Amaiur Aresti Arregi. Argentinan jaioa zara, baina zure abizenak zerbait salatzen digu, ez?
Ba ideia egin dezazuen, Tres Arroyoseko Euskal Etxeak nik adina urte ditu. Hau da, Euskal Etxea sortu zenean, gurasoen besoetan joaten nintzen batzordearen bileretara eta abar. Beraz, uste dut jaio nintzenetik izan dudala Euskal Herriarekin lotura. Hasieran, gurasoek eramaten gintuztelako; eta gero ba nire hautuz. Gainera, gazteagoa nintzela hona etortzeko aukera izan nuen eta maitemindu egin nintzen Euskal Herriaz. Eta abizena Irundik omen dator. Baina, dagoeneko ez dago inor hemen. Nire birraitonak izan behar zuen bertakoa.
Oraingoa, ordea, ez da Euskal Herrira etortzen zaren lehen aldia ezta?
Hau etortzen naizen laugarrena da. Lehenengo aldiz 2018an etorri nintzen, Gaztemundu programarekin, eta orduan ezagutu nituen Oier Araolaza eta Josu Garate; beraiek izan ziren euskal dantzako formazioaren arduradunak. Gero, 2022an etorri nintzen gurasoekin, turismo pixka bat egitera. Eta 2024an itzuli nintzen, bigarrenez Gaztemundurekin.
Eta oraingoan Tandileko Betirako dantza taldearekin eta zuzendari gisa, gainera.
Niretzat erronka bat da, taldean espektatiba handiak zeudelako. Asko gara taldean eta oso heterogeneoa da. Gazteak daude; hemen, esaterako, 19 urtekoak ditugu, eta gero 55 eta 54 urtekoak ere bai. Beraz, batzuetan pixka bat zaila da oreka aurkitzea eta denak pozik uztea, baina beno, etorri naizen aldi guztietan, niri gustatu zitzaidana hori taldeari erakusten edo nolabait hurbiltzen saiatu naiz, dantza formazioak, lekuak...
Zu noiz hasi zinen dantzan, eta zerk eraman zintuen horretara?
Ez naiz gogoratzen zehazki noiz hasi nintzen. Hau da, gogoratzen dudanetik beti aritu naiz dantzan. Oso txikia nintzela, Tres Arroyoseko Euskal Etxea, Hiru Erreka, oso gaztea zen, eta, beraz, ez zegoen dantza talde oso handirik. Bost, sei edo zazpi ume izango ginen; hasiera hartan. Gogoratzen dudana da sagar-dantza egiten genuela.
Baina orain Tandileko Betirako taldean zabiltza.
Bai, ni Tres Arroyosen, Buenos Aires probintziako hiri batean, jaioa naiz. Tandil baino pixka bat hegoalderago dago. Gero unibertsitate ikasketak egitera Tandilera joan nintzen eta orduan hasi nintzen Betirakon. Tandileko Euskal Etxeko jendea lehendik ezagutzen nuen, Argentinan urtero Euskal Aste Nazionala egiten delako eta aurretik eginak nituen harreman batzuk. Eta ikastera joaten zaren beste hiri batera ohikoena da inor ez ezagutzea. Baina gure kasuan badakizu Euskal Etxera joaten bazara han ezagunen bat beti egongo dela. Beraz, nolabait, leku seguru batera zoaz.
Eta ia Euskal Etxe guztietan dantza talde bat aurkituko duzu.
Bereziki gertutik bizi izan ditudan bi lekuetan, Tandilen eta Tres Arroyosen, instituzioak oso indartsuak dira, eta euskal komunitatea ere oso indartsua da bi hirietan. Pisu handia dute dantzak, Euskal Etxeek edo euskal kulturak, oro har. Komunitate asko daude, Argentina etorkinen herrialdea da, baina gu hiriko ekitaldietara zabaltzen garenean, uste dut beste kolektibitateekiko aldea nabaritzen dela. Euskal Etxe bakoitzaren barruan, uste dut dantzak funtsezko zeregina duela, gazte gehien biltzen dituen taldea delako eta erakundetik kanpora gehien erakusten edo ateratzen dena delako. Hau da, hiriko gainerako jendeari Euskal Etxea erakusteko modua da. Beraz, uste dut hortik datorrela dantzaren pisua.
Diasporan euskaraz baino euskal dantzan aritzea ohikoagoa da ezta?
Bai, bai, hala da. Baina euskal dantzan aritzeak ere, modu batera edo bestera, euskaldunekin komunikatzeko balio du. Aurreko aldietan etorri nintzenean, bat-batean, euskaraz hitz egiten duen jendearekin entsegu batean aurkitzen zara, eta ez duzu ulertzen zer ari diren esaten. Baina egiten ari direna ulertzen duzu, dantza bera hizkuntza bat delako. Dantza komunikatzeko modu bat da.
Eta nola funtzionatzen du Betirakok?
Bueno, normalean urteari astean entsegu batekin ekiten diogu, asteazkenetan, arratsaldez. Ordu eta erdi eta bi ordu arteko entsegua izaten da. Eta, gero, urtearen erdialdetik aurrera, beste entsegu bat gehitzen dugu, Euskal Astera iristeko indartzeko.
Beraz, zuentzat Euskal Astea da ekitaldi nagusia?
Normalean, bai. Urtean zehar aurkezpen asko ditugu. Izan ere, Euskal Etxeak baditu ospatzen dituen ekitaldi bereziak, eta horietan ere parte hartzen dugu. Aurten, gainera, pixka bat gehiago inplikatu gara Euskal Etxetik kanpora ateratzeko erronkan. Eliza batera joan gara dantzatzera, eskoletara, zaharren egoitza batera... Pixka bat geure burua erakusteko eta komunitatera ateratzeko, betiko ekitaldi beretan itxita ez geratzeko.
Iaz Martin Zalakain aurkeztu zenuten Tandilen eta orain Betirako taldearekin Euskal Herrian zaudete. Nondik nora sartu da mugimendu hau guztia?
Ea, hasieratik hasiko gara. 2018an etorri nintzenean, Argiaren Martin Zalakain obra ikustera eraman gintuzten. Liluratuta geratu nintzen. Gero, 2025ean Euskal Aste Nazionala Tandilen egitea tokatu zitzaigun. Orduan jarri nintzen Oier Araolazarekin harremanetan, eta Zalakain hara eraman ote genezakeen planteatzen hasi ginen.
Eta lortu zenuten. Orokorrean, Aste Nazionala berezia izan zen zuentzat, ezta?
Izugarria izan zen. 33 urte baitziren Tandilen euskal aste nazionala egin gabe zela. Beldur pixka bat ere bazegoen, jende asko behar delako hainbeste pertsona hartzeko. 1500 edo 2000 pertsonaz ari gara. Haiei harrera egin behar zaie, gidatu egin behar dituzu, egitarau bat edo zerbait interesgarria eskaini... Eta, bestalde, gure dantza taldearentzat ere erronka bat planteatu genuen: zerbait desberdina eskaintzea. Urtero elkartzen gara euskal dantza taldeetako zuzendariekin, bilerak egiten ditugu, eta azken urteetan gai hau ateratzen ari zen: beti gauza bera ikusteaz aspertuta geundela. Euskal Aste Nazionaleko dantza-ikuskizun batera iristen ginen eta betiko dantza berak aurkitzen genituen. Musika aldatzen zen, jantzia ere pixka bat aldatzen zen, baina, funtsean, beti gauza bera izaten zen. Orduan, zerbait gehiago edo desberdina bilatzea erabaki genuen. Oso ondo atera zitekeen edo oso gaizki. Eta, uste dugu, ondo atera zela. Balorazioa oso positiboa da. Oso iritzi onak jaso ditugu, egia esan. Beraz, oso pozik eta oso gogotsu geratu ginen. Pentsa, 2031n berriro Tandilen egingo da Euskal Aste Nazionala. Uste dut Gaztemunduk eta iazko esperientziak utzi didan gauzarik baliotsuenetakoa harremanak izan direla. Gehiagorako gogoz gelditu ginen eta hemen gaude.
Eta, zehazki, zer bilatzen duzue bidaia honekin?
Nik uste dut hurbilketa bat. Hemengo kultura hemendik bertatik bizitzea. Oso bestelakoa dela uste dut. Beste gogo batekin itzultzen zara, beste energia batekin, eta dantza edo kulturarekiko beste begirada batekin. Hamaika gara etorri garen dantzariak, eta gero lau laguntzaile. Baina Betirako dantza taldean 20-22 inguru gara. Denok ezin izan dugu etorri, arrazoi ekonomikoengatik, denboragatik, familiagatik eta abar. Baina uste dut han asko geratu direla etortzeko gogoarekin.
Euskal dantzan formatzea da bidaiaren helburuetako bat, ezta?
Bai, dantza klaseak jasotzen ari gara. Talde bakoitzaren arabera antolatzen saiatzen gara. Adibidez, Zuberoan Aitzindariak taldearekin, goizean entseguak egin ditugu eta arratsaldean lasaiago ibili gara: paseo bat, atseden hartu... Proiektuaren barruan, gainera, 15 minutu inguruko dokumental labur bat ekarri dugu. Dokumentalarekin batera, Argentinako folklore-dantza baten azalpena egiten dugu; chacarera dantzarena. Eta horrekin batera, guk geuk egiten dugun aurkezpen bat ere badugu. Beraz, bisitatzen ari garen lekuetan hori eskaintzen ari gara.
Hartu eta eman, beraz.
Dokumentalaren harrera oso ona ari da izaten. Baita Chacarera dantzarena ere. Sinplea da, eta maiz dantzatzen duenarentzat are sinpleagoa. Baina, bueno, izaten ari den harrerak asko harritu gaitu, egia esan. Eta uste dut taldean, oro har, oso pozik geratu garela parte-hartzearekin eta jendeak erakutsitako prestutasunarekin.
Zuek denok euskal dantzak zein Argentinakoak dantzatzen dituzue?
Taldean uste dut hiru pertsona baino ez daudela benetan Argentinako folklorea dantzatzen dutenak. Peña batera joaten dira, han entseatzen dute eta talde bat dute. Gainerakoek ez. Entseguak egin genituen eta bidaia honetarako bereziki prestatu gara. Oinarriak ezagutzen baditugu ere, ikusi eta bizi dugun dantza delako, ez genuen dantzatzen. Beraz, bidaia baino hilabete batzuk lehenago hasi ginen prestatzen eta ezagutzen.
Orduan euskal dantzak gehiago ezagutzen dituzue Argentinakoak baino?
Bai. Esan genezake taldeko gehienek baietz.
Maule eta Eibar izan dituzue egoitza nagusiak, baina horietatik gelditu ere egin gabe zabiltzate.
Mauletik Eibarrera bidean Errenterian gelditu gara; Jantziaren museoa bisitatu dugu Ramon Garciak gidatuta. Areatzan ere egon gara. Diasporaren inguruko aste moduko bat antolatu dute, hainbat egunetako jarduerekin, eta, horien artean, gu dantzatzera gonbidatu gaituzte. Xabi Aburruzaga soinujoleak gurekin jo du. Berarekin harremana genuen, Argentinan ere izan baita, eta zalantzarik egin gabe esan zigun baietz. Eta egia esan, guretzat luxu bat izan da, Argentinan ez baikaude oso ohituta zuzeneko musikarekin dantzatzera. Dokumentala ere aurkeztu dugu eta erromerian ere izan ginen. Hurrengo egunean Donostiara joan ginen estropadak ikustera. Oso ikusgarria izan zen. Gutako askok ez genituen inoiz ikusi, ia beroz hil ginen, baina jarduera berezia izan da guretzat. San Telmo museoa ere joan ginen eta Jesus Larrea eta Ane Albisuk gidatu gintuzten. Astelehenean berriro itzuli ginen Donostiara. Eguerdian Mikel eta Juan Antonio Urbeltzekin elkartu ginen plazan, eta solasaldi lasai eta atsegina izan genuen; haien lan egiteko moduaz, ideiez eta proiektuez, aritu ginen. Ondoren, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan Gari Otamendirekin dantza klaseak jaso genituen. Oinarrietatik hasi ginen, pausoak nola osatzen diren, musika-denborak, azentua noiz dagoen... eta horrelakoak. Eta irailaren 8an Arratera.
Bertan dantzatu duzue, ezta?
Dantza eta negar asko egin dugu Arraten. Asko hunkitu ginen, oso ongi etorriak sentitu garelako. Gaizki ohitzen ari gara horrela izatera, baina ez da beti gertatzen, eta, beraz, benetan baloratzen dugu. Oso hunkigarria izan zen, ezpata-txikien postuan dantzatzeko aukera eskaini baitidate. Zaila ere bai, esan behar dut. Nerbioak kontrolatzea ere ez zen erraza izan, baina egia esan oso polita izan da, esperientzia oso ederra. Festa barrutik eta dantzan bizitzea baino modu hoberik ez dago. Denbora guztian barruan egon ginen, eta uste dut kanpotik ikusi, argazkiak ikusi edo festan egon arren, barrutik bizitzea beste zerbait dela. Gero dantza egin ondoren, presaka samar alde egin behar izan genuen, Donibane Lohizuneko Diasporaren Eguneko ekitaldira joan behar genuelako. Bihotzaren zati bat Arraten geratu zitzaigun, bertan egoteko gogoz geundelak
Eta Zarautzera, ere bai, ezta?
Euskal Jaian izan ginen. Egun osoa festan ibili ginen, eta hura ere bikaina izan zen. Gainera, han bizi den argentinar talde batekin elkartu ginen, eta Bahia Blancako batzuk ere bazeuden. Beraz, nolabait berriz elkartzeko modua ere izan da. Asko disfrutatu genuen, asko dantzatu genuen, eta beste hainbeste edan ere bai! Eta gauean berriro Eibarrera.
Eta orain zer ari zarete entseatzen?
Ezpata-dantza prestatzen ari gara, larunbatean Beasainen dantzatuko dugu bertako ezpata-dantza egunean Eibarko Kezka dantza taldekoekin batera. Orain beste leku batetik egokitu zait, eta, beraz, berriro ikasi behar dut. Arraten ezpata txikiekin aritu nintzen eta orain ezpata luzeen taldean tokatu zait. Zaila da, baina logika handia ere badu, eta pixkanaka ari naiz.
Iruñera ere joango zarete, ezta?
Bai, goizean iritsi eta Aritz Ibañez gure zain egongo da. Hirian zehar ibilbide bat egingo digu, hainbat leku ezagutzeko. Arratsaldean, berriz, Duguna taldearekin entseatuko dugu. Bereziki Euskal Asteari begira, haiena den dantza bat erakutsiko digute; Xenpelarrena, makila-txikiekin egiten dutena. Beraz, aukera hori aprobetxatuko dugu dantza fintzeko, zuzentzeko, hobetzeko eta oraindik ikasteko ditugun hainbat gauza gehitzeko.
Bidaiaren amaierara iristen ari zaretela, nola zaudete?
Oso nekatuta, baina oso-oso pozik. Egia da gorputza nekatzen dela eta jarduera batetik bestera gabiltzala etengabe, baina nik uste dut badagoela indartsuagoa den zerbait: gogoa. Eta uste dut hori dela aurrera bultzatzen gaituena. Taldean denok gaude antzera; orduan, bat nekatuago dagoenean, besteak tira egiten du, eta horrela.
Zuk, pertsonalki, zer eramango duzu esperientzia honetatik?
Oraindik bi asteak ez dira amaitu, beraz, oraindik ez dut dena bizi... Baina, oraingoz, oso gogotsu eta pozik nator. Baita taldeko gainerakoek ere nola gozatzen duten eta nola bizi duten beste modu batean ikusteagatik ere. Uste dut hori dela gehien eragiten didana. Batzuentzat Euskal Herrira etortzen diren lehen aldia da. Eta hunkigarria da. Taldekide bakoitzak nola bizi duen ikusten duzu, eta oso polita da.
Taldea bidaia honetatik zerekin geratzea gustatuko litzaizuke?
Hasiera-puntua izatea gustatuko litzaidake, abiapuntua izatea. Beti dago gauzak hobetzeko aukera, baina saiatu nahiko nuke lortu dugun hau gurpil moduko bat bihurtzen, honek elikatzen eta osatzen jarrai dezan, eta urtebete edo bi barru errepikatzen saia gaitezen. Bai gure Euskal Etxea eta baita gainerakoak ere bultzatu nahiko nituzke elkarlanerako prest egotera, irekiak izatera eta harremanetan jartzeko eta harrera egiteko prest egotera. Handik, Argentinatik, jende asko dago hori egiteko oso prest.
Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


