euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Askatasun haizeak': Santurtzitik Mexikora belaontzian ihes egin zuten 9 euskaldunen abentura

2010/11/30

'Vientos de libertad' liburuaren azala
'Vientos de libertad' liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Mexikoko Jus argitaletxeak 'Vientos de Libertad' (Askatasun Haizeak) eleberria plazaratu du egunotan. Lorea Palacios Urquiola da liburuaren egilea eta bertan bere aitonaren eta beste zortzi lagunen abentura dakarkigu: 1950ean belaontzi bat hartu eta Santurtzitik Mexikorainoko bidaia egin zuten, Francoren diktaduratik ihesi. Ia ehun egun behar izan zituzten bidaia egiteko, motorra birritan hondatuta eta olatu eta barealdien aurka borrokan, baina azkenean Mexikora heldu ziren, "leher eginda, baina aske".

Mexiko Hiria, Mexiko. 1950eko uztailaren 16ean belaontzi bat Karmengo Ama Birjinaren itsas prozesioaren artean ezkutatu eta Santurtziko portutik Ameriketarako bidean ihesi abiatu zen. Francoren diktaduraren mende bizitzeari utzi eta Atlantikoko bidaia arriskutsuan lepoa jokatzea erabaki zuten bederatzi lagunek. Ia 100 egun egin zituzten itsasoan, baina Mexikora heldu eta herrialde honetan bizi berri bati ekin ahal izan zioten. Lorea Palacios Urquiolak, bidaiari horietako baten bilobak, 55 urte beranduago deskubritu zuen aitonaren balentria eta istorioa gal ez zedin eginahalak egitea erabaki zuen. 

"Familiako bideoak DVDra pasatzen ari nintzen eta bidaiari buruzko elkarrizketa bat aurkitu nuen. Nik banekien zerbait abentura honi buruz, nire aitona bidaiarietako bat izan zelako, baina txikitan ez nuen beraien adorea eta balentria ulertzeko adina heldutasunik", aitortzen dio EuskalKultura.com-i Palacios-ek. "Odisea hau berriz ere entzutea, gainera uztailaren 16 batean, baina 55 urte beranduago, oso berezia izan zen eta horrek eleberria idatzi eta istorioa ezagutzera emateko motibatu ninduen".

Egunkarietan zalaparta

Abenturak oihartzun zabala izan zuen garaiko egunkarietan eta Loreak berak aipatzen duenez, 1998an Koldo San Sebastian kazetari eta Diasporan adituak ere aditzera eman zuen. Palaciosek istorioa bere Kazetaritza ikasketen tesiaren oinarri egin zuen eta Cum Laude kalifikazioa jaso zuen.

2006. urtean eleberria Andres de Irujo sarietan finalista izan zen eta 2007. urtean Euskal Herrian argitaratu zuten, 'Euskaldunak Munduan – Vascos en el Mundo' bildumaren barruan. "2008an liburuaren eskubideak bueltatu zizkidaten eta Jus argitaletxe mexikarrak eleberria plazaratzea erabaki zuen", azaltzen du egileak.

Itsasoan galduak ala abenturazaleak

Abentura honetan partaide izan ziren Agustin Palacios Lopategi, Jose Martin Barinagarrementeria Eguskiagirre, Luis eta Manolo Algorri Villanueva, Gregorio Solano Ahedo, Felix San Mames Loizaga, Ismael Martín del Río eta Ramon eta Jose Luis Bilbatua Madariaga. Montserrat belaontzian atera eta Canariar Irletaraino arazorik gabe heldu ziren, baina han motorra erre egin zitzaien. Belak jarri eta 25 eguneko bidaia egin zuten, batzuetan olatuekin borrokan eta bestetan barealdietan ez atzera ez aurrera geldituta.

Ontziak Tubago irlan egin zuen lehen eskala. Irla base ingelesa zen eta Algorri kapitainak gorriak eta bi pasa zituen ingelesei abentura bila itsasoratu ziren turistak zirela sinistarazteko. Motorra konpondu eta Jamaikaraino heldu ziren bigarren etapa batean. Jamaikan motorra berriz ere hondatu eta egun batzuk bertan igaro behar izan zituzten. Berriz itsasoratu eta, hainbat abenturen buruan --Kaiman Handia irlaren parean ondar banku batean hondoa jo zuen ontziak-- azkenik Veracruzera heldu ziren.

Mexikon lehorreratu zirenean agintariek dokumentazio eskatu zietenean zera erantzun zieten euskaldunek: 'Dokumentazioa? Hain azkar atera ginen ahaztu egin zitzaigula!'. Azkenean, baina, egoera konpondu eta asilo politikoa lortu zuten. 

Antzezlana eta luzemetraia agian

Agustin Palaciosek Mexikon gelditzea erabaki zuen eta bertan ezagutu zuen emaztea, gipuzkoarren ondorengoa. "Bere ohiturak gorde zituzten beti eta euskal kulturarekiko maitasuna eta errespetua irakatsi zieten nire gurasoei, eta gurasoek neuri", gogoratzen du Loreak. "Aiton-amonak beti izan ziren Mexikoko Euskal Etxeko kide, eta gurasoak lehendakari ere izan ziren. Neure anaiak eta nik ohiturarekin jarraitzen dugu eta Mexikoko gazteak biltzen saiatzen gara bertan, urtean bi edo hiru aldiz gutxienez".

Eleberriaren argitalpen berri hau familiaren sustraiak gordetzeko ahalegin horretan beste pauso bat da. Horrez gain Lorea Palacios bere bigarren eleberria idazten ari da jada, eta liburua "Euskal Herrian leku bila ari da", dio berak. Badu Loreak beste berri onik ere: datorren urtean 'Vientos de Libertad' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko da eta luzemetraia bat egiteko proiektua ere ba omen dago.

(Egilearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi e-maila loreapu@hotmail.com helbidera)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia