euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Naia Gerekiz, Txilen dagoen gernikarra: «Txiletarrak oso jende hurbila dira» (Berrian)

2020/06/12

Psikologia ikasketen hirugarren maila egitera joan zen Gerekiz Santiagora. Ez zuen herrialdea ezagutzen, eta ez da damutzen egindako hautuaz. Txiletarrak lotsa gutxikoak direla dio, zentzu onean.

Lotura: Berria

Zihara Jainaga Larrinaga. Urtebeterako joan zen, baina herrialdeko liskarrek lehenik eta munduko pandemiak orain, Txilen igaro beharreko egonaldia desitxuratu diote Naia Gerekiz (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1999) ikasleari. Ia bost hilabete daramatza unibertsitate egoitzatik ezin irtenda, eta, hala ere, «berebiziko esperientzia» izan dela dio. Egoera lasaitzean, aste batzuez atzeratu nahi luke sorterrirako buelta, eta, ahal dela, herrialdea gehiago ezagutu.

Zergatik aukeratu zenuen Txile?

Ez dakit. Latinoamerikak oro har bai, baina Txilek ez dit atentzioa eman inoiz. Gertuko jendea ezagutzen nuen hona ikasketak egitera etorritakoa, eta herrialdea gomendatu zidaten; hein handi batean horregatik eman nuen pausoa. Horrez gain, psikologia ikasketak hemen oso aurreratuta daude. Euskal Herrian baino garrantzi handiagoa ematen zaiela nabaritu dut.

Zer diferentzia ikusi duzu?

Gradua luzeagoa izateaz gain, hirugarren mailatik jada garrantzi handia ematen diote alde praktikoari. Lanbidea hurbilagotik ezagutu ahal izan dut hemen.

Hezkuntza sisteman alderik nabaritu duzu?

Ikusi dut unibertsitate pribatuek indar handia dutela eta publikoa baztertuta dagoela.

Zelako gizartea da?

Nahiko txiroa. Jendeak daraman bizimoduak eman dit atentzioa batez ere. Santiago hiriburuan bizi naiz, eta hemen dauden zenbait kale oso tristeak dira. Bizi baldintza oso gogorrak dituzte. Txiletarrak, baina, oso jende hurbila dira. Adibidez, farmazia batean bazaude, eta diruarekin edo dena delakoarekin desorientatuta ikusten bazaituzte, berehala laguntza eskaintzen dizute. Orokorrean oso jende ona da.

Eta paisaiak nolakoak dira?

Mendiak ikaragarriak dira. Nire lagun espainiarrek haluzinatu egiten zuten. Ederrak dira Andeak, bai, baina guk Euskal Herrian bertan ere baditugu antzeko mendiak. Bestalde, sumendi bat lehertzen ikusteko aukera izan genuen.

Joan den urte amaieran liskar handiak izan ziren Txilen. Zuzenean bizi izan zenituen.

Herrialde mailako halako protesta bat barrutik bizi izatea gustatu zait. Jendea benetan konturatu da zer bizi baldintza dituzten eta ez dituztela merezi. Lehertu egin zen Txile, eta indar handia zuela erakutsi zuen. Herritarrak borrokan murgilduta zeuden, eta guk, babesa erakutsi asmoz, manifestazioetan parte hartzen genuen.

Nolakoa zen egunerokoa?

[Sebastian] Piñera herrialdeko presidenteak etxean gelditzeko agindua zabaldu zuen, eta arratsaldetan edo gauez ezin ginen kalera atera. Hiru bat hilabete izan ziren egoera horretan. Jende zauritua ikusi dut, begia galduta, hankan bala batekin... Momentu batean ikasleen erresidentziaren aurka ere egiten zuten. Enpresa aberats bat delako jabea. Hala ere, egoera ez da komunikabideek erakutsi bezain larria izan.

Liskarretatik pandemia batera, eguneroko arruntik bizi izan al duzu?

Aspertu behintzat ez naiz egin. Baina pena ematen dit, bai: behin aukera edukiko halako esperientzia bat bizitzeko, eta logela barruan sartuta egon behar dut. Ez naiz ari gozatzen. Egun, birusa dela eta, kalera irten nahi badugu, baimen bat eskatu behar diogu Poliziari, eta astean bi aldiz, lau orduz atera gaitezke gehienez ere. Erosketak-eta egiteko ere baimena behar dugu.

Bizi izandako esperientzia berri horretatik zer daramazu?

Munduko toki desberdinetako jendea eta neure burua ezagutzeko aukera izan dut. Bizitzan lehen aldiz, etxetik milaka kilometrora eta bakarrik bizi naiz. Are gehiago, Gernika-Lumoren gisako herri batetik Txileko Santiago hiriburura igarotzea ez zen batere erraza izan.

Itzuliko zara Txilera?

Ez da urtebete ere igaroko berriz bueltan etorri arte. Denbora librea dudanean, bueltan etorriko naiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia