euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren arrastoan, elkartasun gunea osatu dute, herritarren kontzientzia astintzeko (Berrian)

2015/09/05

Areeta (Getxo, Bizkaia) folkaren hiriburu bihurtu da egunotan, eta jendearen hara-honakoa etengabea da Geltokia plazan. Karpa zuri handi batek hodei ilunen mehatxutik babesten du agertoki nagusia, doinu dantzagarrien gosez iritsiko diren ehunka lagunei estalpe emateko. Hogei bat pauso atzerago, baina, urrutiko herrialdeetako doinu leun eta lurrinen artean, munduko eskulanen azokak mantsotzen du jendearen ibilera, eta begiraden arreta bereganatzea lortzen.

Lotura: Berria

Ander Gartzia Badiola. Umeen atzamar egongaitzak forma, kolore eta metal askotariko eraztun, kate, belarritako eta urkiletara doaz, etsi-etsian. Salneurriak entzuten dira noizbehinka. «Hogei euro. Pakistanen egina da». Zaila da lurrin poto txikien usaina bereiztea, ondoko postuetako larruzko poltsen eta intsentsuaren usainarekin nahasten baita. Metro gutxira, Ghanan egindako soineko laranja bat du esku artean Kontxi Uriguenek. «Bidezkoa» jarri dio prezioari. «Bidezko merkataritzaren filosofiarekin egiten dugu lan. Indiako, Ghanako, Vietnamgo eta Nepalgo produktuak ditugu hemen, besteak beste. Bermatu egiten dugu produktuok ekoitzi dituztenek lan baldintza duinetan egiten dutela lan». Irabaziekin zenbait proiektu bultzatzen dituzte. Tartean, mahaiaren paretan irakur daitekeen Educo.org.

Xedea, sentsibilizazioa

Azken postu hori, eskulanen azokatik metro batzuk alborago dago, beste zazpi posturekin batera. Elkartasun gunea osatzen dute. Tartean daude Munduko Medikuak, Amnesty International, Lagunartean, Euskal Herriko mundu martxa eta AEK.

Marijo Idigoras getxoztarra irrikaz dago jendeari Perualde gobernuz kanpoko erakundearen berri emateko. Perun egindako eskulanak erakusten ari zaizkio bezero bati. Bitartean, Idigorasen iloba txikiak, hamaika urteko neskatoak, zenbait eskuorri sartu ditu erosketa poltsan. «Garrantzitsuena ez da postu honetan saltzen duguna. Xedea da gure asmoa hedatzea, Perualderen berri ematea».

Halere, lortutako diruarekin, Peruko haurren eta emakumeen aldeko proiektuak bultzatzen dituzte, bereziki hezkuntzari eta enpleguari lotutako arloetan. Laguntza hori Bilboko itsasadarraren beste aldera ere iristen da; Sestaora, hain zuzen. Han, otorduak prestatzen dizkiete pobreziaren eraginez desnutrizio egoeran dauden haurrei

Idigoras pozik dago orain arte herritarrek agertutako prestasunarekin: «Ostegunean zabaldu genituen postuak, eta jende asko etorri da galdezka. Estrella Morente ikustera etorritako hainbat lagun bildu zen».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia