euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

500 lagun bildu ditu Trenque Lauquengo 2017ko Urdaiazpiko Jaiak, tartean obren erakusle, Miguel Etxebarria margolaria

2017/10/26

Euskal Sustraiak Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko lagun batzuk Urdaiazpikoaren Jaian
Euskal Sustraiak Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko lagun batzuk Urdaiazpikoaren Jaian

PUBLIZITATEA

Eta ez da margolariaren partaidetza hori batere kointzidentzia izan. Izan ere, jakindakoan San Nicolaseko Euskal Aste Nazionalera etorri behar zuela, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko lagunak kontaktuan jarri ziren pintorearekin, bera izan baitzen Baionako 2016ko Urdaiazpiko Jaiko (Xingar Besta) pintore ofiziala. Festan parte hartzeaz gain, bi eguneko erakusketa egin zuen bertan artistak.

Trenque Lauquen, Argentina. Urdaiazpikoaren Jaiaren 9. ediziora iritsi dira aurten Euskal Sustraiak Euskal Etxeko lagunak eta urtero legez, erabat arrakastatsua suertatu da proposamena: 500 bat lagun bildu ziren urriaren 14an Barrio Alegre Klubean afariaz eta musika eta dantza ikuskizunaz gozatzera.

Afariari dagokionez, etxeko urdaiazpikoarekin, primerako errekiarekin, entsaladarekin eta proposamen ugaritasunez osatutako menua prestatu zuten antolatzaileek gonbidatuentzat. Ikuskizuna bi zatitan banatu zuten. Euskal Etxeko dantzariek Aurresku, Fandango, Arin Arin eta Zinta Dantza taularatu zituzten. Kalejira ere osatu zuten baina mahaien artean eta publikoa lagun. Gauerdi aldera, erromeria hasi zen herriko musikari eta disc-jockeyekin.

Egitarauari jarraituz, sari ederrak banatu zituen elkarteak gauean zehar egindako zozketetan: bi bidaia, urdaiazpiko bat eta beste hainbat opari. Eskerrak emateko momentua iristean Batzordeko kideek ez ezik, Miguel Etxebarria margolariak ere zuzendu zizkien hitz batzuk bildutakoei.

‘Vascos de allá. Vascos de acá’ erakusketa

Trenque Lauquengo egonaldia ongi baliatuz bere artelanak erakutsi zituen margolariak hiriko Museo de la Comandancia-n. Erakusketa urriaren 13an eta 14an egin zen, pintorearen hamahiru lanekin. Euskal Etxeko kide Jorge Ortizek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “gu jarri ginen kontaktuan berarekin eta oso egokia iruditu zitzaigun gonbidatzea Etxebarria Baionako Urdaiazpiko Jaiaren (Xingar Besta) margolaria izan baitzen iaz. Argentinara etorri behar zuen San Nicolaseko Euskal Astean parte hartzera eta tarte bat egin zigun bere agendan. Hiriko Kultur Idazkariak ere bere babesa eman zigun eta beraien esker Museoa lortu genuen erakusketarako”.

Gogora dezagun Miguel Etxebarriak euskaltasuna islatzen duten hainbat gairi buruz margotzen duela, kostaldea eta mendiko paisaiak, itsasoa eta baserriak, jaiak, mito eta elezaharrak; baina ez Euskal Herrikoak bakarrik, euskal diasporakoak ere baizik. Datozen asteetan bere margoak San Nicolasen egongo dira ikusgai azaroaren 6tik 12ra, Hiriko Legebiltzarrean (Concejo Deliberante) eta 501. zenbakiko Arte Eskolan. Buenos Airesen ere ikusi ahal izango dira, hiriko Legislaturako ohorezko hall-ean, Peru kaleko 130. zenbakian. Hiriburuko erakusketa azaroaren 27tik abenduaren 1era arte zabalduko da.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia