euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Josema Mendiola: “Dantzarekin egiten ari garen gauza batzuk egingo bagenitu euskararekin, ezer gabe geratuko ginateke” (dantzan.eus-en)

2026/11/27

Mutil koskorretatik du dantza barruan Josema Mendiolak (Goiatz, 1948). Goiazko erromeriatan hasi, Hernaniko Tilosetan jarraitu, Argia dantzari taldean sartu eta Añorgako dantza-maisu izan da urte luzez. Añorgako dantza taldearen 100. urteurrenean, auzoko taldeaz, bizimoduaz eta bere dantza ibilbideaz galdetu diogu. 

Lotura: dantzan.eus

Elkarrizketzatzaile: Amaiur Aristi Arregi

Umetatik Añorgan bizi izan zara, baina ez zara hemen jaioa ezta?
Zortzi urte inguru nituela etorri ginen Añorgara; Goiatzen (G) jaioa naiz. Nire gurasoek udaletxeko taberna zuten han, eta Añorgako taberna honetara etortzeko aukera sortu zitzaien. Hemen hamahiru urte inguru egin genituen tabernan lanean. 

Garai hartan, zer paper betetzen zuen tabernak?
1922an sortu zen kluba, lehen aldiz, eta 1933an aldaketa batzuk egin ziren, gaur egun ezagutzen dugun klubaren antzekoagoa izan arte. Orduan, Rezolako langileek hemen bazkaltzen zuten. Tabernak bazuen, beraz, bere funtzio hori, eta klubaren sorrerarekin batera, auzoko jardueraren gune bihurtu zen.

Añorga Rezolaren inguruan hazitako edo sortutako auzoa dela entzun izan dugu askotan. Zer izan du berezi auzoaren sorrera-prozesuak?
Euskal Herriko toki askotan gertatu da antzeko zerbait. Hasieran baserriak zeuden, eta, bat-batean, fabrika handi samarra etorri zen. Fabrika hazten hasi zen, langileak behar zituen, eta jendea etortzen hasi zen. Horren ondorioz, auzoak sortu ziren. Añorgaren sorrera ere, gutxi gorabehera, horrelakoa izan zen.

Rezolak auzoko kulturari ere bultzada handia eman zion. Ohikoa izan da enpresek horrelako laguntza ematea?
Nik uste dut baietz. Lehen enpresariek gauza asko egiten zituzten. Lasarten, Michelin-ek, esaterako, instalazio asko egin zituen. Hemen ere frontoia, kanpoko futbol-zelaia, bolatokia, zinema… Dirua sartu zen, eta gauzak egin zituzten. Kulturaren aldetik ere mugimendu handia zegoen. Elizan ehun pertsonako korala zegoen, eta antzerkia ere egiten zen, besteak beste. Denetarik zegoen. Auzoko jendeak ere egiten zuen lan, baina gauzak egiteko dirua ere behar zen.

1922an kluba sortu zenean, kirol-elkarte bat sortu zen, baina ez futbolagatik, ez pilotagatik, ez dantzagatik. Korrikalari oso onak zeuden hemen. Kros-lasterketetan aritzen ziren, eta beti lehenengo postuetan ibiltzen ziren. Orduan pentsatu zuten zergatik ez zuten klub bat sortuko. Korrikalari haietako bat Parisko Olinpiar Jokoetan ere izan zen. 

Dantza taldearen sorrera ere garai hartakoa da, ezta?
1926an. Hemen bazegoen kulturaren arloan mugitzen zen pertsona bat: Manuel Arizmendi. Seguru ez dakigu, baina, agian, bera hasi zen umeekin dantzan, txistularia baitzen. Hori ikusita, Rezolak edo klubak dantza-maisu bat ekartzea erabaki zuen. Pujana kontratatu zuten. Apirila edo maiatza inguruan etorri zen, Karmengo jaietarako, uztailean, zerbait prestatzeko. Orduko 500 pezeta eman zizkioten. Talde bat prestatu zuen, eta Gipuzkoako dantzak egin zituzten gehienbat.

Zer paper jokatuko zuen orduan dantza taldeak?
Esango nuke garrantzitsua izan zela. Garai hartako argazkiek ere erakusten dute. 1926an ez zegoen futbol-talderik hemen; enpresen arteko partidak egiten ziren, baina Añorgan ez. Frontoi txiki bat bazegoen, gaur egun museoa dagoen lekuan, eta pilotan ere aritzen ziren. Dantza zen auzoko mutil askoren jarduera. 1926an mutil asko sartu ziren dantza-taldean; argazkietan ikusten da talde polita osatzen zutela.

Mutilak bakarrik dantzan? Eta neskak?                                                     
Bai, hasieran mutilak bakarrik. Neskak 1932-1933 inguruan hasi ziren sartzen, Manuel Arizmendirekin. Errepertorioari dagokionez, gehienbat Gipuzkoako dantzak egiten zituzten. Mutilek Bizkaiko dantza batzuk ere egiten zituzten, baina neskek Gipuzkoako dantzak eta aurreskua egiten zituzten batez ere.

Eta zu, noiz hasi zinen dantzan? Zuri-beltzeko argazki bat ikusi dut, zu oso ume dantzan.  
Goiatzen ateratakoa da hori. Gustatzen zitzaidan dantzatzea, eta aitak ezpain-soinua jotzen zuen. Berak jotzen zuenean, ni ere hasten nintzen dantzan. Goiatzen erromeriak egiten ziren, baita jaietan ere. Trikitixa, fandangoa, arin-arin eta punto, besterik ez. Orduan, Añorgara etortzerako zerbait banekien. 

Gero, hemen, Argian hasi nintzen, hemeretzi urterekin, 1967an. Trinidadeko plazara joan nintzen ikuskizun bat ikustera, eta asko gustatu zitzaidan. Guk ezagutzen ez genituen dantza batzuk egin zituzten: Lesakako dantzak, mutil-dantzak, Oñatiko dantzak… Ikusi nituen, eta pentsatu nuen, nik hemen sartu behar dut. Abuztuan edo irailean izan zen, eta hurrengo astean joan nintzen Argia taldera.

Baina orduan Añorgan bazen dantza taldea eta zu bertan bizita ez zinen Añorgako taldean aritzen?
Entseguak eta ikusten nituen, baina inork ez zidan esan sartzeko, eta nik ere ez nuen ezer esan. Ez nuen inoiz dantzan egin taldean; begira egoten nintzen. Hamahiru urte egin nituen hemen, eta hemeretzi urterekin hasi nintzen Argian. Bitarte horretan pilotan aritzen nintzen. Hemen pilotan ibili nintzen, baina gero utzi egin nuen, beti eskuko minarekin ibiltzen nintzelako. Dantza, ordea, gustatzen zitzaidan. Hernanira joan eta Tilosetan txistua entzun, eta berehala sartzen nintzen dantzara. 

Hemeretzi urterekin Argian hasi zinen, beraz. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Ni sartu nintzenerako, [Juan Antonio] Urbeltz, Mikel Lizartza eta beste batzuk bazeuden taldean, eta Urbeltzek bazuen Argiak nondik joan behar zuen nahiko argi. Nire lehen urteetan, batez ere dantza egitea eta ikastea zen nire lana. Oso garai politak izan ziren, baina zailak ere bai, politikarekin ere bazegoelako saltsa. Bozketa kontuak eta gogoratzen ditut hasiera hartan, niri ere botoa emateko esaten zidaten, baina nik ez nuen inor ezagutzen. Ez nuen botorik eman, eta gero konturatu nintzen zer gertatzen zen. Baina, pixkanaka, hori ere joan zen, eta bakoitzak bere lana egiten zuen. Nik hogeita zazpi urte egin nituen taldean. Gauza asko gertatzen dira hainbeste urtetan, baina ni onarekin geratzen naiz. Oroitzapen oso onak ditut.

