I. Mendia. Joxerramon Bengoetxeak, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiaren katedraduna eta International Master in Sociology of Law master ofizialeko zuzendariak, Helsinkiko Unibertsitateko honoris causa doktoretza jaso berri du. Honako merezimendua aitortu dio Helsinkiko Unibertsitateak: bere Scientific Advisory Board delakoaren kide izatea eta hango Zuzenbide Fakultatean eragin handia duen 'The Legal Reasoning of the European Court of Justice', liburuaren egilea izatea, berau bilakatu baita an early classic in the study of European law. Bengoetxea irakasleak 2005etik harreman handia izan du Helsinkiko Unibertsitatearekin.
2023a Helsinkiko Unibertsitateko 'jantzidura', promotio edo conferment urtea izan da. Promotio delakoa hiru eguneko ospakizuna da, mundu akademikoko ederrena, non doktorego graduak ospatzen diren, duela 50 urte tesia irakurri zuten doktoreen jubileoa ospatzen den eta Honoris Causa edo Ohorezko Doktoreei Unibertsitateko diploma eta ikurrak ematen zaizkien (kapela eta ezpata). Aurreko promotio-a 2017an egin zen Zuzenbide Fakultatean. 2023 urtekoa hamaikagarrena izan da: 3 doktore jubilaturekin (Kivivuori Zuzenbide Zibileko katedraduna, Hidén, Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta, in absentia, Kämäräinen, Justizia ministro izandakoa), sei ohorezko doktorerekin eta 2017 urtetik hona doktoratu diren berrogei doktorerekin. Beste ohorezko bost doktoreak ondokoak dira: Reijo Aarnio (Datuak Babesteko defendatzailea), Mads Bryde Andersen (Zuzenbide Pribatuko katedraduna Kopenhageko Unibertsitatean), Riita Leppiniemi (Abokatuen kontseiluburua), Jo Shaw (Edinburgheko Unibertsitatean Zuzenbideko dekanoa) eta Lauri Tarasti (Hautes batzordeko jurista nagusia, ministro mailarekin).