Maite Ubiria Beaumont. Imanol Pradalesek Frantziako Senatuan hitza hartu du Regions de France sareak bere 10. urtemuga ospatzeko antolaturiko ekitaldi instituzional batean, gaur, apirilaren 2an. Lehen aldia da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehendakaria Frantziako legebiltzarrean mintzatu dela. Ekitaldira bertaratu diren ordezkariei frantsesez agur ttipi bat eskaini ondotik, euskaraz osatu du bere hitzaldia lehendakariak.
Euskararen lurraldea zazpi herrialdek osatzen dutela oharra egin ondotik, «ohore handia da niretzat frantziar Senatuan zuek guztiekin euskaraz egitea, frantziar Konstituzioak berak esaten duen bezala, euskara Frantziako ondarea ere delako», adierazi du. Europa mailan euskararen aitortza ofiziala lortzeko abian den lana izan du ondoren aipagai. Ildo beretik, euskara Europako ondarea ere badela oroitarazi eta, «Frantziak emandako babesa» eskertu du agintariak. Haatik, frantziar Estatuak ez du hizkuntz gutituen eskubideak babesteko xarta izenpetu eta euskarak ez du neholako aitortza ofizialik Ipar Euskal Herrian.
Handik aitzina, Regions de France elkarteko presidentea, Carole Delga, eta, Gerard Lacher, frantziar Senatuko presidentea bera gomitatzaile lanetan izan dituen hitzaldian Pradalesek autogobernua izan du ardatz nagusia.
EAEk «eskumen maila altua duela Frantziako lurraldearekin konparatuta» azaldu du, garrantzia berezia emanez bere ogasuna izateari. Bestalde, behin baino gehiagotan nabarmendu duenez, «autogobernu politikoa edukitzeko, autonomia ekonomiko eta finantzieroa ezinbestekoa da».
Europako ereduari eta, bereziki, eskualdeen arteko lankidetzari so eginez, arku atlantikoa gorpuzteko azken hilabeteotan eman dire urratsak goraipatu ditu. Horren kari, ohikoa duenez, «Euskal Y» delakoari Hendaiatik segida emateko AHT berria eraikitzeko egitasmoari aipamen egin dio. Zehazki, Bordele eta Tolosaren (Okzitania) arteko tren lerroa, Akizen gaindi, Hendaiaraino eramateko egitasmoaren defentsa egin du lehendakariak.
Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