Hasierako urteetako lan garrantzitsuena herriz herri egindako landa-lana izan zen, ezta? Otsagabira buelta dezente egin zenituztela kontatu izan duzula esan didate. 
Nik beti esaten dut gutxienez zazpi urte eman genituela Otsagabian dantzak ikasten, dantzak atera aurretik. Urtero zerbait aldatzen zuten: batean gauza bat egiten zuten, hurrengoan beste bat, eta horrela ibiltzen ginen, filmatzen eta berriro filmatzen. Ez dakit zergatik, baina ez zizkiguten beraiek erakutsi nahi izan. Joan, ikusi, hemen erakutsi edo ikasi, eta berriro hara joaten ginen. Aldaketak egin, eta berriro filmatu. Pila bat aldiz joan ginen. Azkenean, atera genituen dantzak. Gaur egun, taldeek oso errez gauzak aldatzen dituzte, eta gu orduan azken punturaino joaten ginen, ahalik eta zehatzen ikasteko.

Beraz, zuen lan egiteko modua bertako dantzak jaso eta oholtzara eramatea zen, baina ahalik eta fidelen ezta? 
Dantza batzuetan, adibidez ttun-ttunean, ez dakigu jatorrizko koreografia zein zen. Esaten zuten zirkuluan egiten zela, plazan egiten zen dantza zelako. Baina guk, Izabako ttun-ttuna egiteko, bi ilaratan jarri genuen taldea, aurrera eta atzera. Dantza egiten den tokira egokitu behar izaten da batzuetan. Beste herri batzuetan ere badira aurrera eta atzera egiten diren dantzak, eta oholtza batean moldatu egin behar duzu. Horrelako aldaketak egin daitezke, baina pausoak ahalik eta gehien errespetatzen saiatzen ginen. 

Bidaiak ere ez ziren gaur egun bezain errazak izango. Otsagabia Donostiatik nahiko urruti dago.
Nik soldaduska bukatu eta berehala erosi nuen autoa, eta, beraz, nahiko erraz moldatzen ginen. Ni hasi baino bizpahiru urte lehenago joana zen hara Juan Antonio [Urbeltz] eta ikusi zuen nola egiten zuten eta zer nahi zuen jaso. 

Anekdota bat kontatuko dizut. Otsagabiko dantzak egiten genituenean, Bizkaiko zapak [txintxarriak] erabiltzen genituen, gorriak. Orduan pentsatu genuen: Zer egingo dugu? Hango zapak lortu behar ditugu, itxuraz behintzat berdinak izateko. Muskildako maiordomoarengana joan nintzen, eta esan nion Argiatik nentorrela, zapak nahi genituela, eta ea utziko zizkigun eredu moduan. Pare bat zapa eman zizkidan, baina baldintza batekin: hilabete baterako uzten zizkigun, eta handik aurrera aste bakoitzeko 5.000 pezeta ordaindu behar genituen. Sinatu egin nuen, eta azken astean joan nintzen itzultzera. Garai hartan 5.000 pezeta diru asko zen!

Durangaldeako dantzak ere ikasi zenituzten Alejandro Aldekoarekin, ezta?
Bai, baina ni sartu baino lehenago izan zen hori. Juan Antonio [Urbeltz]  eta Mikel Lizartza izan zirela uste dut. Gero ezagutu nuen Alejandro Aldekoa, dantza solteko txapelketa batean, txapelketetan ibiltzen nintzen orduan. Marianekin [Arregi] eta Juan Antoniorekin joan ginen hara, eta orduan ezagutu nuen.

Oker ez banago, Garderekin eta bertako ttun-ttunarekin ere baduzu lotura.
Bai, emaztea da Gardekoa. Aspalditik esaten nien hango jendeari pena zela halako dantza bat edukita ez egitea. Ez naiz gogoratzen ze urte zen, baina Gardera joan ginen Argia eta Benito [Lertxundi]. Argiak Benitorekin erlazio oso ona izan du beti. Gogoratzen naiz Gardeko alkatea ekarri nuela behin Kontxako estropadak ikustera. Benito harrapatzeko egun onena huraxe izaten zen, han Aquarium goian egoten zen beti. Ez zegoela dirurik esan genion, baina baiezkoa eman zigun. Eta gustura joan ginen Gardera, oso emanaldi polita atera zen.

Gero, haiek dantzak egin behar zituztela esaten hasi nintzaien Gardekoei, baina ez ziren animatzen. 2000. urte inguruan, Añorgako taldearekin joan nintzen hara emanaldi bat egitera. Larunbatean emanaldia egin genuen, eta igandean sei edo zazpi bikote geratu ziren. Haiekin ttun-ttuna egin genuen berriro, bakarrik igandean. Oraindik jarraitzen zuten egiten plazatik udaletxera, udaletxetik elizara, mezaren ondoren berriro jaitsi, eta luntxa. Eta nik hor sartu nuen ttun-ttuna. Orduan berriro esan nien: Hau zuek egin behar duzue. Azkenean berotu nituen eta 2001etik aurrera urtero egin izan dute.

Baina esan duzu bertan galdua zela eta Argiakoek erakutsi zenietela, baina Argiak nola ikasi zuen bertan galdua bazen?
Uztarrozeko emakume batekin eta Izabako beste batekin aritu ziren Juan Antonio [Urbeltz], Mikel Lizartza eta Marian [Arregi]. Emakume haiek esandakoarekin muntatu zuten dantza, gutxi gorabehera. Gero, Izaban egiten zutena ikusita, pausoetan ezberdinak dira, baina koreografia ez. Garden egiten da guk Argian egiten genuen bezala. Juan Antoniok Iruñera bidali ninduen, Maxi Aranbururengana. Nik banekien nola egiten genuen guk, eta Maxi Aranbururen etxean dantza egin nuen. Aldaketa batzuk proposatu zizkidan, eta hona [Donostiara] etorri ginenean aldaketa horiek egin genituen. Eta hori da orain hemen egiten dena eta Garden orain egiten dena. 

Han gauza batzuk falta dira; adibidez, kaskainetak. Guk kaskainetekin egiten genuen, eta haiek ez. Pare bat aldiz saiatu nintzen erakusten, baina ez zegoen modurik, eta azkenean horrela uztea erabaki nuen. Ez dira dantzariak, baina txukun egiten dute, urtean bizpahiru aldiz entseatzen dute. Orain Oier semeak egiten du lan hori. Nik alde batera utzi dut, gazte jendea dagoelako eta Oierrekin nirekin baino hobeto ibiliko direla uste dudalako.  

Hasierako urteetako Argiaren ikuskizunetako antolakuntza handia behar izaten zen, ezta?
Bai, batez ere Zortzikorekin hasi ginenean. Jende asko zegoen, material asko behar zen, eta kamioi bat ere erabiltzen genuen. Hemen kamioia zuen pertsona bat bilatu nuen, eta prest zegoen gurekin etortzeko. Pentsa, hiru autobus betetzen genituen. 150 dantzari eta musikari baino gehiago joaten ginen, eta beste batzuk ere bai, agian aurretik autoz joanda. Guztira, 200 lagun inguru izango ginen. Eta hori ez zen dena. Frontoi batean eszenatokia jarri behar zen, argiak, gortinak… Mundu bat zen.

Umetan Añorgako dantza taldean ez zinela aritu zenion, baina gerora bai. Azkenean, nola hasi zinen?
Añorgako taldean hasi nintzenean, Juanma Oronoz zen irakaslea, Goizaldikoa. Berak utzi egin zuen, eta ni hasi nintzen. Urte pare bat edo nenbilen ni Argian. Orduan, Argiatik jendea ekartzea pentsatu nuen, ni baino helduagoak zirenak. Lehenengo Jose Luis Salsamendi etorri zen, eta gero Xabier Egaña. Biak aritu ziren urtebete inguruz, eta gero ni hasi nintzen. Lau bat urtez aritu nintzen lehenengo aldian. Alaba arazoekin jaio zen, eta utzi egin nuen, berarekin denbora gehiago egoteko.

Handik lau edo bost urtera, Oier semea ekarri nuen dantza egitera, eta haren lagun bat ere bai, Mikel Soroa. Orduan Sara Azkarate ari zen Añorgako taldeari erakusten. Berak esan zidan ea nik hartuko nuen ardura, eta azkenean sartu egin nintzen.

Irakasle hasi zinenean, zer errepertorio lantzen zenuten? 
Nik Argian ikasitako dantzak erakutsi nituen hemen: ingurutxoak, Lesakako dantzak, Oñatikoak... Horiek denak erakutsi nituen.

Urte asko pasa dira, eta taldeak bilakaera izango zuen. Nola gogoratzen duzu taldearen garai hura?
Talde guztiek izaten dituzte gorabeherak, baina nik gogoratzen dudana da zortzi, bederatzi, hamar edo hamaika urteko umeekin osatutako talde oso polita genuela. Mikel Pontesta zenak esaten zidan: “Joxema, nik ez diat ikusi adin horrekin hik eduki huan taldea bezalakorik”.

Dantzari onak bazeuden, baina, batez ere, talde bezala oso ondo egiten zuten dantza. Nik hori asko azpimarratu dut. Bizkaiko zortziko bat egiten ari zarenean, ez du bakoitzak nahi duena egin behar. Bakarka ari zarenean, nahi duzuna egin dezakezu; baina taldean ari zarenean, batzuek pixka bat jaitsi behar dute, besteek gehiago eman dezaten, denek batera dantzatzeko.

Ni horrelakoa izan naiz beti. Oso puritanoa izan naiz, ikasi dudana horixe izan delako. Gauzak jakinda egin behar dira. Orain gauzak aldatu egin dira, eta aldaketetara egokitu behar dugu, bestela agian pikutara joango da dena. Bi egoerak konparatuta, bat aukeratzekotan, nahiago jarraitu. Eta orain Añorgan dagoen taldea... buf... oso ona da. Azkenengo aldiz Victoria Eugenian ikusi nituen eta erdi negarrez atera nintzen. [Eta gogoratzean berriz hunkitu da]

Talde izaera aipatu duzu. Zer transmititu nahi izan duzu dantza-irakasle izan zaren urte hauetan?
Azken finean, ni Urbeltzen lanaren adar bat naiz. Arbasoek egindakoa mantentzea izan da beti haren eta nire helburua. Gero, Argiak Zortziko ikuskizunarekin eta beste era batera jokatu zuten, baina beti jakinda zer egiten ari ziren.

Orain gauza batzuk egiten dira, nire iritziz, jakin gabe zer egiten ari diren. Pentsa ezazu euskararekin egitea dantzarekin batzuk egiten ari direna. Dantzarekin egiten ari garen gauza batzuk egingo bagenitu euskararekin, ezer gabe geratuko ginateke.

Ezagutza aipatzen duzu: jakitea zertan ari garen. Duela urte batzuk Ahotsak.eus-en egin zizuten elkarrizketan ere aipatzen zenituen duela hirurogei edo laurogei urteko argazkiak. Horietan, dantza-estilo bat ikusten zela zenion, eta garrantzitsua iruditzen zaizula hori mantentzea. Zer ikusten duzu argazki horietan?
Adibide bat jarriko dizut. Sentzilloa, orain behean egiten da. Hemen Añorgan, ni baino bizpahiru urte zaharragoak diren batzuek sentzilloa goitik egiten zuten. Orain goitik egiten dena, beraiek behean egiten zuten. 

Kontrara, ezta?
Hori da. Orduan, ikusten da noiz aldatu zen dantza egiteko modu hori Añorgan. Oronozek aldatu zuen, bere taldean. Gauzak aldatu egiten dira, eta nik neuk ere ez nuen agian aurrekoek bezala egiten. Behetik egiten nuen, eta gero hanka altxa. Hori izango litzateke adibide bat.

Eta gero guk dantza pila bat ikasi genuen. Juan Antonio bi urtetik behin jaialdi berri bat egiten ibiltzen zen: lehenengo Gipuzkoako zikloa egin zen, gero Nafarroakoa, gero Zuberoakoa… Dantza asko ikasteko aukera izan genuen, eta oso polita zen herriz herri joatea eta ikastea. Azken aldiz Aitor Zamalloarengana joan nintzen ikastera, Galdakaon, Arratia. Asko gustatu zitzaidan, eta gero Argian neuk erakutsi nuen.

