euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Erabat arrakastatsua”, Boiseko Ikastolaren alde hiriko Bardenay jatetxeak antolatutako ekimena

2014/06/23

Boiseko Ikastolaren aldeko gauean parte hartu zuten lagunetako batzuk, euskal komunitateko kide eta lagunak (Henar Chico)
Boiseko Ikastolaren aldeko gauean parte hartu zuten lagunetako batzuk, euskal komunitateko kide eta lagunak (Henar Chico)

PUBLIZITATEA

Joan den asteko astelehenean, Boiseko Ikastola laguntzeko asmotan, ekimen berezi bat garatu zuen Idahoko hiriburuko (AEB) Bardenay jatetxeak. Arratsaldeko 17:00etatik 21:00era bitartean jatetxeak lortutako etekinaren %20a Boiseko Ikastolari agindu zioten, bueltan ezer espero gabe. Ekitaldia “erabat arrakastatsua” izan zela esan dio EuskalKultura.com-i Mara Davisek, aurre-eskolako zuzendariak. Bardenay jatetxea Boiseko Basque Block delakoan kokatzen da, Grove kalean, Euskal Museo eta Kultur Etxearen aurrean.

Boise, AEB. “Espero nuen jende baino gehiago bildu zen”, azpimarratu digu arrasti osoa bertan eman zuen Davisek. Annie Gavicak, Boiseko Museoko hezkuntza adituak, bestalde, hurbildutako jendetzaren  "aniztasuna" eman zuen bereziki positibotzat. “Ezagutzen ez nuen jende pilo bat egon zen, batzuk ohikoak Bardenayn, baina beste asko Ikastolako sendiak eta familia euskaldunak oro har”.

Boiseko Ikastolaren pankarta bat eskegi zuen jatetxeak atarian, sartzen zirenak jakin zezaten euskal eskolaren aldeko diru biltzeko gaua zela hura. Eta jatetxe barnealdean, bazeuden ere Ikastolako hainbat argazki, Henar Chicok Euskalkultura.com-i esan gisa. Chico A Basque in Boise blog ezaguneko arduraduna da eta bere bi seme-alabak Boiseko Ikastolan ikasitakoak dira.

Euskaldunak Bardenayko ekintzara animatzea zaila izango zela uste zuen Mara Davisek hasieran, baina ez zen horrela izan. Bere ustetan, litekeena da “haurrentzat etxetik kanpo afaltzera ateratzea bidaia bat egitea bezalakoa izatea”. Gavicaren iritziz, parte hartzeko oso ekimen erosoa da Bardenay-k antolatutakoa, ez baitu inoren boluntario lana eskatzen eta momentu lasai eta atsegina pasa eta aldi berean Ikastolaren alde egiteko ekimen polita da, jendearentzat erakargarria, beraz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia