euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedmako Euskal Etxea izango da asteburu honetan Patagoniako Euskal Etxeen 4. Topaketaren egoitza

2017/09/27

Patagoniako Euskal Etxeen 4. Topaketaren kartela
Patagoniako Euskal Etxeen 4. Topaketaren kartela

PUBLIZITATEA

Ostiralean hasiko dira iristen Viedmara eskualdeko euskal elkarteetako ordezkariak. Topaketako aktibitate nagusiak, berriz, larunbatean izango dira, goizeko bederatzietatik biharamuneko ordu txikiak arte. Orain arte baieztatu dute euren partaidetza Comodoro Rivadavia, Neuquen-Cipolletti (Baskos de la Confluencia), Rio Colorado, Puerto Madryn eta San Martin de los Andes hirietako euskal etxeek. Topaketarekin batera Euskal Zine Zikloaren emanaldi berri bat ere eskainiko ere Viedmako Aberri Etxea Euskal Etxeak, bertaratu nahi duten guztientzat.

Viedma, Argentina. Patagonia argentinarreko euskal etxeen artean iaz sortutako elkartasuna sendoagotzen doa: datorren asteburu honetan, dena prest dago laugarren topaketa egiteko eta eskualdeko elkarteetako ordezkaritza nabari batekin gainera: sei euskal etxek baieztatu dute partaidetza. Taldearen oinarrietan dagoen deszentralizazio ideiei eutsiz –biltzeko lekua txandakakoa izango dela erabaki zuten topaketak hasi zirenean– Viedma eta Carmen de Patagones euskal kolektibitatea batzen duen Aberri Etxea izango da 4. Topaketa honen egoitza.

Viedma eta Carmen de Patagoneseko Aberri Etxea elkarteak astebururako prestatu duen programa irailaren 29an, ostiralean, hasiko da, Zine Zikloaren emanaldi batekin. Hautatutako izenburuaBorja Cobeagaren El guardian invisible da eta iluntzeko 7:30etan proiektatuko da, Patagonesko Kultur Etxean (Mitre kaleko 27. zenbakian), sarrera libre eta doan.

Topaketaren jarduera nagusiak larunbatean gauzatuko dira. Patagoniako euskal etxeetako ordezkarien bilera goizeko 9etan hasi eta eguerdira arte luzatuko da. Eguerdiko ordu batean bazkaria eskainiko zaie bisitariei eta arratsaldeko 3etan bueltatuko dira berriro ere lan mahaira zazpiak arte, aukera izanez euskal etxeetako bakoitzean garatzen diren kultur proposamenen arduradunei entzuteko, eta eskarmentuak elkarrekin banatzeko.

Zazpietan, Topaketari amaiera emateko, Aurreskua dantzatuko dute Viedmako dantzariek eta ohorezko ardo bat zerbitzatuko da. Gaueko 10etatik aurrera agurrera afaria zerbitzatuko da, euskal menuaz –piperrada eta txistorra, bildotsa txilindron erara eta goxua–, eta besteak beste zozketak, abestiak eta euskal dantzak bilduko dituen programa bati ekingo zaio. Bertan parte hartzeko txartelak aldez aurretik erreserbatu behar dira centrovascoviedmapatagones@gmail.com helbidean edo Centro Vasco Viedma-Patagones izenpeko Facebook kontuan.

Aberri Etxea euskal etxe antolatzailetik adierazi diote EuskalKultura.com-i espektatiba handiak daukatela. "Aberri Etxea-ko kideok poztasun handiz ari gara Topaketa antolatzen, ahalik eta eragikorren eta goi mailakoen atera dadin. Helburuak, bilera hauekin hasi ginenean ezarrirako berberak dira: elkarren arteko loturak sendotzea eta lankidetza bultzatzea”, esan dute, indarrak metatu eta eskarmentuak partekatzearen garrantzia azpimarraturik.

Zine Zikloa

Topaketaren bezperan egingo da Zine Zikloaren iraileko lehenengo emanaldia eta Borja Cobeagaren No controles luzemetraia da hautatutako izenburua. Hitzordua, bihar osteguna, 20etan, Euskal Etxearen egoitzan, Alberdi kaleko 169.ean. Ekintza berean Cristian Castillo zuzendari duen Viedmako Euskal Etxeko ‘Abestu’ abesbatzak urtero lehenengo kontzertua eskainiko du.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia