euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zeozer onik ere behar zuen ekarri: Pandemiak herrialde osora zabaldu du Mexikon euskara ikasteko aukera

2021/02/22

Mexikoko Euskal Etxeko euskara klaseak joan den asteazkenean hasi ziren eta online Errepublika osora hel daitezke
Mexikoko Euskal Etxeko euskara klaseak joan den asteazkenean hasi ziren eta online Errepublika osora hel daitezke

PUBLIZITATEA

Mexiko Hiria, Mexiko. Bizi dugun pandemiak ekarri duen hondamendia nabarmena izan arren, gaitzak utzi du baita bestelako albisterik ere. Mexikon, esaterako, euskara ikasteko aukera eman die herrialdean bizi diren guztiei. Izan ere, semaforoa gorrian egon den bitartean, itxita egon da Euskal Etxea eta horrek ikasgela utzi eta bide berri eta berritzaileak jorratzera behartu ditu bertako euskara arduradunak: Euskara online, bai, baina zuzenean, aurrez aurre.

Euskal Etxearen asmoak arrakasta izan du. Ikastaroa iragarri zen egunean bertan osatu eta itxi zen hamabi ikasleko taldea. Ikasle gehienak, gainera, Mexiko Hiritik kanpo bizi dira, Tolucan, Cuernavacan edo Queretaron, esaterako. “Lehenago ikastaroak iragartzen genituen guztietan jasotzen genituen kexak eta arrangurak, eta gurean noizko?”, gogoratu du Gurutzne Etxeberria Euskal Etxeko euskara irakasleak.

Etxeberriak berak kezkaz eta beldurrez eutsi zien online bideko klaseei, aitortu duen bezala “edozein hizkuntza ikasteko aurrez-aurreko gertutasuna bezalakorik ez baitago”. Klaseak pasa den asteazkenean hasi ditu eta, aipatu kezkak bezperako loa zapuztu bazion ere, pozik dago jasotako eskarmentuarekin.

Mexiko Hiriak semaforo laranja hartu duen honetan, berriro itzuliko dira lehenagoko ikasleak Euskal Etxeko ikasgelara, baina alegiazko gela astero piztuko da Etxeberriaren ordenagailuan. Ez hori bakarrik, ekimenak izan duen arrakastua ikusita, bigarren talde bat osatzeko aukera aztertzen ari dira Euskal Etxeko euskara arduradunak.

Euskara klaseen informazio gehiago eskuratzeko, idatzi lasai asko hona: gurutzne1@hotmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia