskal etxe ezberdinetako gazteei elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko tartea ematea da. Asteburu osoan zehar, Buenos Aires probintziako herri honetara gerturatzen diren neska-mutilek dantza, kirola, jolasak eta beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute. Dagoeneko hamar dantza talde dira jada euskal etxe antolatzaileari baietz esan diotenak.
2009/03/17
Alemaniako Euskal Ikasketen Etxeak, Frankfurteko euskara ikasle eta euskaltzaleak batzen dituen elkarteak, herri alemaniarrean euskal kultura ezagutzera emateko ahaleginarekin darrai jo eta su. Asmo horrekin euskal-alemaniar gau berezi bat antolatu du datorren apirilaren 2rako: alde batetik sagardo -sagardo alemaniar!- dastaketa egingo dute eta bestetik, Juan Mari Beltran musikariak txalaparta kontzertua eskainiko du.
2009/03/16
Martxoa heldu da eta martxoarekin batera ikasturtea hasten da hegoaldeko hemisferioan. Euskara ikasi nahi dutenentzako FEVAk aurten ikastaroak emango dituzten euskal etxeen zerrenda plazaratu du. Ikastaro hauek bi motatakoak izan daiteke: aurrez-aurreko klaseekin edo Boga sistemarekin, hau da, internet bidez. Argentina osoan zehar, berrogei bat erakundek emango dute aurten euskara ikasteko aukera.
2009/03/16
Beste behin ere Korrikak, AEKko euskaltegiek euskararen alde antolatzen duten lasterketak, oihartzuna izan du Diasporan eta euskal etxe askok bat egin dute ideiarekin, bakoitzak bere herrian lasterketa txikiak antolatuz. Ekitaldi egitaraua ezagutzera eman duen azkena Madrileko Euskal Etxea izan da: martxoaren 28an elkarteko korrikalariak espainiar hiriburuko kaleetan lasterka aterako dira, 'Korrika Madrilen ere!' lelopean. Eta ez da hori dena: elkarteko talde bat apirilaren 5ean Gasteizera joango da zuzenean Korrikaren bukaera ekitaldian parte hartzeko.
2009/03/13
Udalbidek, Euskal Herri osoko hainbat udaletxe euskaltzalek sorturiko elkartasun elkarteak, 'Urbasan bagara' udalekuen hirugarren edizioa jarri du abian. Udaleku hauetan zazpi herrialdeetako haurrek --zortzi, Diaspora barne-- parte hartu dezakete, astebetez naturaz gozatu eta lagun berriak eginez Urbasa mendilerroan, Nafarroan. 1996 eta 1999 urteen artean jaiotako neska-mutilek parte hartu dezakete, eta egonaldiaren prezioa 100 eurotakoa da (ostatua, janaria, jarduerak, autobusa eta asegurua barne). Izena emateko epea maiatzaren 8an itxiko da.
2009/03/13
Bi bat baino hobeto, pentsatuko zuten Rio Cuartoko eta Villa Mercedeseko euskal etxeetako arduradunek eta esan eta egin, joan den martxoaren 6 eta 7an indarrak batu egin zituzten --kasu honetan dantzari, txalapartari eta kantariak-- eta euskal ikuskizun bat eskaini zuten Rio Cuartoko Munduko Herrien Jaian. Dantzari eta kantarien emanaldiak harrera oso ona izan zuen, baina ezbairik gabe jakinmin gehien piztu zuena txalaparta izan zen, Argentinan apenas ezaguna den instrumentua baita.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus