Necochea, Argentina. Xarmanki pasatu da joan den aste osoan Necochean 2023ko Euskal Aste Nazionala. Asteburuan bereziki, Argentina osoko euskaldunak eta dantza talde, kulturgile eta jendeak bildu dira, baita Uruguaikoak ere, eta bazen baita ere Estatu Batuetako, Kanada eta Brasilgo euskal komunitateetako lagunik. Artikulu honetan, beherago, asteburuak emandako irudien lehenengo hurreraketa egingo dugu, eta bihar asteartea hasiko gara argazki eta irudi kronika kronologiko xehetua egiten, aurrenekoa, hain zuzen ere, ostiral arratsaldez ireki zuen Simposium edo Jardunaldia islatuz.

Ostiral arratsaldean, Jardunaldia. Irudian, Gorka Alvarez Jaurlaritzaren jarduera eta planak azaltzen

Jende frango bildu zen hitzaldietara, Euzko Etxeko bigarren solairuko aretoan

Necocheatik munduratu diren programak ere aurkeztu ziren, hala nola Hator Hona famatua

Larunbat goizean FEVAk bere Euskal Asteko ohiko bilkura egin zuen, Arantxa Anitua buru

Uruguai, AEB eta beste gonbidatuetako batzuk. Hizlari, Etxepareko Kinku Zinkunegi eta Monika Madinabeitia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hitzaldia eman zuen, Arantxa Anitua aurkezle
Bestela, gogoratuko dugu 2023ko Euskal Asteko programako parte direla aipatutako Simposiuma Diasporari buruz, artxibari eta liburuzainen bilkura, dantza zuzendariena, FEVAren osoko bilkura, Euskal Herritik etorririk Aukeran dantza taldea eta Laiotz-eko musikariak, dantza klasea Edu Muruamendiarazek emana, sagardotegi txotx afaria egin Euskal Etxekoek ekoiztutako sagardoarekin, euskal etxeetako bost abesbatzek kontzertua eskaini zutela, euskara praktikatzeko mintzodromo arrakastatsua gauzatu zela...

Necochean, ezin falta Danborrada, jotzaileen artean Euskal Herriko eta AEBko gonbidatuak ere

Ongi antolatutako dantza jaialdia, Iñaki Aramayo aurkezle euskaraz zein gaztelaniaz

Argentina osoko, eta Montevideoko Eusko Indarra, orotara 21 dantza talde ikuskizun ederrean

Xiberoko dantzak ere. Irudian godalet dantza, bost dantzariak oinak batera edalontzi gainean
.jpg)
Igande goizen, ohiko moduan, dantzarien alarde eta erakustaldia, eguraldia lagun

Txistularien zuzeneko musikaren ondoan, agintariak, hiriko, EEko eta Eusko Jaurlaritzako

Ikuskizun ederra, eta besteak beste fandango eta arin-arina dantzari guztiak elkarrekin dantzatuz

Argentinari ere ohore, eta euskal dantzariak 'chacarera' tipiko bat elkarrekin dantzatuz

Bazkari eta afariak ere Euskal Etxeko aretoetan egin dira, askotan txiki geratuta

NABOKO Jean Flesher hitzaldi-emaile, danborradan jotzaile eta soinujotzaile eta kantari ere ikusi genuen
...ahaztu gabe, astean lehenago bururatutako argazki-erakusketa, larunbateko danborrada, kabalkada Necocheako karriketan musika eta dantzariekin eta buruhandi eta erraldoiekin, 21 dantza taldeko gaualdia antzokian, eta igandean meza izan zela, lore-sorta ezartzea Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, erromeria eta berbenak, dantzarien alarde eta erakustaldia plazan... Festa ederra, irriz eta bozkarioz betea. Zorionak antolatzaile, arizale eta partaide guziei! Datorren urteko Aste Nazionala, Bahía Blancan. Aupa Bahía!
[Segi datozen egunetan 2023ko Euskal Asteko argazki eta bideo kronika xehetuagoa]

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



