Iñigo Bilbao Sagastiberri. Nicaragua sandinista abestia bukatu berri zuen Fermin Muguruzak, eta oraindik ukabila goian zuela joan zitzaion Natxo Pineda, Alicia Foroko arduraduna, kalea poliziek eta militarrek hartua zutela esanez. Pinedak berak mikrofonotik azaldu zuenez, mehatxua irmoa zen: kontzertua bertan behera utzi eta bertan ziren guztiak segituan ateratzen ez baziren, Guardia Nazionalekoak sartuko ziren barrura, eta haiek ateraraziko zituzten. Ezusteko handia hartu zuten aretoan zeuden laurehun bat lagunek. Muguruzak berak lasai ateratzeko eskatu zien, probokazioetan erori gabe, eta horixe egin zuten. Horrela bukatu zen, ostiral gauean, Fermin Muguruzak eta haren bandak Cuauhtemocen, Alicia Foroan eman behar zuten kontzertua.
Ateak ireki zituztenean, polizia ibilgailuen argi urdin keinukariak barruraino sartu ziren inor atera aurretik, kanporako bidea hartua zutenen eskandalurako. Muguruzak politikoki ondo zaildutako gogaide sutsuak ditu Mexikon, eta horien bila joan ziren uniformedunak, kontzertua zapuztu zutenean. Pinedak berak adierazi zuen, gero, agindua nork eta zergatik eman zuen ez badakite ere oso argi daukatela zeren bila zebiltzan: «Probokazio hutsa izan zen: atxilotuak nahi zituzten, biolentzia nahi zuten, jendeak aurre egin ziezaien nahi zuten; nota gorria, alegia». Muguruzak berak ere galdera hori zabaldu du sare sozialetan: poliziek eta militarrek «sarraski bat» egin nahi ote zuten.
Suspenden concierto de Fermin Muguruza en el Multiforo Alicia por rebasar el aforo y falta de permisos. Elementos de Sedena y policía capitalina desalojaron el lugar sin incidentes. El músico tocará gratis este sábado en Neza. pic.twitter.com/MOYyA4T1ic
— Rockanrolario (@rockanrolario) May 31, 2025
Musikazaleek, kalera aterata, dozenaka polizia, soldadu eta guardia nazional aurkitu zituzten Alicia Foroaren eraikineko aterabide bakarrean, arma astunak eskuetan eta oso agerian. Irudia bortitza eta edonor izutzeko modukoa bazen ere, patxadatsu zeuden kanpokoak, jendea nola ateratzen zen zelatatzen. Horrenbeste, non «Gora Palestina askatuta!» oihuka egin baitzuten batzuek kalera, unearen arrasto politikoa azpimarratu nahian edo.
Alicia Foroa zapatismoari lotutako kulturgune autonomoa da, 30 urteko ibilbidea duena jada, eta Muguruzaren etxea izan da Mexikon, hara joaten hasi zenetik, Kortaturen garaietan. Alicia Foroa beti egon da Cuauhtemoc Udalean, baina auzoz aldatu zen duela urte eta erdi, Hiriko Gobernuak areto berri eta egokiago bat eskaini zienean. Ostiral gauean zer gertatu zen argituko da beharbada, baina ez da oso azkarra izan behar asmatzeko Mexiko barruko tirabira politikoen erdian egotea egokitu zitzaiola Muguruzari. Izan ere, oposizioaren esku dago udal gobernua, eta bertako agintariek bidali zituzten poliziak Aliciara. Noiz, eta Botere Judiziala berritzeko bihar izango diren hauteskundeen bezperan; oposizioak berak boikotatu nahi duen prozesuaren bezperan, alegia. PRI oposizioko alderdikoa da Cuauhtemoceko alkatea, Alejandra Rojo de la Vega.
Alicia kulturgunera joan zen poliziaburuak esan zuen Poliziaren eta armadaren arteko operatibo bateratu bat egiten ari zirela, auzoan segurtasuna bermatzeko, eta kontzertuarekin topo egin zutela. Ohikoak dira halako operatiboak, eta horrek azalduko luke armadak atzoko gertaeretan esku hartzea. Poliziaburuak gaineratu zuen jende andana ikusi zutela kalean —baina antolatzaileen hitzetan sei edo zazpi lagun besterik ez zegoen kanpoan momentu horretan—, eta zertan zebiltzan ikusteko joan zitzaizkienean izan omen zuten kontzertuaren berri. Baimenik ez zutela egiaztatu zutela, eta horregatik eman zutela aretoa husteko agindua. Baina bitxiak dira aitzakia horiek, kontuan hartuta uniformedunekin batera Televisako kazetariak ere han zeudela, hasiera-hasieratik.
Mexiko Hiriko Gobernuaren babesa
Pinedak azaldu duenez, handik joan aurretik, azken hizketaldian, poliziaburuak galdetu zion zer harreman zuen berak agintariekin, eta nortzuk ote ziren bere «aitabitxiak». Gero, Mexiko Hiriko Gobernuaren dei bat ere jaso zuen Pinedak —ezkerraren esku dago gobernu hori—: hedabideetan ikusi zituztela gertatuak, eta jazotakoa argitu beharko dela. Mexiko Hiriko Gobernuak agiri bat plazaratu du gaur, Alicia Foroari babesa agertzeko, eta hark eta haren gisako zentro independenteek egiten duten lana goratzeko. Muguruzaren kontzertua bertan behera uzteko agindua gaitzetsi du, bestalde. Mexiko aldeko musikari eta sortzaile ugariren babesa ere jaso dute, hala Alicia Foroak, nola Muguruzak berak.
Ez Mexiko Hiriko Udalak bakarrik, Mexikoko Gobernuak ere agiri bat kaleratu du, Alicia Foroa hustu izana gaitzesteko. Gobernuak hitzeman du argituko duela nork eta zergatik agindu zuen kontzertua gelditu eta lekua husteko, eta kulturgune independenteen alde agertu da.
Muguruzak eta haren taldeak ordubete pasatxo zeramaten kontzertua jotzen, baina ezustean eta erdizka gelditu behar izan zuten. Hala ere, mikrofonoa utzi aurretik, Alicia Foroarekin izan duen harreman estua gogoratu zuen oholtza gainetik: «Berton egin genion Iñigo anaiari lehen omenaldia, zendu eta gero». Gogaideei lasai eta probokazioetan erori gabe ateratzeko eskatu ondoren, mendekua larunbatean bertan hartuko zutela agindu zien. Izan ere, Nezatitlan jaialdiaren barruan, Tijuana No, Banda Bassoti eta beste musika talde «senide» batzuekin kontzertua ematekoa da Muguruzaren banda.
Ameriketako itzulian dabil taldea, izan ere, maiatz bukaeratik: Txilen, Argentinan, Uruguain eta Kolonbian jo dute, Mexikora iritsi aurretik. Gaurko kontzertuarekin bukatuko dute Amerikako itzulia, eta ekainaren 7an Erroman arituko dira, hilaren 14an Donostian jo aurretik.