Añorgara bueltatuta, gaur egun Karmengo eguneko emanaldia eta abuztuaren 15eko Donostiakoa dira taldearen hitzordu garrantzitsuetako batzuk. Zein ziren zuen garaiko hitzordu garrantzitsuenak?
Inportantea karmenetakoa zen. Orduan Zaharren Egunean egiten genuen, oso garrantzitsua zen. Emanaldi potentea egiten genuen. Gero, Gari Otamendik bultzatu zuen brokel-zikloa eta horixe da garrantzitsua orain. Maiatzean ere beste emanaldi bat egiten dute Euskal Herriko dantzekin eta. Nik oso ondo ikusten dut gaur egungo taldea. Teknikaren aldetik, gure garaian baino askoz hobeto egiten dute dantza. Ea horrela jarraitzen duten.              

Dantzaz gain,  Gorga argazki-artxiboaren arduradun ere izan zara. Nola sartu zinen proiektuan?
Familia bat zegoen hemen, Ganuzatarrak, eta altxor bat zeukaten: bost mila argazki inguru, negatiboetan eta kristaletan. Gu klubean sartu ginenean, ni haien atzetik ibili nintzen, altxor hori galdu egingo zelakoan. Familia zahartzen ari zen, eta material hura galdu zitekeen. Bilera bat egin genuen, eta gure asmoa azaldu genien. Azkenean Andoni Aiestarani, beraien auzoari, eman zioten dena. Baimena eman ziguten, eta 2009an hasi ginen. Ordenagailu txiki batekin eta eskaner batekin hasi ginen argazkiak eskaneatzen eta eskaneatzen eta fitxetan antolatzen. Gero, etxe guztietan egoten diren zapata-kaxetako argazkiak ekartzen hasi ziren. Eta gaur egun 42.000 argazki inguru dauzkagu.

Zer kontatzen dute argazki horiek?
Oi... gauza asko. Historia pixka bat erakusten dute: nolakoak ziren gauzak, nolakoa zen bizimodua… Batzuetan, argazki batean bikote bat ikusten duzu, eta pentsatzen hasten zara zergatik agertzen diren elkarrekin, zer harreman izango zuten, zergatik ibiltzen ziren horrela. Galdera asko sortzen dira. Argazkiek buelta asko emateko aukera ematen dute. Ikusten duzuna ez da beti nahikoa; atzean istorio bat dago. Horregatik iruditzen zait hain polita argazkiak gordetzea.

Dantza irudiak ere izango dituzue ba?
Bai, bai, baditugu Super-8an ateratako irudiak ere. Badakizu Rezola hemengo kulturan eta nola sartzen zen. Ikusi zuen dantza talde oso polita zegoela momentu hartan, 1940ko hamarkadan. Estatu Batuetatik ekarri zuten filmatzeko tresna, eta kanpoko futbol-zelaian egindako emanaldi bat grabatuta dago. 

Zure bizitzaren zati handi bat Añorgako dantzari eta kulturari eman diozu. Zure ustez, zer eman duzu eta zer jaso duzu?
Nik gustuko nuelako egin dut, eta oso gustura aritu naiz. Niri asko eman dit. Omenaldia ere egin zidaten, errekonozimendu moduan, aspaldi egin zidaten, 1993 inguruan. Baina, batez ere, auzoan jende asko prest dago gauzak egiteko. Hemen gauza pila bat egin ditugu, eta jendea etorri egiten da laguntzera. Auzoa da, denok ezagutzen dugu elkar, eta badakigu norengana jo. Gazte jendea ere gu izan ginen bezalakoa da. Gazteak beti izan dira horrelakoak. Batzuk ez dira etorriko, kritikatu besterik ez dute egingo, baina jende asko dago laguntzeko prest. Oso ondo ikusten dut etorkizuna, egia esan. Klubean bertan ere badago jende gaztea, berrogeita hamar urtetik beherakoa, eta ikusi behar da nola funtzionatzen duen.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia