euskal diaspora eta kultura

2009/04/23
Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atala EuskalKultura.com-ekin harremanetan jarri da masterrak ikasten ari diren Latinamerika, AEB eta Filipinetako ikasleentzako 2009-2010 laguntza deialdian izan den eguneraketaren berri emateko. Aldaketa honetan datza: Kolonbia eta Venezuelako ikasleek Kolonbiako Euskadiko ordezkaritzan aurkeztu beharko dituztela eskabideak eta ez Txilekoan, aurreko artikuluan azaltzen genuen bezala.
2009/04/22
Apirilak euskal Diasporan bi gai nagusi izaten ditu urtero, alde batetik Aberri Eguneko ospakizunak, eta bestetik Gernikako 1937ko bonbardaketako biktimen oroimenez egiten diren ekitaldiak. Australiako euskal komunitateak ere data esanguratsu hauek gogoratu nahi izan ditu eta Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxean Aberri Eguna ospatzen zuten aldi berean, William Kelly artistak "Bakeari monumentua: Gernika eta espainiar guda zibila" erakusketa inauguratu du Melbournen. Ekitaldian euskal komunitateko kide ugari izan ziren.
2009/04/22
Joan den urrian Gure Txokoa elkarteko euskaldunak egoitza berri batera aldatu ziren. Aldatzearen buruhauste txikiak eta oporrak direla medio, hil honetan bertan jarri dituzte abian ekintzak egoitza berrian. Jarduerak euskal etxeko zein komunitateko kideei irekiak dira eta badago zer aukeratu: abesbatza, euskara eskolak eta dantza klaseak, eta urtean zehar egingo diren hitzaldiak, erakusketak eta hainbat topaketa. Hasteko, igande honetan Aberri Eguna ospatzeko bazkari bat eta jolasak egingo dituzte etxeko aretoan.
2009/04/21
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Madrilgo ordezkaritzak urteroko lagunen topakaterako deialdia egin du. Ekitaldia larunbat honetan izango da, Madrileko Euskal Etxean eta ondoren Zerain jatetxean. Topaketaren helburua elkarteko kideen artean eta erakunde eta talde laguntzaileekin harremanak sakondu eta estutzea da. Eguna 'El país de aprieta y afloja' antzezlanarekin hasiko da (Félix M. de Samaniego-ren testuetan oinarritua) eta ondoren lagunarteko afaria egingo da Zerain jatetxean.
2009/04/21
2009/04/20
Euskal Herriko Unibertsitateak Latinamerika, Filipinak eta AEBetako ikasleen mugikortasuna sustatzeko beka deialdia ireki du. Bekak 2009-2010 ikasturteko kalitate aipudun doktoretzatara sarbidea ematen duten ikerketa masterrak egingo dituzten ikasleei zuzenduak dira. Beka bakoitzaren zenbatekoa 4.500 eurotakoa da eta eskabideak aurkezteko epea datorren maiatzaren 15ean itxiko da. Eskabideak dagokien Euskadiko ordezkaritzatan aurkeztu beharko dira, hala ere, AEBtako eskabideak Mexiko ordezkaritzan jasoko dituzte, Uruguaikoak Argentinakoan, Kolonbia eta Venezuelakoak Txilen eta Filipinetakoak Madrileko ordezkaritzan.
2009/04/20
Bilboko La Casilla Pabiloian egingo da larunbatean Euskal Herriko Igo Japoniako Kultur Jaia, Nihon Basuku Yukoukai elkarte euskal-japoniarrak (日本バスク友好会) eta Ekialdearen Ikerketarako Euskal Elkarteak (EuskadiAsia) antolatuta. Goizeko hamarretatik eta arratsaldeko zortziak arte lantegiak, erakusketak eta hainbat ekimen izango dira ikusgai. Arte martzial erakusketak (Iai-do/居合道, karate/空手道...), arte tradizionalak (Ikebana 生け花, Origami 折り紙, Bonsái 盆栽, Odori 踊り...) eta abangoardiakoak (manga, anime, zinea...) ere eskainiko dituzte antolatzaileek.
2009/04/17
2009/04/17
Necochea hiriak, Buenos Aireseko probintzia argentinarrean, bat egin zuen joan den asteburuan AEK-ko euskaltegiek Euskal Herrian antolatzen duten lasterketarekin. Necocheako euskaldunek, baina, ez zuten Gasteizera bidaia egin behar izan Korrika ofizialarekin bat egiteko, izan ere euskal etxeak lasterketa sinboliko bat antolatu zuen herriko kaleetan zehar. Ekitaldian elkarteko gazte zein nagusiek parte hartu zuten, eta eurekin batera euskal etxeko txikienak ere bertan izan ziren, bizikleta gainean abil, lasterketan atzean ez gelditzeko.
2009/04/16
Gaur arratsaldez Euskal Etxean 'Euskaldunak prentsa amerikarrean' gaiaz emango den hitzaldi batekin emango zaio segida, apiril osoan zehar Mar del Platako euskaldunek Aberri Eguna ospatu eta Gernikako bonbardaketaren 72. urteurrenaz oroitzeko prestatu duten egitarauari. Bihar, Ameriketako euskal artistak ardatz harturik, Flores Kaperotxipi margolariaren kasuari helduko zaio. Igandean, berriz, mezaren eta dantza ikuskizun baten ondotik, senitarteko bazkari batera bildutakoek Antonio Urdangaray ohoratuko dute. Egitarauaren azken hitzordua apirilaren 26an, igandez, izango da, Mar del Platan landatuta dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean. Bestelako egunetan, proiekzioak-eta eskainiko dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus